Martxoaren 8a. Zaintza

Ikusi nahi ez den zaintzan, periferian

Adinekoen zaintzari lotutako premiak ugaritzen ari dira, baina, usu, zaintza sistema ahulegia da horiei erantzuteko. Adabakien bidezko erantzunak ematen dira sarri, ahulak, eta, gehiegitan, lan baldintza eskasegietan ari diren andreen bidez.

Madalen Ibañez Gonzalez, Vanessa Pan Iglesias eta Onix Cerda Gonzalez, Hernanin, asteon, solasaldiaren ostean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Edade eta ibilbide ezberdinetako andreak izan arren, gizartean maiz estalita geratzen den mundu batez aritzeko aparteko argitasunak batzen ditu, adinekoen zaintzaren gaineko kezkak. Vanessa Pan Iglesias (1982, Trintxerpe, Gipuzkoa) zahar etxe bateko langilea da gaztea zenetik: «Bokazioz». Madalen Ibañez Gonzalezek (1948, Pasai Antxo, Gipuzkoa) ama du zahar etxe batean orain dela bost urte, eta, han ikusi eta sentitu dituenek bultzatuta, Gipuzkoako Senideak elkartean ari da orain, egoitzetako arta hobetzeko eskatzen: «Gloriaren alaba naiz. 96 urte ditu, eta Donostiako Berra zentroan bizi da. Nortasun handiko emakumea da: bere erabakia izan zen egoitzara joatea». Onix Cerda Gonzalez da hirugarrena (1981, Somoto, Nikaragua); migratzaile heldutako beste andre askoren gisan, adinekoak zaintzen etxeko langile maiz jarduna da, eta, egun, zaintza horien inguruan ardaztutako Maitelan kooperatibako kidea da; adinekoen eta langileen premiak aintzat hartuko dituen «paradigma» berri bat sustatzeko ahaleginetan ari dira. Bat datoz hirurak: «zahartzaroa» bera arbuiatu egiten du gizarteak: ez du ikusi nahi. Andreek, ordea, ikusi egin behar dute. Haien gain dago, hein handienean, adinekoen zaintza.

«Sektore feminizatua da gurea, gutxietsia; instituzioek eta gizarteak, biek gutxiesten dute. Kulturalki, ematen du andreok, andre izate hutsagatik, umeak izan behar ditugula, gorputz eta arima aritu behar dugula zaintza lanetan». Panentzat, ezinbestekoa da gizartean errotutako hainbat irudi gogora ekartzea adinekoen zaintzan zer gertatzen den ulertzeko: «Egoitzetan zaintzaile ari garen langileon %99 andreak gara. Eta lan baldintzak nahiko prekarioak dira». Hain justu, greban eta mobilizazioetan ari dira zahar etxeetako langileak Hego Euskal Herri osoan, eta Gipuzkoan, zehazki, hiru urte daramatzate lanuzteetan: «Egiten dugun lana aintzat hartua izatea nahi dugu, eta langileak ere ugaritzea, era horretan adinekoei arreta on bat emateko».

Premiazkoa dela uste du. «Egungo zaintza eredua zaharkitua dago. Atzean dagoena zera da: duen mendekotasunaren arabera, egoiliar bakoitza artatzen zenbat denbora igaro behar den». Oinarrizko arta emateko dira laneko minutu guztiak, «robot» baten gisan jarduteko: «Laztanek ez dute tokirik hor, ez eta zer gertatzen zaien entzuteko tarte bat hartzeak ere». Arranguraz mintzo da Pan: «Bokazioa zapuztu ere egiten zaigu sarri, ez baikara iristen eman nahi dugun horretara». Izurriarekin, gainera, zaildu egin da dena, bakartze neurriekin-eta. «Oso gogorra izan da».

Ahultzen ari da sarea

Eta ez dute ikusten aldaketa zantzurik: «Erakundeek esaten dute aldatuko dutela eredua, baina lantaldeak handitzen ez badituzu, ez dago zer eginik. Jaten emango dizun norbait izatearekin bakarrik ez da aski: oraindik garrantzitsuagoa da entzungo zaituen norbait izatea». Eta arloko lanbideen garrantzia onartzea ezinbestekoa da. Datua eman du Cerdak: «Ordaintzen ez diren lanen hiru laurden baino gehiago andreek egiten dituzte». Zaintza lanak dira askotan, baina «hutsuneak» gero eta handiagoak dira, eta horiek betetzea gero eta zailagoa dela argi du Ibañezek: «Noiz hasi zen, ba, hau? Andreok lanera irten ginenean. Orain ja ez dago etxeko guztiak zainduko dituen arreba ezkongaberik etxeetan». Langileen gutxiespenaren atzean matxismoa dagoela argi du: «Gizonak zaintzen hasiko balira, orduan hartuko luke aparteko maila».

