«Gaur inoiz baino gehiago jabetzen gara zaila dela bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua». ETAk jarduera armatua behin betiko alboratzeko erabakia iragarri zuenetik hamar urte iragan ondoren, Foro Sozialak esan du lan hori «amaierarik gabeko ariketa» bat dela baina, era berean, funtsezkoa dela «eztabaida politiko amorratua, kontakizunaren bataila deiturikoaren ingurukoa, konfrontazioaren egungo espaziotik eztabaida esparru lasai eta eraikitzaile batera eramatea».
Urtebete eman du Foro Sozialak bizikidetza demokratikoa nola eratu beharko litzatekeen gizarte eragileekin hausnartzen, eta, orain, amaitutzat eman du prozesu hori. Azken hamabi hilabeteotan, Foro Sozialaren webgunearen bidez eta erreferentzialak diren pertsona batzuei eskatuta,35 ekarpenetik gora proposatu dituzte, eta gogoeta horien berri eman dute hainbat komunikabidetan. Halaber, hogei bilera inguru egin dituzte gizarte zibileko hainbat erakunderekin, bizikidetza eraikitzeko euren proposamenak eta hausnarketak biltzeko asmoz. Zazpi solasaldi ere landu dituzte, Bizikidetza lantzen izenburupean.
Lan horren guztiaren ondorioak eta ekarpenak Prozesuaren liburua lanean bilduko dituzte, eta horren berri emango du, larunbatean, Gasteizko Artium museoan egingo duen aurkezpenean. Atzo, Gasteizen bertan, larunbateko ekitaldiari buruzko xehetasunak eman zituzten, eta aurkeztuko duten dokumentuari buruzko zertzelada batzuk aurreratu. Izan ere, Eneko Calle ordezkariak azpimarratu zuen abagunea heldu dela «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko prozesua sendotzeko».
Eraikuntza partekatu bat posible izan dadin, irakaspenak, ondorioak, gomendioak eta konpromisoak proposatuko ditu Foro Sozial Iraunkorraren dokumentuak. Asmoa da agiri horren edukia erreferente bat izatea aintzat hartuko dutela gizarteak berak zein erakundeek. Foroak nabarmendu du ETAren adierazpenaren hamargarren urteurrenaren harira Aieteren inguruan garatu den guztiak eta urtebete honetan egindako lan horrek balio izan duela jokaleku berri bat sortzeko. «Orain, agertoki hori sendotu egin behar da ekarpen berriekin, eragileen iraganaren inguruko ekarpen eta irakurketa kritikoekin», esan zuen Lorena Ramos Foro Sozialeko ordezkariak.
Artiumeko aurkezpenean izango da Ernesto Samper, 1994tik 1998ra Kolonbiako presidente izandakoa, bere herrialdeko bizikidetza erronkak azaltzeko. Aldeak alde, foroak uste du Samperrek «Euskal Herrian bakea eraikitzeko prozesuan aplikatzeko interesgarriak izan daitezkeen esperientzien berri» eman dezakeela.
Ramosen ustez, azken hamar urteetan urratsak egin badira ere, bizikidetza arloan orain asko egiteko dago: «Oraindik ere beharrezkoa da elkarrizketa, hainbeste behar dugun hitzaren kultura hori, hain zuzen ere. Bakea eraikitzeko prozesua egunero ureztatu behar da».
Bizikidetza konfrontaziotik eremu lasai batera eraman nahi du Foro Sozialak
Bizikidetza eratzeari buruzko dokumentu bat aurkeztuko dute etzi. Ernesto Samperrek Kolonbiako prozesuaren erronkak azalduko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu