Fronte Polisarioaren 50. urtemuga. Brahim Gali. SEADeko presidentea, eta Fronte Polisarioko idazkari nagusia

«Sanchezena hirugarren traizioa izan da; labana bera zauri berean mugitzea izan da»

Galik aitortu du ez zuela espero Espainiako presidenteak jarrera aldatzea: «Zerbait oso larria egon behar du, sekreturen bat, xantaiaren bat, presidentearen beraren nortasunaren edo ingurukoen aurkakoa». Buruzagi sahararrak uste du Espainiako Estatuko herriei dagokiela argitzea zer enigma dagoen bira horren atzean.

KRISTINA BERASAIN TRISTAN.
Kristina Berasain Tristan.
Tinduf
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ziurrenik, errefuxiatu gune batean bizi den presidente bakarra izango da Brahim Gali (Esmara, Mendebaldeko Sahara, 1949). SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea erbestean bizi da, Tindufen, Aljerian. Auserd wilayan duen adobezko etxe xume eta doian hartu du BERRIA. Oinutsik dago. Lurrean eserita. Ondoan ura, zukua, tea eta datilak dituen mahaitxoa dago. Ramadana da —duela hilabete eman zuen elkarrizketa—, eta iftarraren ostean hasi da hizketan, eguzkia sartu ostean baraua hausteko musulmanek hartzen duten gosariaren ostean. Tarteka errezorako deia entzuten da meskitatik.

Ikusi gehiago:KLANDESTINITATETIK ERBESTERA

Galiren bizitza eta saharar herriaren borrokarena paraleloan doaz. Ezin dira bata bestea gabe ulertu. Fronte Polisarioaren sortzaileetako bat izan zen, lehenengo idazkari nagusia, eta diplomazian bezainbeste aritu da gudu zelaian, frontean. Militar trebearen eta apartaren fama dauka. 1973ko maiatzaren 20ko Al-Khangako borrokaren buruzagi militarra izan zen; Espainiaren kolonialismoaren aurkako lehen ekintza armatua izan zen hura.

Mohamed Sidi Brahim Basiri eta El-Uali Mustafa Saied buruzagi historikoekin batera aritu zen askapen mugimendu nazionalean. 1975eko urriaren 22an, Gali, El-Uali eta Mahfoud Ali Beiba Espainiako Saharako gobernadore Federico Gomez de Salazar jeneralarekin bildu ziren, Espainiako Gobernuko ordezkarien eta sahararren arteko lehen bilera ofizialean. Espainiak Aaiunen etxeratze agindua ezartzean hautsi ziren negoziazioak. Traizioa prest zen: «Marokok eta Mauritaniak ogia balitz bezala banatu zuten Mendebaldeko Sahara».

Hassan II.a erregearekin ere elkartutakoa da. SEADen hainbat kargu izan ditu. Defentsa ministro izan zen, baita Fronte Polisarioaren ordezkaria ere Espainian eta Aljerian. Mohamed Abdelazizen heriotzaren ostean aukeratu zuten berriz ere idazkari nagusi, 2016an, eta iragan urtarrilean egin zen kongresuan berretsi dute hirugarrenez karguan. Guardia zaharreko ordezkaria da.

Zutaz idatzitako hainbat biografia daude sarean. Tartean irakurri daiteke Espainiako Tropa Nomadetako kide izan zinela. Hala izan al zen?

Galdera hori ez dut erantzungo.

Askapen mugimendu nazionalaren ibilbidearen lekuko zuzena izan zara, sortu zenetik gaur egun arte. Oraindik ez da sortu zeneko helburua lortu. Nola ikusten duzu Fronte Polisarioa?

Egoera paregabea da. Orduan hamazazpi lagun baino ez ginen. Gaur egun, armada bat daukagu, armada hitzaren esanahi osoan. Fronte Polisarioak gauza asko erdietsi ditu. Lehenengoa inbasioaren eta gure lurraren banaketaren aurretik izan zen. Orduan, askapen mugimendua sortu genuen klandestinitatean, eta batasun nazionala lortu genuen, urtero ospatzen duguna. Batasun horri esker, saharar askok Fronte Polisarioarekin bat egin zuten. Bigarren lorpena SEAD aldarrikatzea izan zen, Espainiak lurraldea utzi eta egun batera, 1976ko otsailaren 27an. Gaur egun, 84 herrialdek aintzatesten dute. Afrikako Batasunaren sortzaileetako bat izan ginen. Eta, gaur egun, harreman diplomatikoak ditugu Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialde askorekin. Europako herrialde gehienetan ere ordezkaritza daukagu. Tamalez, orain arte, Europako herrialde bakar batek ere ez du adorerik izan SEAD aitortzeko, errealitate itzulezina izan arren.

Estatu bat sortu duzue erbestean…

Estatu azpiegitura bat daukagu. Presidentetza bat dago, gobernu bat, parlamentu bat. Egitura guztiz prestatua dugu independentziaren ondoren lurraldera joateko. Izan ere, Fronte Polisarioa helburu hori lortzeko sortu da, eta gaur egun ere horretan jarraitzen du, erabakitasun berarekin, bidean zailtasunak eta trabak aurkitzen ditugun arren, baina horiek ez dute eraginik gure borrokan. Belaunaldi bakoitza aurrekoa baino erradikalagoa da, eta horrek erresistentziaren jarraipena bermatzen du. Lurraldearen independentzia eta nazioartean onartutako mugen barruan estatu saharar burujabea eta independentea ezartzea dira gure helburuak. Gure xedea irmoa da.

2020ko azaroan, gerra hasi zen berriro, Marokok 1991n ezarritako su-etena hautsi ondoren. Isilarazitako gerra bat da.

Hori ez da ezer berria, saharar erresistentziari boikota egitearena. Isiltasun konplize bat dago, eta ez bakarrik gerraren aurrean: baita lurralde okupatuetako errepresioaren aurrean, giza eskubideen urraketen aurrean, baliabide naturalen espoliazioaren aurrean, eta hainbeste sufritu duen eta berea dena bakarrik aldarrikatzen ari den herri baten erresistentziaren aurrean ere. Ez ikusiarena egiten dute. Ez gara espantsionistak, baina gurea nahi dugu, gure lurraldea nahi dugu.

Fronte Polisarioak borroka armatua areagotzea erabaki zuen azken kongresuan. Azaldu dezakezu nola zehaztu den erabaki hori?

Gaur egun, ia erabateko mobilizazioa dago gizartean, bereziki hemen, kanpamentuetan, eta diasporan. Saharar guztiek bat egin nahi dute armadarekin. Militarki egoera berrira egokitzen saiatzen ari gara. Gaurko gerra ez da iraganean ezagutu dugun gerra, eta arian-arian egokitzen ari gara nolabaiteko oreka bat sortu arte. Nire ustez, garaia iritsiko da non egoera erosoagoa izango den azken bi urte hauetan bizi izan dugunarekin alderatuta. Etsaiaren aurkako jazarpenak ugaritu egin dira. Etsaiak baja pertsonalak eta materialak izan ditu. Higadura gerra bat da, eta higadura hori Marokoko tropen moralean eta baliabide materialetan eragina izatea lortzen ari da. Pixkanaka, guk uste dugun gailurrera iritsiko gara, eta gudu zelaiko egoera desorekatuko dugu.

Israelek, Turkiak eta Frantziak emandako droneak erabiltzen ari da Maroko. Desoreka oso handia da.

Horregatik ari gara egoera berri horretara egokitzen saiatzen, beste bitarteko, taktika, beste modu eta estrategia batzuek eskatzen duten gerra mota horretara, eta bide horretan gaude.

Bigarren gerra hau hasi zenetik, ehun saharar inguru hil omen dira zibilen eta militarren artean, ia denak droneen erasoen ondorioz.

Datu hori ez da zuzena.

Lurralde liberatuetan bizi ziren familia nomada askok kanpalekuetan babestu behar izan dute, hain zuzen ere droneen arriskuagatik…

Hala da. Bereziki emakumeak eta haurrak etorri dira. Gizon gehienak nomadak dira, eta lurraldean jarraitzen dute, animaliekin. Heriotzei dagokienez, ez dira iristen aipatu duzun kopuru horren erdira. Gure aurkariarengan bai, galerak daude, nahiz eta erabat ezkutatu. Eraso bakoitzaren ondoren, Minurso erakartzen saiatzen dira lekuko izan dadin, beste asmo batzuekin noski, baina hildakoak dituzte.

Minurso aipatu duzu. NBEk Mendebaldeko Sahararako ordezkari berriak, Staphan de Misturak, uko egin zion Mendebaldeko Saharan sartzeari, Marokok ezarritako betoa zela eta. Mandatari guztiek dimisioa eman dute orain arte, eta negoziazioak etenda daude. Honetara ezkero, zer espero duzue?