Miretsi egiten ditu Ibañezek ama zaintzen duten langileak, zahar etxera bisitan doanean: «Psikologia, pazientzia eta indar fisikoa ere behar dira lan hori egiteko. Eta adi-adi ibili behar dute beti». Ematen den arta orokorrari begira, dudak ditu. «Egoitzara iritsi berritan eskura ematen dizuten dosierrean, oso polit agertzen da dena, baina gero ematen den artan badira hutsuneak».

Langile falta

Adibidez? «Langileak falta dira. Ez dute denborarik egoiliarrentzat. Eta, gainera, asko aldatzen dituzte; artatzen dituen langileak Vanessa izena duela jakiten dutenerako, Loli dute ondoan... Erreferentzia finkoak falta zaizkie». Ez da etxea: «Masifikazioa dago espazioetan, ez dago pribatutasunik». Ezta txokorik intimoenetan ere: «Gela gehienak bikoitzak dira». Eguneroko martxa antolatzeko egitarauetan-eta ere, halaber, oinarri ahulegiak ikusten ditu sarri: «Izan ere, hein handi batean, boluntarioen esku daude». Kontrara, pagatu beharreko kuotak, berrordainketa, handiak dira: «Gipuzkoan, batez beste 2.500 euro dira hilean egoiliar bakoitzeko [diru sarreren eta ondasunen araberakoa izaten da]».

«Hutsune» gehiago ere ikusten ditu Panek: sarri, soslai oso ezberdinetako pertsonak egoten dira egoitzetan, eta mendekoei arta emateko sistema sendo baten falta dago horren atzean: «Ghetto bat dira egoitzak, eta jende nahasketa dago. 60 urte inguruko pertsonak egon daitezke, eta 90etik gorakoak; hori gertatzen da tartean ez dagoelako baliabiderik. Orduan, adibidez, iktus bat izan duenak non amaitzen du? Adinekoen egoitza batean. Eta ez da dagokion tokia. Eta galdetzen dizute: 'Zer arraio ari naiz ni zaharrokin?'».

Zahar etxeak aukera bat dira. Baina adineko mendekoak etxean artatzea erabakitzen dute familia askok. Hego Euskal Herriko errealitatea hizpide mintzo dira andreok; badira mendekotasunaren arabera adinekoek jaso ditzaketen diru laguntzak, eta horien arabera, etxekoren batek zaintzea edo pertsona bat kontratatzea erabakitzen dute maiz familiek. Etxeko langileek eta etxez etxeko arta ematen duten zaintzaileek hartzen dute hor tokia. Emakumeak dira nagusi, eta hor ere, arakatzen hasita, berehala agertzen da lan baldintza eskasen itzala. Areago: «Esplotazioa ere handia da». Gizartearen tolesturarik itsusienak ikusi ditu Cerdak etxeko langile jardun duenean: «Etxe batera iritsi eta banana bat zergatik jaten duzun galdetzen dizutenean, adibidez. 'Zure familia mantentzen ari gara', esaten dizutenean. Edo: 'Begira zenbat pagatzen dizudan. Hau zure herrian dirutza da'. Halakoak entzun beharra». Argi du oinarri horiekin eman daitekeen «zaintza» ezin dela egokia izan.

Migrazio legeen ondorioz paperik gabe dauden andre askoren egoera, bereziki, larria dela oroitu du; etxeko langile izatea beste hauturik ez dute izaten usu, kontraturik gabe: beltzean. «Emakume asko, premiak bultzatuta, soldata oso apalekin jarduten dira, esklaboen gisan». Eta ofiziorako prestatzeko urratsik egin ezinik: «Trebakuntzarik gabeko langileak dira, eta trebakuntza jakin bat behar da gauzak ongi egiteko».

