Osasun krisi betean daude AEBak pandemiarekin, eta krisi ekonomiko larrian; eta zer esanik ez: krisi politikoa ere agerikoa da. Milaka hildako eta gaixo, milioika langabe, eta matxinada saioak... Elkar elikatzen duten krisi horiei berehalako erantzun bat ematea derrigorrezkoa du Bidenen administrazioak.
Baina eskatuko zaio hori baino zerbait gehiago ere: herrialdeko desberdinkeria izugarria benetan murriztuko duten neurri ekonomikoak hartzea; izan ere, desberdinkeria eta milioika estatubatuarrek ikuspegi ekonomikotik pairatzen duten segurtasun falta dira, hein handi batean, krision muineko funtsezko arazoak.
Desberdinkeria murrizteko, hori bai, aldaketek sakonekoak izan beharko dute. Baina halakoetarako, aukeraz gain, denbora behar izaten da. Eta Joe Bidenek, nahiz eta pandemia ostean ekonomiaren hazkunde indartsua espero den, ez du denbora gehiegi ekonomia eta enplegua gutxieneko maila batzuetara bideratzeko, eta politika horiek errotzeko, gero ezabatzen horren errazak izan ez daitezen.
Bi urteren buruan midterm direlakoak iritsiko zaizkio, Ordezkarien Ganbera eta Senatuaren heren bat aukeratzeko hauteskundeak. Ordurako AEBetako herritarrek euren poltsikoetan hobekuntzarik antzematen ez badute, gerta daiteke demokratek erabakiguneetan gehiengoak galtzea, eta Bidenen talde ekonomikoa edozertarako maingu geldituko litzateke. Itxi egin daiteke Bidenentzat Georgiako bi senatari demokraten garaipenarekin urtarril hasieran zabaldu zaion aukera tarte estua.
Donald Trump garaitzea ez zen gutxi demokratentzat, baina Senatuan gehiengoa irabazteak izugarri zabaltzen dio Bideni bultza ditzakeen neurri politikoen eta ekonomikoen zerrenda, nahiz eta gehiengo hori oso estua izan —50na senatari dituzte demokratek eta errepublikanoek, eta, berdinketa egonik, Kamala Harris presidenteordeak erabakitzen du—. Izan ere, berez Kongresuarena (bi ganberena) da zerga legedia eta gastu federala ezartzeko eskumena. Hori gabe, zaila zukeen taxuzko ezer egitea ikuspegi ekonomikotik, Barack Obamari gertatu zitzaion bezala. Eta demokratek ez lukete nahi jokaleku horretan egon bi urteren buruan.
Gastu federala handitzeko bidea errazten diete, gainera, interes tasa txikiek, eta hori azpimarratzen aritu da egunotan presidente hautatua, teorian defizitak gorrotatzen dituzten errepublikanoen diskurtsoa aurretik isilarazi nahian.
Eta, hala ere, asko kostako zaio Bidenen taldeari bere programako zenbait neurri aurrera eramatea. Kapitolioan jokatuko da borroka hori ere. Senatuan, berez, 60 boto behar baitira legeak onartzeko. Dena den, badago haiek gehiengo soilarekin ateratzeko modua: adiskidetze aurrekontuen bidea, zeina filibusterismoa —araudiaz baliatuta jarduera nahita trabatzea— gainditzeko sortu zen. Hori bai, bide hori soilik gai jakin batzuetarako erabil daiteke, baldintza jakin batzuetan, urtean aldi gutxi batzuetan.
Analista batzuen arabera, eta berak ere esan du berebizikoa dela lehenbailehen zerbait egitea, Bidenek ezinbestekoa izango du berehalako neurri batzuk hartzea. Eta urte bukaeran irits daitezke, neurri handinahienak aurrekontuen lege zabal baten barruan, eta baita adiskidetzearen bidea erabiliz ere. Hauek dira bide batetik edo bestetik Bidenek iragarritako neurri batzuk:
Laguntza zuzenak, txekeak eta langabezia
Aste honetan aurkeztu duen pandemiari aurre egiteko 1,9 bilioi dolarreko erreskate planean, Bidenek hirugarren estimulu txeke bat iragarri du, 1.400 dolarrekoa —Trumpek bi banatu ditu: 1.200 dolarrekoak, apirilean, eta 600ekoa, abenduan—. Langabezia sariak ere luzatu eta zabaldu nahi ditu Bidenek.
Gutxieneko soldata, hamabost dolarrera
Demokraten —zehazki, Bernie Sandersen— aldarrikapen bat bere egin du Bidenen talde ekonomikoak: erreskate planean gutxieneko soldata bikoiztea; orduko 7,25 dolarretik hamabost dolarrera handitzea jaso du. Aldaketa oso sakona izateaz gain, hurrengo presidente batek atzera bota ezineko neurria litzateke. Agian urte bukaerara itxaron beharko du hor zerbait lortzeko.
Azpiegitura plan erraldoia
Enplegua sortzeko, lan publikoetan gastu handia egiteko asmoa du Bidenek, eta hor, kontrakotasun txikiagoa espero daiteke errepublikanoen aldetik.
Zergak
Trumpek 2017an onartutako zerga jaitsiera soilik aberatsenen mesederako izan zela inork gutxik jartzen du zalantzan honezkero AEBetan. Bidenek esana du jaitsiera hori ezabatu nahi duela. Alderdi Demokratan indartsuak dira aberastasunaren gaineko zerga baten aldeko ahotsak.
Bidenen erronkak. Ekonomia
Tarte mugatua Bidenentzat
Ekonomia suspertzeko eta desberdinkeria murrizteko berehalako eta egiturazko neurriak hartu beharko ditu AEBetako administrazio berriak. Bizkor ibili beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu