Planetaren biodibertsitatearen %10aren gunea da Amazonia, baita 34 milioi pertsonaren eta 350 talde indigenaren bizitoki ere. Gizakiaren ekintzek han eragin duten txikizioa ez da berria, baina egoera asko larritu da azken urteotan, eta aurten oso gordin azaleratu da. Oihana partekatzen duten gobernuen politikek —Brasilgoarenak, bereziki—, kanpoko herrialde handien interesek eta multinazionalen jarduerak konbinazio arriskutsua sortu dute. Suteen forman irudikatu da hondamendia.
Amazonian gertatzen ari denaz hitz egin nahi izan du BERRIAk Brasilgo Ingurumen Ministerioarekin, baina ez duela horretaz hitz egingo azaldu du. Egoera gertutik ezagutzen duten hiru aditurekin, ordea, hitz egin du. Horietako bat da Dario Pignotti kazetaria. Komunikazioan doktorea da Sao Paulo Unibertsitatean, eta Argentinako Página 12 egunkarirako dihardu berriemaile Brasildik. Egunez egun ikusi duenagatik argi du Amazoniako suteen arrazoia ez dela klima larrialdia. «Amazonian ez daude lau urtaro: urtaro lehorra eta urtaro hezea dauzka. Lehorra urrian amaitzen da, eta, beraz, urtaro lehorrean gaude. Iazko abuztuan, urte sasoi honetako hilabeterik gogorrenean, aurten baino %300 erreketa gutxiago izan ziren. Horrek esan nahi du ez dela klimatologia faktorea; faktorea Jair Bolsonaro da; ume madarikatu moduko bat da».
Historikoki egin izan dira erreketak Brasilgo hainbat eskualdetan, urtero-urtero, baina ez orain bezala, Graciela Rodriguez ekintzaile brasildarrak gogorarazi duenez. «Nekazaritza teknika oso atzeratua da, eskulana erabili behar izan gabe landaredia kendu eta lurra nekazaritza ustiaketarako prestatzea. Deforestazioa ez da gaurko gauza, baina nekazaritza jarduerarentzako muga asko eta oso azkar zabaltzen ari da orain, sojarentzat eta abeltzaintzarentzat, zeintzuk Brasilgo negozioen oinarrietako bat diren. Latinoamerikako Genero eta Merkataritza Sareko kidea da Rodriguez, eta ikerketa asko egin izan ditu merkataritza libreak emakumeen bizitzan daukan eraginaz, beste gauza askoren artean.
Merkataritza askearen eraginak eta multinazionalen praktikak gertutik bizi izan ditu Roger Rumrrill idazle eta kazetariak. Amazonian aditua da, eta Peruko Amazonian jaioa eta basoan bizitakoa nerabezarora arte. Oso kezkatuta dago gertatzen ari denarekin. Brasil da soja transgenikoaren munduko ekoizle nagusia, eta aurten, gainera, behi haragiaren ekoizlerik garrantzitsuena bilakatu da. «110 milioi tona metriko soja ereiteko, hori baita ekoizpena, 35 milioi hektarea baso moztu behar izan dute. Behi haragiari dagokionez, 206 milioi abelburu ekoizteko, 206 milioi hektarea behar izan dituzte; izan ere, tropikoan buru bat hazteko, hektarea bat baso suntsitu behar baita».
Naturaren txikizio horren atzean, Cargil, Monsanto eta halako korporazioak daude, pestizidei eta intsektizidei dagokienez. «Dimentsio horietako ustiaketa egiteko pestizida kopuru izugarria behar da. Gaur egun, Bolsonaro iristearekin batera, 290 pestizida mota saltzen ari dira. Egun AEBetan eta Europan debekatua dagoen pestizida bat ere badago, zeinak azken urteotan 500 milioi erle hil dituen. Era horretara basoaren loratzea eta polinizazioa amaitzen ari dira».
Fiskaltzaren ohartarazpena
Hori gutxi ez, eta basoaren erreketek berotegi gasen %20 eta %30 artean eragiten dute, batez ere metanoak, gasik toxikoenak. «Bolsonaro korporazio handien operadorea besterik ez da. Berak zabaldu die Amazonia. Misogino, homofobo eta arrazista izateaz gainera, indigenen aurkakoa baita. Esana du, beste gauza askoren artean, indigenen erreserbak barizela bezalakoak direla, eta herri indigenei ez diela zentimetro bat lur gehiago emango. Herri horiek dira, hain justu, basoa milaka urtean zaindu dutenak», zehaztu du Rumrrillek.
Amazoniaren aberastasuna «infinitua» da, begiratzen den lekutik begiratzen dela. Hala uste du Pignottik. Patagonia baino hamar aldiz handiagoa da, eta proportzioan biztanle gutxi ditu.«Zulo geopolitiko bat da, eta Amazoniaren gaineko anbizioa historikoa da. Mirari bat izan da duela denbora asko ez inbaditu izana, Brasil ez baitago hura defendatzeko moduan. Ez du hori egiteko ez gaitasun demografikorik, ezta militarrik ere. Baina orain kanpoko inbasioa barrutik bultzatzen ari dira».
Abuztuaren 10ean —Suaren Eguna— suteak hasi baino hiru egun lehenago, Brasilgo Gobernuak gerta zitekeenaren ohartarazpena jaso zuen. Para estatuko Fiskaltzak txosten bat bidali zion Ibama Brasilgo Ingurumen Institutuari. Agiri ofizialak Folha do Progresso atarikoaren albiste bat aipatzen zuen espresuki: 70 nekazari ekoizlek plan bat koordinatzeko asmoa zuten, Para estatuko (iparraldea) hainbat herritarako. Asmoa zen suteak piztea hego-mendebaldeko Mato Grosso estatuarekin lotzen duen BR-163 errepidearen inguruan. Fiskaltzaren idatzian talde horretako buruen adierazpenak jaso zituzten. «Presidenteari erakutsi beharra» zioten «lan egiteko borondatea» zutela, eta horretarako «bide bakarra bertako landaretza kentzea» zela; eta, beraz, haien larreak «garbituko» zituztela. Esan eta egin.
Pignottiren ustez, ekoizle handien jarduteko modua Bolsonaroren estrategiaren parte da: «Brasilen beldurtzeko erabili ohi duen metodoa darabil Amazonian ere: indarkeriazkoa eta militarra. Bolsonarok bandak dauzka nonahi bere nahiei erantzuteko. Berak eman zuen agindua talde horiek suteak egin zitzaten, eta hori egin zuten, jakin bai baitzekiten inpunitatearen babesa zutela». Inpunitatearen onuradun asko daude, Pignottiren ustez. «Bolsonarok esan berri du, adibidez, indultua emango diela 1996ko Eldorado do Carajasko sarraskia eragin zuten sikarioei». Lurrik Gabeko Mugimenduko hemeretzi kide hil eta 70 inguru zauritu zituzten Parako poliziek, lan erreforma eskatzeko protesta batera zihoazela.
Bolsonarok esana du, besteak beste, isunen eta zigorren industria amaituko dela; alegia, ingurumenaren neurriak errespetatzen ez dituztenak «babestuko» dituela, eta ingurumenaren «psikosia» amaituko duela. «Adierazpen horiek ez dira, ez, bere banda sekretuekin dagoenean egindakoak. Publikoki esaten du hori. Pentsa ezkutuan zer esango dituen», jarraitu du Pignottik. «Bolsonarorentzat, sotiltasunek ez dute baliorik. Baldarra da, eta hala izatea gustatzen zaio. Suteak gertatuko zirelako abisua benetakoa izan zen, eta argitaratu zuen kazetaria heriotzara mehatxatu dute. Kazetari hori Parakoa da, nekazari eta giza eskubideen aldeko ekintzaile gehien hiltzen duen estatukoa. Nazioarteari babesa eskatu dio».
Ingurumenaren babesa
Ingurumenari buruz mandatariak hartu dituen neurri politikoak, berriz, erabat dira koherenteak egiten dituen adierazpenekin eta harengekin. Ingurumena zaintzeko erakundeak desegin edota haiei dirua kentzeaz gain, ingurumenaren aldeko hainbat lege ere indargabetu ditu. Ordain gisa, enpresak eta nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak babesteko legeak onartu dituzte. Graciela Rodriguezek aldaketa garrantzitsu bat aipatu du: «Brasilen lur jabe handien jarduera mugatzeko lege bat zegoen. Beren esku dagoen lurren zati batean bertako landaretza mantentzera behartuak zeuden, eta Amazoniako hainbat lurretan kopurua handia zen. Kasu batzuetan %80ra iristen zen, eta lege horrek berak ibaien inguruko lurrak ere babesten zituen». Hori, ordea, aldatu egin da. «Lege hori ezeztatu dute, eta horrek esan nahi du erabat babesik gabe daudela erreserbetako eremuak. Meatzeen ustiaketari buruzko legea ere eztabaidatzen ari dira orain. Erabaki asko eta asko hartu dituzte Bolsonaro dagoenetik».
