Egun gutxi batzuk baino ez dira falta Bilboko Aste Nagusia hasteko, eta konpartsek zehaztu dute jaietan gertatu ohi diren erasoen aurka nola jokatu. Konpartsen Federazioko bozeramaile Garazi Askazibarrek eta Nerea Matutek «erasoen gainetik Aste Nagusia defendatzera» deitu dute, eta erasotzaileei ohartarazi diete jai esparruan ez direla ongi etorriak.
«Berdintasunezko jai gune inklusiboa» eraiki nahi dute konpartsek, eta, horregatik, ez daude prest eraso matxistarik, arrazistarik edo LGTBI kolektiboaren kontrakorik onartzeko: «Errespetuz jokatzea zer den ez badakizu, gure jaietara ez etortzeko exijitzen dizugu. Ez zaitugu hemen nahi. Ez duzu lekurik gure Aste Nagusian. Eraso eginez gero, aurrean izango gaituzu». Esan dutenez, aspaldi erabaki zuten beldurrak ez duela lekurik Aste Nagusian, eta, ordutik, lanean dihardute jai esparrua «gune alai, eroso eta segurua» izan dadin.
Bilboko konpartsek protokolo bat dute zehazturik erasoren bat gertatuz gero nola jokatu jakiteko. Aspaldikoa da protokoloa, baina, aurten, indartu eta gaurkotu egin dute, eta nabarmendu dute federazioa osatzen duten konpartsen inplikazioa «gero eta handiagoa» dela auzi horren inguruan. Edozein eraso pairatzen duenak txosnetara jo dezake, eta, han. «gune seguru bat» eskainiko diote, eta laguntza: «Hemen, elkar zaintzen dugu».
Erasoen kontrako batzordeak unean uneko egoera aztertuko du, eta, behar izanez gero, deialdiak ere egingo ditu: mobilizazioak 19:00etan izango dira, Arriaga plazan, erasoa gertatu eta biharamunean; mobilizazioak iraun bitartean txosnak itxiko dituzte, eta 00:00an lapiko jotzea egingo dute; jai ekitaldiak hogei minutuz etengo dira. Kartelak egin dituzte, bost hizkuntzatan, protokoloaren berri emateko.
Ziztaden auziari dagokionez, konpartsek esan dute horiek «erasotzat» jotzen dituztela eta beste edozein eraso motaren aurka jokatzen den bezala jokatuko dutela horrelakorik gertatuz gero, baina ez dutela aparteko protokolorik osatu eraso mota horretarako.
Bilboko konpartsek prest dute erasoen kontrako protokoloa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu