Euskara Ipar Euskal Herrian. Irakaskuntza

ESKOLA ZAKUAN EUSKARA GUTXI

Euskarazko irakaskuntza jasotzen duten Ipar Euskal Herriko ikasleak urtez urte gehiago badira ere, EEP sortu eta hamabost urtera kopuruak urriak dira oraindik. Hizkuntzaren arloan diharduten eragileek uste dute zinezko sail elebidun bat egituratu behar dela, eta indar gehiago eskatu.

ESKOLA ZAKUAN EUSKARA GUTXI.
Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre
Baiona
2019ko abenduaren 22a
00:00
Entzun

Kezka sortzen du zenbakiak. Aurtengo ikasturtean Ipar Euskal Herrian eskolatuak diren ikasleen hiru laurdenek eredu elebakarrean ikasiko dute. Ez dute euskararekin batere edo kasik harremanik izanen. EEP Euskararen Erakunde Publikoak eman zituen datuak joan den astean, erakunde publiko hori sortu denetik gaur arte euskarazko irakaskuntzak izan duen bilakaera erakusteko. Hizkuntza politika publikoa abiatu denetik eragin duen eremuetan izan dituen emaitzak aztertzeko aukera eskaintzen dute datuek, baita etorkizunari begira indartu beharrekoaz gogoetatzeko ere.

%73 hori «argazki» bat da, Mathieu Berge EEPko lehendakari ohiaren iritzian. «Horrek ez du erran nahi orain arte ez dutenik euskarazko irakaskuntzarik jaso. Hala ere, ez da aski». Paul Bilbao Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluko idazkari nagusiaren hitzetan, «eskandalua da jakitea zure komunitatean %73k ez dutela harremanik euskararekin». Azken urteetan izandako hobekuntzak ez ditu ukatu, baina abisua eman du: «Erritmo honetan, zenbat urte beharko ditugu zenbaki duinetara iristeko?».

2004tik gaur arteko bilakaerari so eginez gero, euskarazko irakaskuntzan maila guzietako kopuruak emendatu dira. Ama eskoletan, %69,6tik %53,2ra apaldu da eredu elebakarrean diren ikasleen kopurua; bost ikasletik batek baino gehiagok ikasten du euskara hutsean. Lehen mailan ere hobetu dira datuak: %78,7tik %63,2ra apaldu da elebakarrean direnen kopurua; hamar ikasletik batek ikasten du euskara hutsean. Bi mailetan, elebidunekoak emendatu dira. Bigarren hezkuntzak sortzen du arazo gehien: kolegiora sartzean, anitzek uzten dute oraindik sail elebiduna, eta, lizeoko sail teknologiko eta profesionaletan elebidunean ikasteko kasik aukerarik ez dagoenez, euskaraz ikasten dutenen kopuruak biziki apalak dira.

EEP sortu denetik, hamabi ikastola berri ireki dira Ipar Euskal Herrian; 32 dira gaur egun —horien artean, lau kolegio eta lizeo bat—. Ikasle kopurua kasik bikoiztu da. Baina eskola publikoko eta pribatu giristinoko sail elebidunean eragin du gehien hizkuntza politika publikoak. 2004an, Ipar Euskal Herriko 108 eskolatan eskaintzen zuten euskarazko irakaskuntza; gainerako 147ak elebakarrak ziren. Azken hamabost urteotan, erabat irauli da panorama: aurtengo ikasturtean 158 eskolatan proposatu dute euskarazko irakaskuntza; 75 baizik ez dira elebakarrak. Ikasleen kopuruak ere emendatu dira elebidunean. Ahul gelditzen da oraindik, Marie Andree Ouret Biga Bai guraso elkarteko presidentearen iritziz: «Eskaintza badelarik ere, jendea ez doa trumilka».

1983an ireki zen lehen sail elebiduna, Sarako (Lapurdi) eskola publikoan. Ordurako, astean hiru orenez euskara irakasten hasiak ziren zenbait eskolatan. Aitzineko urtean eman zuen horretarako aukera Frantziako Gobernuaren Savary zirkularrak. 1986an, Ikas Bi elkartea sortu zuten guraso eta irakasle batzuek, eskola publikoko irakaskuntza elebiduna bultzatzeko helburuarekin. Josian Libier 1990eko hamarkadaren hasieran batu zen elkartera. «Angeluko (Lapurdi) eskola publikoan guraso nintzen, eta nahi nuen nire haurrentzat klase elebiduna irekitzea». Ikas Bi elkartea ezagutu zuen, eta, harekin batera, Angelun klase bat irekitzeko bultzada eman zuten. Angelun ez zen klase elebidunik kolegioan; Miarritzen irekitzea lortu zuten. Eta hortik aitzina, Cassin lizeoan. Denbora eta energia anitz eskatzen ziela gogoan du Libierek: hasieran, eskolako zuzendariekin negoziatzen zuten sail elebiduna irekitzeko. Hortik aitzina, herriko etxeari baimena eskatu behar izaten zioten gurasoekin bilkura bat egiteko. Ondoren, proiektua aurkeztu behar zieten, eta eskola kontseiluan bozkatzen zuten. EEPk nolazpaiteko ofizialtasuna eman ziela erran du Libierek. «Lotura zuzena dute herriko etxe eta hezkunde nazionalarekin». Ordu arte gurasoek hartzen zuten lana EEPko teknikariak beren gain hartzen hasi ziren.

Baina Ikas Biren barnean desadostasunak ere izan zituzten. «Guk lan egin nahi genuen Seaska eta Euskal Haziak elkarteekin —udaleku proiektuak elkarrekin egiteko, adibidez—. Nik Konfederazioan ere parte hartzen nuen. Hori zen gure helburua. Ikas Birekin desadostasuna genuen horretan». Desadostasuna zatiketaraino iritsi zen, eta, beste guraso batzuekin batera, Biga Bai elkartea sortu zuten, 2003an. Gerora, Hiru Sareta dinamika sortu zuten, Ixabel Xarriton garaiko Seaskako presidentearekin batera —gaur egun, Seaska, Biga Bai eta Euskal Haziak elkarteak batzen ditu—. «Guretzat, Seaska eta pribatua ez dira sekula konkurrentzia bat izan, nahiz eta beste batzuek hala ikusten zituzten. Elkarlana sustatzen entseatu ginen, eta gaur egun oraindik segitzen du». Akademia ikuskaritzatik ere elkarren kontra ematen entseatu izan direla kontatu du. «Erraten ziguten ezin zutela sail elebidun berri bat ireki, Seaskari irakasle postuak eman zizkiotelako».

Sail elebiduna

Frantziako Hezkuntza Ministerioak ikasketa prozesuan hizkuntza gutxituak izan beharreko tokia zehaztu zuen 2008tik goiti zirkular baten bidez; 2017an eguneratu zuen. Tokiko egitura eta akademiak hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak ukaitera «bultzatzen ditu», bermerik aipatu gabe.

Euskara ikasgaiaz gain, HEDI hizkuntzak ez diren ikasgai batek gutxienez euskaraz izan behar du sail elebiduna kontsideratzeko. Oren parekotasunaren printzipioa ere aipatzen du ministerioak. Lehen hezkuntzan, astero ematen diren klase kopuru bera izan beharko litzateke frantsesez eta euskaraz, teorian. Kolegioan, gutxienez hiru orduko euskara klaseak dauzkate ikasleek, eta ikastetxearen arabera, gutxienez, HEDI bat euskaraz —historia eta geografia izan ohi da—. Aurten, oren parekotasunera iritsi dira lehen aldiz Ipar Euskal Herriko lau kolegiotan.

Lehen eta bigarren hezkuntzan lortu beharreko mailak ere definituak ditu ministerioak, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuan oinarrituta. Euskara ikasgai gisa aukeratzen duten ikasleek lehen hezkuntza bukatu eta A1 maila lortu behar dute, eta bigarren hezkuntzako lehen lau urteetan, A2-B1 maila. Irakaskuntza elebidunaren kasuan, A2 maila lortu behar dute lehen hezkuntza bukaeran, B1-B2 maila kolegioa bukatzean, eta B2-C1 maila lizeotik ateratzean.

Usu jartzen da zalantzan sail elebidunak proposatzen duen euskalduntze maila. Josiane Libieri bere haurrek euskara ikasi zuten galdeginda, argi erantzuten du: «Pixka bat». Ikasketen ondotik Foruko (Bizkaia) barnetegira joan ziren euskara ikasteko ikastaldia egitera; gaur egun, elebidunak dira, eta euskaraz bizi dira. «Nire ustez, eskola elebidunak ez ditu euskaldundu, baina euskaraz bizitzeko gogoa piztua die. Uste dut garrantzitsua izan dela publikoan euskarazko irakaskuntza sartzea. Beharrezkoa zen, estatua behartzeko. Ni murgiltzearen aldekoa naiz, baina garai hartan ezinezkoa iruditzen zitzaidan».

Marie Andree Oureten hitzetan, zaila da «erantzun zientifiko bat» ematea, gaur egun ez delako zinezko neurketarik egina. «Arteko maila» bat lortzen dutela dio. «Ez dute aski maila ona hiztun aktiboak izateko. Irakaskuntza osoa elebidunean egiten duenak B2 maila lortzen du gutxi gorabehera, baina arras gutxi dira. Lehenago uzten dutenek maila apalagoa dute; ez dira gai lan munduan euskaraz aritzeko». «Etsitzekoa» dela dio: «Orokorrean, 10 eta 14 urte artean, iduri du ez dutela euskararik».

Ouretek argi du euskalduntzea murgiltze ereduarekin lortzen dela. «Elebidunarekin erraten da ondoko belaunaldia euskalduntzen dela; nik horretan sinisten dut. Hala ere, gaur egungo zenbakiei so egiten badiegu, bada meta bat kanpo gelditzen dena».

EEPren bultzada

2004an sortu zen EEP, eta «euskara eta euskarazko irakaskuntza eskaintzaren urte anitzeko programazioa» eratzea izan zen haren lehen eginkizunetako bat. Lehen atala eskaintzaren garapen kuantitatiboa izan zen, bi logikarekin: lurralde osoan hiru sareetan eskaintza proposatzea eta gurasoen hautua errespetatzea. «Garai hartan, alimaleko azterketa egin zen lurralde osoan, eremuka zenbat ikasle, zenbat ikastetxe elebidun... eta helburuak finkatu ziren, eremu bakoitzaren beharren arabera», azaldu du Olivier Mioque EEPko teknikariak.

Orain, eskaintzaren garapena segitzea da erronka, segida segurtatuz lizeora arte. Gaur egun, hiru eremu «xuri» identifikatu ditu: Maule ingurua, Bidaxune ingurua (Nafarroa Beherea) eta BAM Baiona-Angelu-Miarritze eremua (Lapurdi). «Ikasle elebidunen proportzioak biziki apal dira BAMen Ipar Euskal Herriarekin alderatuz; eta hor da ikasle gehien. Eremu estrategikoa da». Iaz, Baionako kolegio batean sail elebiduna irekitzea lortu zuten, eta aurten Miarritzen irekitzea aztertzen ari dira.

Bigarren atala egituraketa kualitatiboa da. Zazpi orientabide finkatu ditu EEPk. Ikasketa prozesuan lortu beharreko maila definitu, eta ebaluatzeko prozedurak martxan jartzea, ikasleen euskara maila neurtzeko. Lehen hezkuntzako irakasleen formakuntza abiatzea, irakasleek sistema elebidunaren berezitasunak kontuan har ditzaten. Oren parekotasuna aplikatzeko, irakasgaiak antolatzeko molde bat finkatu du, ikasleei «oinarri komuna» eta «elebidunaren berezitasuna» bermatuz. Irakasle postuei dagokienez, desmartxa berri bat prestatu nahi du EEPk, urteroko negoziazio prozesua saihesteko. Bestalde, murgiltze esperimentazioak zabaltzearen alde agertu da, eta horiek «ahalbidetu eta laguntzera» engaiatu da. Hezkuntza Nazionalarekin dituen hitzarmenak egonkortu nahi ditu, ikastetxe berriak irekitzeko, ordu kopuruak finkatzeko eta kudeaketa orokorra errazteko. Sistema elebiduna eraginkorrago bilakatzeko, kolegioan eta lizeoan euskaraz emanak diren ordu kopuruak emendatzeko helburua finkatu du.

Bide beretik egin ditu proposamenak Bergerek ere. «Niretzat, gaur egun ama eskolan dauden tasak begiratu beharko genituzke; zenbaki horiek lizeoraino atxikitzea izan beharko litzateke helburua. Horretara iristeko, argiki, alde kualitatiboa hobetu behar da». Hiru neurri aipatu ditu: murgiltze ereduaren esperimentazioaren orokortzea ama eskolan, zinezko oren parekotasuna sail elebiduna eskaintzen duten kolegio eta lizeoetan, eta baxoan konpetentziaren aitortza.

Ondoko urteetan zinezko sail elebidun berezitu bat sortzea nahiko luke. «Gaur egun badira bi aitortza baxoan, Europako eta Nazioarteko sailentzat. Hor izango genuke eskualdeko hizkuntzan egindako baxoa». Funtsean, hori da EEPk Frantziako Hezkuntza Ministerioari egin dion proposamena, sail elebiduna lizeoetako erreformaren koadroan sartzeko. Gaur egun, proposamena aztertzen ari da ministerioa.

Zinezko sail elebidun berezitu bat sortzeak irakasleen kontratazioan ere eragin lezakeela uste du Bergek. «Pentsa genezake Frantzia mailako azterketa bat euskararen ezagutza kontuan hartzen duena, ondoren euskara dakiten irakasleak behar dituzten ikastetxeetan izendatua izateko gisan». Funtsean, lizeoetako erreformak hori lagundu lezakeela uste du, euskarazko irakasle postuak finkatzeko enbor komuneko gaiak lehenetsita.

Marie Andree Ouretek argi du: «Ez da dudarik sekulako lana egin dela, baina badira sekulako oztopoak». Haren hitzetan, «ezin da dekretatu»; euskara ofiziala ez den artean «hautazkoa» izanen da. «Eskola batean sail elebidun berria irekitzeko, herriko etxea, talde pedagogikoa eta gurasoak ados izan behar dira».

Irakasle sindikatuen rola ere aipatu du, bereziki kolegio eta lizeoetan: irakasle postu bat euskarazko gisa finkatzea oztopatzen dute maiz, irakasle euskaldunei mesede egitea dela argudiatuta. Hezkunde Nazionalaren sisteman, Frantzian barna ibiltzen dira irakasleak beren ibilbide hasieran, eta anitz dira Euskal Herrira itzuli nahi dutenak. Kexu mintzo da Ouret: «Ez da normal ikastetxearen esku uztea euskara gehiago sartzea. Irakasleak elkarren kontra borrokatu behar dira. Egoera hori txarra da».

Hizkuntza politika

Frantziako Gobernuari Ipar Euskal Herriaren ahotsa entzunarazi behar zaiola iradoki du Mathieu Bergek: «Hizkuntza politikaren erronkekin zerikusia duen lege bat dagoen bakoitzean, lurraldeko hautetsiek lobby lana egin behar genuke Parisen. Ikusten dugu lege berriak atera izan direnean beti ahantzi gaituztela». Haren iritziz, Parisek hizkuntza gutxituen inguruan duen ikuspegia ez da «soilik ideologikoa. Zinezko ezezagutza» da: «Erreforma handiak egiten direnean, [Ipar] Euskal Herriak eta hizkuntza gutxituek ez dute beren ahotsa entzunarazten. Horren ondorioa da maila altuko brikolajean aritu behar dugula ondotik. Biziki onak gara ondotik gauzak harrapatzen —azkenaldian ikusi dugu—, baina, lege testuetan gure erronkak tratatu ditzaten lortuko bagenu, hobeki litzateke. Gure presentzia areagotu behar dugu».

EEPren lana «baloratu» behar dela uste du Ouretek: «Baina ez gaitu itsutu behar. Egiten dena egin behar da, baina behar da gehiago. Biderkatuko balitz, hobe». Unescoren datua ekarri du gogora: hiztun kopurua herritarren %30 baino apalagoa bada, hizkuntza arriskuan da. 2016an, Ipar Euskal Herriko biztanleen %22,5 ziren elebidunak, inkesta soziolinguistikoaren arabera. «Hori da gure helburu nagusia», nabarmendu du Ouretek.

Haren iritziz, badira «menperatzen ez ditugun fenomeno soziolinguistikoak». Azpimarratu du beharrezkoa dela aditu lanak aztertzea eta beste eremuetan zer egiten duten ikertzea. «Onartu behar dugu ez dela irabazia, eta denbora hartuko duela». Bide horretan, «behar dute denek jokoan sartu».

Orain dela hogei urteko datuak gogoratu ditu Paul Bilbaok: «16-24 adin tartean %11ko ezagutza zen; gerora, zortzi puntu emendatu da. Zalantzarik gabe, aurrera goaz». Baina berreskuratze prozesua «oso hauskorra» dela nabarmendu du: «Edozein mugimendu haize pixka batek eraman dezake». Herritarren motibazioetan eragin behar dela dio: «Zer arrazoi izan dezake pertsona batek Baionan euskara ikasteko? Hori da geure buruari egin behar diogun galdera. Neurri handi batean, normalizazioa BAMen jokatzen da».

Erabilera espazioetan ere ikusten du erronka: «Erabilera espazioetan ez daukagu mugarik Paristik, eta sortu behar ditugu. Aldarriak beti egon behar du, ikusarazi behar duzu egoera ez-normal batean bizi dela gure hizkuntza komunitatea. Baina espazioak garatu behar dira».

Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloan oinarrituta, herriko etxeei bideratutako dokumentu bat aurkeztuko dute aurki Euskal Konfederazioarekin batera. «Guk lortu behar dugu herritarrek jarrera aldatzea: euskara ikusgarriagoa bada, horrek pertsona horien jarreretan eragingo du. Herriko etxera badoa eta elementu guziak euskaraz agertzen badira, horrek ere eraginen du bere jarrera eta portaeretan. Ipar Euskal Herriko esparru juridikoak ikusezin egiten gaitu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.