Presoen gizarteratzea «galaraziko ez duen lobbya»

Aitzol Aslak dio Auzitegi Nazionalak «moteldu» egin duela presoen prozesua. Txemi Perezen ustez, gizartea «beheko kanpalekuan» da jada

Foro Sozialak Donostian egindako azken jardunaldiaren aurreko argazki ekitaldia, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
xabier martin
Donostia
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Agus Hernan eta Nekane Altzelai eledunak hitza hartu aurretik, urteotako lanaren azalpenak eman dituzte ardatz desberdinetako koordinazio lanetan aritutakoek Foro Sozialean. Alor batzuetan «beheko kanpalekura» iritsi dela adierazi dute, euskal gizartea handik igotzen has dadin bizikidetzaren gailurrerako bidea.

Ikusi gehiago:Ikaskuntzak

Beste esparru batzuetan lana burutu gabe geratu da, Foro Sozialak agur esan badu ere; esaterako, iheslarien eta erbesteratuen alorrean, Aitzol Aslak azpimarratu duenez. Preso eta iheslarien ardatzeko lanaz aritu da Asla. Nabarmendu du prozesu oso bat egin dela euskal presoak gizarteratuak izan daitezen,«salbuespen legedia ez, legedi arrunta aplikatuz baizik». Bake prozesuaren «hiru lokarri funtsezkoetako bat» presoak direla azaldu du, eta salatu du «oraindik salbuespenez» kudeatzen dituela justiziak gradu aldaketak. Espainiako Auzitegi Nazionalean «biktima elkarte batzuek eta beste zenbaitek osatutako lobbyak» duen indarragatik gertatzen dela esan du.

Edonola ere, Aslak ohartarazi du auzitegi horrek ez duela «galaraziko» presoen prozesua amaitzea, nahiz eta hura «moteltzen» ari den, kasurako, hirugarren graduak ukatzean aplikatu berri duen ildo berriarekin. Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak izan dira asteon doktrina berri horren lehen kaltetuak.

Azken orduetan jakitera eman dute Sebas Gurtubai presoa Darocako kartzelatik (Zaragoza, Espainia) atera dela aske, hogei urteko zigorra bete ondoren, eta Zigor Blanco presoa ere libre geratu dela; hortaz, sei euskal preso geratzen dira Euskal Herritik kanpo.

Aslak uste du «gehiengo sozial handi bat» dagoela presoen gizarteratzearen alde. Prozesu horretan, gizarteari euren ekarpena egin diezaioten «rol protagonista» presoena dela erantsi du, «biktimentzako errespetu guztiarekin». Iheslariekin eta erbesteratuekin, berriz, haiek Euskal Herriratzeko lana egiteke dagoela onartu du.

Biktima guztien eskubideak

Biktima guztien eskubideez aritu da Aizpea Leizaola. Haren arabera, «zentrala izan da» biktimak berezko lekua izatea bake prozesuan. «Askotariko pertsonak» dira biktimak, Leizaolak azpimarratu duenez, «ideologiaz eta zirkunstantziaz». Zer indarkeriak egin dituen biktima; aitortzarik izan duten ala ez, erakundeen aldetik edo gizarte aldetik... aldagai askok azaltzen dituzte biktimak, haren arabera. «Guztiak hartu ditugu kontuan, aurrera egiteko». Erakundeetan abiapuntu hori ez zela «erreala» erantsi du Leizaolak. «Trataera oso bereziak zeuden eta daude, indarkeriaren jatorriaren araberakoak».

Biktima zein zen eta zein ez ere indarkeriaren arabera erabakitzen zela azpimarratu du, eta molde horretatik harago joan dela Foro Soziala; «denek partekatzen dutelako mina eta sufrimendua, eta guztiek dutelako egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea».

«Erosotasun espaziotik aterata», pentsaera eta kondizio guztietako pertsonak, biktimak eta biktimarioak, elkarrekin eseri eta hitz egitea oso garrantzitsua izan da, Leizaolarentzat, «eta hori diskrezio osoarekin» sustatu du Foroak.

Bestalde, memoriaren eraikuntzaz aritu da Txemi Perez. «Kontakizun guztiak errespetatzen dituen memoria inklusiboa» defendatu du, «kontakizun bakarraren tesia agortua» dagoela garbi utzita. Perezen ustez, «eraikuntzarako espazioa batera» doa gizartea memoriaren alorrean, «gutxika atzean utzita irabazleen eta galtzaileen kontakizuna». Memoria «poliedrikoaz» aritu da eragilea, esateko gero eta barneratuagoa dagoela eragileen aldetik, batez ere ezagutarazten ez diren adierazpenetan; «baina publikoki ere badoa aurrera ideia hori».

Kontakizunaren gatazka

Gatazkan rol aktiboa izandakoak ere hasi dira onartzen ez dela adostasunik egongo «zergatik gertatu zen galderaren erantzunean», Perezen esanetan. Eskatu du iragana ez aztertzeko orainaren begiradarekin, baina ipini du «marra gorri bat» kontakizunei dagokienez: «Begirada kritikoaz eginak izan behar dute: ez dira onargarriak justifikatzeko kontakizunak, azkenaldi honetan ikusten ari garen moduko batzuk egiten duten bezala».

Era berean, Perezek zehaztu du memoria eta historia gauza bat direla eta beste bat kontakizuna. Memoriaren eztabaida burura eramatea «belaunaldi honi dagokio», haren ustez, «eta ez hurrengoari». Memoria baztertzeko «arriskua» ere hizpide izan du, «kontakizunaren gatazkak asperraldia» eragiten ei duelako gizartean. Ezin da gertatutakoa «azkarregi atzean utzi», haren arabera, baina ezin da izozturik geratu ere «kontakizunaren gatazkan kateaturik». Alderdi politikoen borondateaz aritu da «benetako soluzioei» erreparatu dienean, «gutxieneko batzuk ezartzeko». Eztabaida politiko «polarizatua» ikusten du Madrilen, eta esan du euskal prozesuarentzat «arrisku handi bat» dela hori.

Horrez gain, Foro Sozialak genero ikuspegitik egindako lanketaren berri eman du Mari Luz Estebanek. «Lantalde feminista gisa hasi ginen 2017an, eta ez ginen zerotik abiatu», esan du. 2006ko Ahotsak plataforma aipatu du lehen mugarri gisa; Estebanek atsekabe tanta batez azaldu du lantalde feministaren ekarpena bakegintzan «prozesu paralelo edo gehigarri baten gisa» gertatu dela Foro Sozialean.

Nolanahi ere, «mota guztietako indarkeria maila berean jarri eta aztertzeko beharra» plazaratu du haren taldeak. «Egon zen tortura eta egon zen indarkeria sexuala». Emakumeei egindako torturaz hitz egitean, biktmen testigantzak bilatzen direla esan du, baina «begirada erasotzailearengan jarrita» dagoela azaldu du, zigorrean, eta nahiko lukeela «erasoa jasan duenean jartzea». Esplikatu du feminismoan «punitibismoaren aurkako jarrera» dagoela .

Txetx Etxeberrik osatu du Foroaren taldeetako bozeramaileen azalpen jardunaldia, ETAren armagabetzeaz hitz eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.