Egia esan, saharar herria frustratuta dago, uste baitzuen nazioarteak garai jakin batean eman zion konpromiso hori beteko zuela, baina, ez betetzeaz gain, erasotzailearen eta okupatzailearen konplize ere izan da. De Misturak Marokoren oztopoei aurre egin behar die. Uste dut borondate ona duela, baina ez du Segurtasun Kontseiluaren babes nahikorik aurkitu Mendebaldeak mimatutako estatu, herrialde edo erregimen horri presio egiteko. Horrek ezingo du iraun. Marokoko barne egoera lehertzear dago, eta horri gehitu behar zaio Saharako herriak Marokoko erregimenari jasanarazten dion higadura ekonomiko, militar eta morala. Espero dugu De Misturak Segurtasun Kontseiluaren babesa izatea eta ez izatea presiorik, ez Marokoko mahzen-arenak, eta ez nazioartekoak, batez ere AEBak eta Frantzia bezalako aliatu hurbilenak. Intrantsigentzia noiz arte? Eta zer ondorio ditu epe ertain eta luzera? Uste dut ez direla ebaluatzen ari nolako arriskua dakarren egoera beliko horrek eta egoera sozial, politiko eta ekonomiko horrek Marokon bertan.

Urtebete da Marokok gutun hura argitaratu zuenetik, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Sahararako autonomia onartzen zuela zioena. Elkarrizketaren batean esan duzu Espainiak zuzendu egin behar duela adierazpen hori. Zer iruditzen zaizu bira hori? Zer dago atzean?

Espero dugu enigma hori Espainiako Estatuko herriek deszifratu ahal izatea. Nire ustez, bira hori da, 75eko eta 76ko traizioen ondoren, espainiar estatuko gobernuetatik ezagutu dugun traiziorik okerrena. Zerbait oso larria egon behar du, sekreturen bat, xantaiaren bat, presidentearen beraren nortasunaren edo ingurukoen aurka. Ezin naiz harago joan, espainiarrei dagokie-eta sekretua aurkitzea. Saharar herriari egiten zaion hirugarren traizioa da, eta hori ez zen agintari espainiarrengandik espero nuena; Espainiak erantzukizun morala, legala eta politikoa du saharar herriarekiko. Ez da lotzen gaituen historia eta kultura komunari leial izateko modua. Zergatik bira hori? Zeintzuk dira arrazoiak? Hori da Espainiako estatuko herri guztiei egiten diegun galdera, sekretu hori zein den argitu diezaguten. 47 urte geroago labana bera zauri berean mugitzea da, eta hori mingarria da, baina ez da ezer aldatuko; ez dio eragingo saharar herriaren erresistentziari, ezta bere helburuak lortu arte borrokan jarraitzeko borondateari ere.

Hirugarren traizioa dela diozu…

Bai. Madrilgo hiruko akordioa, 75eko azaroaren 14koa, Espainiaren lehen traizioa izan zen. Bigarren traizioa 1976ko otsailaren 26ko abandonu hura izan zen. Herri hau, urte askoan, bidegabekeria baten biktima izan da, eta, zoritxarrez, Espainiako agintariak horren parte dira. Ez dakit bidegabekeria hori zuzentzeko eta konpontzeko gai izango diren. Espero dut baietz. Uste dut gobernuko presidentearen biraketa pertsonala dela, alde bakarrekoa; ez da erabateko biraketa bat, ez gobernuaren beraren barruan, ez legebiltzarrean, ez senatuan, ez alderdietan, ezta estatuko herrietan ere. Inork ez dio laguntzen jarrera horretan, baina espero dut gizarte zibila eta indar politikoak gai izatea eragin eta presio egiteko, gehiegitan errepikatu den jarrera eta bidegabekeria hori zuzentzeko.

Euskal Herriak saharar herriarekiko duen elkartasuna erabatekoa da. Kanpalekuak euskal elkarteek bultzatutako proiektuz beteta daude. Zer mezu helaraziko zenioke euskal gizarteari?

Egia esan, ez dakit gai izango naizen laguntza eskertzeko hitz aproposak aukeratzeko. Euskal Herrian, bertako gobernuetan eta alderdi politikoetan, bereziki abertzaleetan, ezkerrean, baita Euskadiko PPn ere, aho bateko elkartasuna eta aho bateko babesa aurkitu ditugu, eta funtsezkoena da elkarrengandik oso gertu sentitu garela. Bi herri anaia gara. Eskerrak eman nahi dizkiet gure kausari elkartasuna adierazi dioten guztiei, baina, batez ere, euskal herritarrei besarkada handi bat bidali nahi diet. Anai-arrebak izaten jarraituko dugu, eta harreman horiek sendotu egingo ditugu, eredugarriak direla uste baitut. Eskerrik asko lehendakariari, bere gobernuari, legebiltzarrari, gizarte zibilari, euskal emakume eta gizonei, eskerrik asko elkartasun horregatik eta, bereziki, baldintzarik gabeko elkartasun horregatik, baldintzatuak ez baitu balio handirik; elkartasunak babesa, laguntza eta sentipenak ditu.

Ikusi gehiago:Urtebete gutxiago infernuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.