Etxebizitza larrialdia. Testigantzak

«Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da»

Koro Lores Costa. Donostian bizi da, familiarekin. Lores bera eta haren ama etxegabetze arriskuan daude, Sareb 'banku txarrak' ez dizkielako kontratuak berritu nahi. Negoziatzea «ezinezkoa» dela dio.

Koro Lores, etxegabetze arriskuan dagoen emakumea, bere etxean. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2021eko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Z«er gertatzen da herritar arruntekin? Ez dugu etxebizitza duin bat izateko eskubiderik?». Koro Loresenak dira adierazpenok; amorruz eta beldurrez betetako hitzak, testigantza. Donostian bizi da, Egia kaleko 22. atarian, eta bertako bizilagunak jasaten ari diren egoera «latza» kontatu du: kaleratze arriskuan daude bloke horretako lau etxebizitzatako maizterrak. Sareb erakundearenak dira pisu horiek, eta ez diete kontratua berritu nahi; Haya Reale Estate enpresa da Sareben kudeatzaile nagusia.

Lehen solairuan bizi da Lores, bikotekidearekin eta bi alabekin; eta pareko etxebizitzan bizi da haren ama. Egoera zertan den azaldu du: «Nire amari iragan urtean amaitu zitzaion kontratua; beraz, egun, modu irregularrean dago; ez gara akordio batera iritsi. Guri, berriz, irailean amaitzen zaigu». Salatu duenez, Sarebek proposatu die alokairuaren prezioa nabarmen igotzea: «Orain ordaintzen ari garenarekin alderatuta, 300 eurotik gora». Eta argi esan du: «Ezin dugu hainbeste ordaindu».

Gainera, azpimarratu du lehen solairuko bi etxebizitzetako kideak familia direla, multzo berean doazela. «Niri berritzen badidate baina nire amari ez, ez dugu ezer egiten. Eta nire amari berritzen badiote baina guri ez, ezta ere». 85 urte ditu amak, eta menpeko emakume bat da: ikusmen arazoak ditu, baita entzumenekoak ere. «Haren alboan egon behar dugu, hemen gaude hura zaintzeko. Eta hura badoa, gu ere bagoaz».

Loresek azaldu duenez, duela zortzi edo bederatzi urte joan ziren bizitzera etxebizitza horietara, «zentzuzko prezio batean alokatuta», eta bat-batean jakinarazi zieten Sarebek hartu zituela pisu horiek, aurretik ezer jakinarazi gabe. «Maizterretako batek ere ez zuen horren berri». Auzitegietara jo behar izan zuten, euren bizilekua zela egiaztatzera. «Epaiketa irabazi genuen, noski. Baina hemen jarraitzen dugu, borrokan. Horrela daramatzagu bi urte baino gehiago». Etxebizitza horiek saltzea da Sareb banku txarraren asmoa, eta etxeotako maizterrei bertan bizitzen jarraitzeko oztopoak eta trabak jartzen ari zaizkie, «neurriz kanpoko prezioetan» mugituz.

Loresek salatu du «ezinezkoa» dela Sarebekin hitz egitea, eta ez dutela haiekin aritzeko zuzeneko kontakturik: «Ez diete mezuei erantzuten. Saiatu gara negoziatzen, baina ezin da. Dei eta proposamen ugari egin ditut, inoiz ez direnak tramitera iritsi. Batak besteari botatzen dio harria», esan du, Sarebi eta Haya Reale Estate enpresari erreferentzia eginez. Loresen esanetan, etxea saldu nahi dute, zenbat eta garestiago, hobe. «Baina ez dira ohartzen hemen jendea bizi dela; hau nire etxea da». Eta bota du galdera, etsipenez: «Gertatu den guztiaren zer erru daukagu guk?».

Aitortu du amorru handien ematen diona dela Sareb diru publikoarekin ere finantzatzen dela: «Hau ezin da egin; ez da bidezkoa. Lotsagarria da». Eta, noski, pairatzen ari diren egoerak ondorioak izan ditu euren bizitzetan: «Oso egoera zailetara eraman gaitu. Batzuetan haurrek galdetzen didate: 'Hemendik botako gaituzte?'». Amaierara arte eutsiko dutela azpimarratu du, adorez, baina onartu du «beldurra» duela: «Ez dut nahi nire alabek hori bizitzea. Izugarria da egoera, beldurrezko film bat dirudi».

Blokeko bizilagunak «ziurgabetasunez» bizi direla dio, kale gorrian geratzeko arriskuaren presiopean. «Pasatzen den egun bakoitzeko, egun bat gutxiago falta da». Eta gaineratu du: «Ezin dut edozein etxe hartu, nora joan behar dugu? Nire alabak auzo honetan eskolatuta daude...». Egoera eutsiezina dela dio, bidegabea. «Erakundeak jan egiten ditu hemen gauden txikiak. Prezioa zerbait igo nahi digutela ulertzera hel naiteke, baina horrenbeste? Gainera, hasieran, ez ziguten alokatu ere egin nahi».

Gogoratu du nola «bat-batean» egin duten talka egoera honekin. «Etxe batzuk hartu genituen, agentzia batek alokatu zizkigunak; gustatu zitzaizkigun, eta ordaindu ahal genituen. Ondo geunden, eta, orain, hau dena: kolpe bat bestearen atzetik etorri da».

Babesa, ezinbesteko

Iluntasun horren guztiaren erdian, bada argi izpi bat ere, Loresi eta gainerako kaltetuei borrokan segitzeko hauspoa eman diena: jaso duten babesa. «Oso eskertuta gaude. Asko lagundu digute. Konponbidea bilatzeko orduan, inplikazioa egon da». Batez ere, Donostiako Maizterren Sindikatuak eta Egiako beste hainbat kolektibok egindako lana azpimarratu nahi izan du. Hain zuzen, egoera salatzeko, mobilizaziora deitu dute apirilaren 30erako. Kontratuei eustea galdegingo dute bertan, orain arteko baldintza berdinetan.

Ez baitute larregi eskatzen. «Nahi dudan gauza bakarra hemen geratzea da». Sareb banku txarra «kanporatze isila» egiten ari dela salatu du, eta «putre funtsen» jarrera alboratu: «Kaleratze eta injustizia ugari gertatzen ari dira, eta oharkabean pasatzen ari dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.