Zientziaren adarren elkargunea

75 urte bete ditu Aranzadi zientzia elkarteak. Arlo ugari lantzen dituzte bertan: arkeologia, etnografia, ornitologia, botanika... Jakintza iturri oparoa izan da arlo askotan, eta zientzia gizartearengana gerturatzeko dibulgazio lana egin du.

1. Osteologia. Animalien eta giza hezurren ikerketa egiten duten gela. JON URBE / FOKU.
ane insausti barandiaran
Donostia
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Eraikinaren barruan zer gertatzen den ondo laburtzen dute kanpoan zintzilik dauden kartelek: oroimena, ondarea, natura eta zientzia diote, eta aipu bat idatzita dago sarrerako atearen gainean, eskuinetara: «Ez dago etorkizunik zientziarik gabe, ezta iraganik memoriarik gabe ere». 75 urte bete ditu Aranzadi zientzia elkarteak, eta Donostiako Zorroagagaina kaleko egoitzaren kanpoaldean daude kartelak; urteurrena ospatzeko jarri dituzte.

Zientziaren adar ugari biltzen ditu Aranzadik, eta elkarrengandik pauso gutxira daude eraikinean: ate baten atzean indusketa arkeologikoen ikerketei buruz hitz egiten topatu daitezke langileak, eta, ondoko atea jota, txorien migrazioei edo astronomiari buruzko ikerlanetan ari dira langileak. Eider Conde da elkarteko komunikazio arduraduna, eta ate batetik bestera gidari lanak egin ditu, zientzialariei haien lanen inguruko azalpenak eskatuz.

Kanpoko atetik sartu eta eskuinera jota, liburutegia dago. Lerro luzeak osatzen dituzten apalak 117.000 bilduma eta 75 aldizkari ingururen gordeleku dira; Aranzadik lan egiten duen zientzia arloei buruzkoak dira, gehienbat. «Aranzadi hasi zuen taldeak segituan ikusi zuen beharra ezagutza nonbait gordetzeko», esan du Condek.

Ikusi gehiago:Zaletasunetik abiatu eta profesional bihurtu

Munibe aldizkaria argitaratzen du elkarteak, natur zientziekin lotutakoa batetik, eta arkeologia eta antropologiarekin lotutakoa bestetik. Lourdes Antzin liburutegiko arduraduna da: «Munibe-ri esker, trukeak egiten ditugu nazioarteko liburutegiekin, liburuak partekatzeko. Haiek ematen dizkigute guri eta guk haiei».

Eskaileretan gora eginda, arkeologiari lotutako gelan murgiltzen da bat. Bertan daude Miren Garcia eta Euken Alonso. Garcia pieza batzuk aztertzen eta garbitzen ari da; Donostian igogailu bat egiteko lanetan aurkitu zituzten, Erdi Aroko tina batzuen barruan: «Garbitu, erregistro zenbakia jarri, inbentarioa sortu eta Gordailura [Irun, Gipuzkoa] eramaten ditugu». Alonsok, berriz, aztarnategien edo aurkitutako piezen 3Dko bertsioak egiten ditu ordenagailuan, eta baita horien berregiteak ere. Aztarnategi erromatar baten 3Dko irudia jarri du pantailan, eta Serantes (Bizkaia) mendiko Dorrearen berregitea ere erakutsi du, bideo batean.

Arkeologiatik ornitologiara

Ordenagailuko pantailan mapa bat dauka Olatz Aizpurua ornitologoak. Euskal Herrian habia egiten duten hegaztiak eta migrazioak ikertzen dituzte bertako langileek, eta enarari buruzko datuak ditu begi bistan. Koloretako marrak daude, hegaztia non eraztundu duten eta non berreskuratu duten azaltzen dutenak. Izan ere, eraztuntze bulegoa daukate Aranzadikoek, erakundearen sorreraz geroztik; urtero, 250.000 hegazti ingururen jarraipena egiten dute.

«Bi eraztun mota daude: grisak, hegaztiei berreskuratzeak egiteko jartzen dizkietenak, eta gorriak, hegazti handiak prismatikoekin ikusteko jartzen dizkietenak, harrapatu beharrik gabe ikusteko», azaldu du Aizpuruak. Hain zuzen, apalean daukaten panpinazko txori batek horietako bat dauka hanka bakoitzean. Panpinaren ondoan dauzkate txorientzako habia kutxak ere: Txoribox proiektuaren barruan, ikastetxeetara joaten dira, tailerrak ematera eta txorien habia kutxak eraikitzera. Gela ere txorien argazkiz apainduta daukate.

Ornitologia sailaren ondoan dago Botanikakoa, eta kristalezko atea pasatuta iristen da atzera ere korridorera. Bertan, bitrina handi batean daude Geologia sailak aztertutako hainbat fosil, eta bidean aurrera eginda iristen da osteotekara. Dozenaka animaliaren burezurrak daude horman zintzilik, gela barruko kaxa eta hezurrei begira ariko balira bezala. Animalien hezurrak eta historiaurreko hezurrak daude kartoizko kutxetan gordeta, eta konparaketak egiteko erabiltzen dira.

Lourdes Herrasti, Paco Etxeberria eta beste hainbatek 36ko gerrari lotuta memoria historikoaren proiektuak abiatu zituztenetik, osteotekan garbitzen eta ikertzen dituzte pertsonen hezurrak ere. Plastikozko kaxak daude bata bestearen gainean pilatuta, eta kanpoan indusketa lekuak daude zehaztuta; gelako mahaiaren gainean pertsonen hezurrak dituzte. «Hezurrak atera ditzakezue, baina jakin gabe nongoak diren», esan du Lourdes Herrastik.

Hezurrez betetako gelaren parean, Fermin Leizaola buru duen Etnografia saila dago, eta korridorearen beste aldean, berriz, Mikologiarena. Horren amaieran topa daiteke Entomologia saila, atea itxita; izan ere, tenperatura eta hezetasuna kontrolpean dituzte, bilduma lehorraren kontserbaziorako. Hezetasun usaina nabarmena da gelan, eta gurpilak biratuz irekitzen dituzte intsektuen bildumak. Landareen herbarioa ere gela berean daukate: 80.000 plegu inguru dituzte gordeak.

«Bildumak ez dira bilduma hutsak, jakintza iturriak dira, ikerketa zientifiko asko horretan oinarritzen direlako», azaldu du Mari Azpiroz botanikariak. Horixe izan da Aranzadi 75 urtez: zientziaren arlo askotarako jakintza iturria, zientzia gizartera gerturatzeko saiakeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.