Jarduteko beste era bat

Beste eredu baten alde ari dira Maitelanen. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat da. Langileen premiak hartzen ditu aintzat: «Lan baldintzak hobetu nahi ditugu». Eta erabiltzaileenak: «Kalitatezko zerbitzu bat eman nahi dugu». Bide horretan, erabiltzaileei hitza ere ematen diete: «Nola zainduak izatea nahi duten esan dezaten». Beste «begirada» horren alde «kontzientziatze» lana egiten ere saiatzen dira. «Arta emozionalari ere garrantzia ematen zaion eredu bat nahi dugu, eta pertsonak erdian egon behar du». Eta langileek ere ondo zainduta egon behar dute. «Izan ere, argi dago: nola zainduko dut ongi, ni ez banago ongi?». Eta Panekin bat dator bere osotasunean zaindu behar dela pertsona. «Ez da garbitzea edo jaten ematea bakarrik. Gauza gehiago ere behar dituzte adinekoek». Alde horretatik, kooperatibatik egiten ari diren eskaintza «harrera ona» izaten ari dela azaldu du.

Eta areago ere egin behar dela. «Egun, arta soziosanitariorako ematen diren trebakuntzetan-eta, oinarrizkoa den hori ematen da. Adinekoak hartu behar dituen botikak, eman behar zaizkion jakiak, jantzi behar dituen arropak... oinarrizkoak dira horiek. Baina areago egin behar da. Pertsonari begira jarri behar da». Zahar etxe askotan ere argudiatzen da egun pertsonari begirako arta dutela, eredu horri atxikita ari direla. Baina kritikoa da Pan; berak lantoki duen egoitza «onenetako» bat dela uste du, baina ezinezkoa da hor egoiliarren nahien arabera aritzea. «Saiatzen gara, baina zaila da». Hobera egin dela uste du; azken urteotan, egoiliarren autonomia eta erabakitzeko gaitasuna sustatzera egin dute, adibidez. Baina lantaldeen urriak ez du laguntzen, eta familiek ere usu adinekoak «babestera» egiten dute. Ados dago Maitelaneko kidea: «Badira familiak ororen gainetik adinekoak babestu nahi dituztenak. Zertarako balio dizu bizitzak kalitaterik ez baduzu? Lotuta bazaude? Egun guztian pilulak hartuta egon behar baduzu?».

Familia askoren jarreraren atzean ezina dagoela uste dute. «Instituzioek mendekotasunaren araberako laguntzak jartzen dituzte, baina oso mugatuak dira, eta familiek ez dute askotan baliabiderik erantzuteko», onartu du Cerdak. Bat dator Pan: «Instituzioek diote pertsona batentzat onena dela ahal den denbora gehienean etxean egotea, baina gero ez dute errazten horretarako bidea. Hutsuneak daude». Eta egoitzak aterabide etsi bat dira sarri sendientzat: «Askok nahiago dute instituzio batera eraman eta han zer gertatzen den ere ez jakitea: ez begiratzea».

Benetako «auzolana»

Eta begiratu nahi duten familiei jaramonik ez dietela egiten deitoratu du Ibañezek. «Auzolanaz erruz hitz egiten da, baina hori aurrera eramateko, denok parte hartu beharko genuke». Aldiz, zahar etxeetako egoiliarren senitartekoek eraturiko elkarteetako —hainbat antolatu dira urteotan— kideei «kexaka» ari diren sentipena besterik ez dietela helarazten adierazi du. «Bost minutu ere ez dizkigute ematen». Hori du ezinegon handienetarikoa: «Itxurak besterik ez dute egiten. Eta, urteotan, izurriarekin, oraindik okerragoa izan da».

Pentsatua dute nola zainduak izan nahi duten. 74 urteak beteak ditu Ibañezek, eta argi du zer nahi lukeen. Ez du egoitza hitzak beldurtzen, baina bere erara bizitzen jarraitu nahiko luke: «Bakarkako gela batean, eta nahi baldin badut goizeko hamarretan jaikita, eta kafe bat egiteko aukerarekin...». Cerda oso gaztea da oraindik, zahartzaroa urrun du, baina hitz egina du alabarekin: ez luke zahar etxe batera joan nahi, inondik inora ere, gainera; «mehatxua egina diot alabari», azaldu du, barre artean. Panek ez luke nahi egungo periferiarik orduan: «Familia inguruan dudala egon nahi nuke, baina horretarako baliabideekin. Eta egoitza batera joatea egokitzen bazait, ez nuke nahi artatzen nauen pertsona beti lasterka ibiltzerik, entzuteko astirik gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.