Diru iturria eten zaintzaileei
Indigenen erreserbek sekulako garrantzia dute Amazonian. Brasilgo Konstituzioak indigenen lurrak babesten dituen arren, Bolsonaroren gobernuak ez ditu eskubide hori bermatzen duten legeak betearazten. «Lurralde oso handiak dira, aintzat hartzen baita indigenen bizimodua bermatzeko lur asko behar dutela, besteak beste ez direlako laborantzatik bizi, ehiza, arrantza eta bilketatik baizik», zehaztu du Rodriguezek. «Konstituzioan ezarri zuten eskubide hori, eta lurrak babesteko eremuak zehaztu zituzten, hain justu enpresen sarrera galarazteko, ez daitezen lurren jabe bilaka haiek ustiatzeko. Hori izaten da Amazoniako etenik gabeko borroken sorburua».
Eskubide horiek bermatzeko dauden bi instituzio nagusiak, (FUNAI) Indigenen Fundazio Nazionala eta Espazioa Ikertzeko Institutu Nazionala (INPE), desegiten ari dira, diru iturria mozten edota gobernuaren kontrolpean egoteko mekanismoak sortzen ari dira, Rumrrillek ohartarazi duenez. «FUNAI, Tereza Cristina Correa Nekazaritza ministroaren ardurapean jarri dute, eta, haren bidez, indigenen lurrak lurjabe handien eskura jarri dituzte, edo gauza bera dena, oiloak azerien esku utzi dituzte».
Antzeko zerbait gertatu zenINPErekin. Amazoniako landaretza satelite bidez zehazteko eta kontrolatzeko ardura du, eta deforestazioa eta erreketak denbora errealean neurtzekoa. «Bitarteko eta metodo oso eraginkorrak ditu, nazioartean onespen handikoak, eta azken urteotan deforestazioak behera egin zuen horri esker, baina azkenaldian, [Michel] Temerren kolpeaz geroztik, baina batez ere aurten, gora egin du izugarri. Jaitsieraren datuak ezagutarazi zituztenean, Bolsonarok zuzendaria, izen handiko zientzialari bat, kargutik kendu zuen, eta orain institutu osoa bere konfiantzazko jendeaz osatzen ari da. Eskandalu handia sortu zuen kargugabetzeak erreketak hasi aurreko egunetan».
Geopolitikaren biktima
Latinoamerika osoan dago jokoan aberastasunaren ustiatzeko eredu estraktibista, Rodriguezek dioenez. «Eskualdeko eskuinekogobernuok ez dute ezer nazionalistatik, dioten bezala. Birkolonizatzaileak dira, gero eta menpekotasun handiagoa eraginez». Testuinguru horretan Amazonia interes berezikoa da Rodriguezen aburuz, «biodibertsitate aberatsarengatik, ur baliabideengatik, eta hainbat konturengatik. Petrolioarena ez ezik, urrearen bilaketa izugarria egiten ari dira».
Beraz, erreketok Bolsonarok bultzatzen duen proiektuaren barruan kokatu behar dira, legez kanpoko eta indarkeriazko praktiken barruan. «Brasilen paramilitarren hazkunde izugarria bizitzen ari gara; lurraldeak kontrolatzen dituzte, eta legez kanpoko jarduerak bultzatzen dituzte. Amazonian ere horixe gertatzen ari da». Amazoniako politika horrela xehatu du Rodriguezek: «Lurraldeak bazterreko sektoreen edo legez kanpokoen esku uzten dira, eta horiek zubi lana egiten dute enpresa handiekin. Horren onuradunak, azken batean, Londresko urre erosleak dira. Brasilen botere paralelo bat sortzen ari da, Mexikon eta Kolonbian gertatu zen bezala».
Ildo beretik, Pignottik nabarmendu du proiektu politiko, ekonomiko eta sozial horrek Brasilgo mugak gainditzen dituela, eta gaur egun horren bide-urratzaileetako bat dela Bolsonaro. «Estatu arrazoi inperial bat dago non Amazonia helburu bat den. Cardosorekin hala izan zen, diktadurarekin ere bai, baita Lula eta Rousseffekin ere. Ezberdintasuna da Bolsonarok hauxe esan diela AEBei: 'Ni naiz Latinoamerikako Kolonbia berria, Latinoamerikako Israel». Eta Trumpek honela erantzun dio: 'Eta zer emango didazu?'. Erantzuna: 'Dena'. Eta denaren barruan dago Amazonia. Horrek balio du ulertzeko Bolsonarok zergatik egiten duen hori Amazoniarekin, eta zergatik duen jarrera harro hori Frantziarekin edo Alemaniarekin. Hitz egiten ari dena Washington delako, ez Bolsonaro».
Amazonia larrialdian. Politika suntsitzaileak
Amazonia sutan
Uda honetan munduko oihan nagusian piztu diren suteek txikizioaren tamainaz eta ingurune hori babestearen beharraz ohartarazi dute nazioartea. Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen politikek basoaren egoera guztiz okertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu