Koronabirusa. Eskuin muturra

ESKUIN MUTURRA, HEDATZEN ARI DEN BESTE BIRUSA

Pandemiari aurre egiteko salbuespen neurriek askatasuna mugatzen dutela eta, neurri horien kontrako protestak ugaritu egin dira hainbat herrialdetan. Eskuin muturreko taldeak ezinegon hori aprobetxatu nahian ari dira, beren diskurtsoa gizarte sektore suminduetara zabaltzeko. Pandemia aukera gisa ikusten dute.

Eskuin muturreko jarraitzaileak, Michigan estatuko kapitolioaren parean, armak aldean, konfinamenduaren kontrako protesta batean, joan den maiatzean. JIM LO SCALZO / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Burua jatea» leporatzen diete. Herritarrak etxean preso eduki nahi izatea. «Diktadura» ezartzea. Munduko herrialde ugaritan, manifestazioak antolatu dituzte COVID-19ari aurre egiteko gobernuek ezarri dituzten neurrien kontra. Askotariko kezkak bultzatuta irten dira kalera. Badira nazioarteko konspirazio teorietan oinarritzen direnak, txertoen kontrako jarrera defendatzen dutenak, askatasun murrizketa salatzeko manifestatzen direnak, antikapitalistak, gobernuen kudeaketarengatik sumindutakoak, pandemia 5G sareak eragiten duela uste dutenak... Eta, haien artean, eragin nabarmena izaten ari dira eskuin muturreko taldeak. Pandemiaren krisiak eragin duen ezinegon eta ziurgabetasuna aukera bat izan daiteke haientzat, beren mezuak gizartean hedatzeko.

Koronabirusaren krisia baliatu nahian ari dira talde neonazi eta neofaxistak, egungo sistemak porrot egin duela irudikatzeko, eta gizarteak lider indartsu baten gidaritza behar duen ideia zabaltzeko. Ez da ahalegina bakarrik. Haien diskurtsoa gune hegemonikoetan txertatzen ari dela ohartarazi dute adituek. Eskuineko eta ultraeskuineko alderdi batzuen bidez lortu dute beren mezuak hedatzeko bozgorailurik onena, baita pandemian ere.

Matteo Albanese historialari eta Padovako Unibertsitateko irakasleak (Milan, Italia, 1973) XXI. mendeko eskuin muturreko taldeen ezaugarriak aztertu ditu, eta hainbat liburu argitaratu gaiari buruz. Azaldu duenez, mundu osoko talde ultrek pandemia deskribatu dute «Mendebaldeko sistema amaituko duen krisi bat balitz bezala». Sistema demokratikoari egozten diote koronabirusaren errua. «Faxistek eta neofaxistek beti uste izan baitute demokrazia dela modernitatearen arazo nagusia».

Batetik, salatzen dute sistema demokratikoak ez direla eraginkorrak herritarren beharrak asetzeko. «Haien mezua hau da: gobernu parlamentarioa eredu motelegiak dira. Gizon indartsuak behar ditugu, erabakiak hartu eta gauzatuko dituztenak. Finean, herrialdea salbatuko dutenak». Bestetik, sistema demokratikoa eredu ankerra da, atzerriko botereen eta talde ekonomiko handien menpekoa delako, eta bere aberriko biztanleen interesak baztertzen dituelako.

Ikuspegi horrekin bat, eskuin muturreko talde batzuek salatu dute nazioarteko konplot bat dela COVID-19aren pandemia, izua zabaltzeko, askatasuna murrizteko eta herritarrak kontrolpean izateko sortua, eta txerto eta sendagaien salmentekin farmazia enpresak aberasteko helburua duena. «[Demokraziak] bere herritarrak akabatzen dituela salatzen dute. Ez dago hori baino gauza izugarriagorik. Baina ez dira gogoratzen XX. mendean mendebaldeko Europan beren herritarrak hil zituztenak agintari faxistak eta naziak izan zirela: Hitler, Mussolini, Franco eta Salazar».

Kritika kontrajarriak

Eskuin muturreko talde guztiek ez dute jarrera bera koronabirusaren krisiari buruz. Batzuen iritziz, birusa asmakizun bat da; beste batzuen ustez, gobernuek zabaldutako gaitz bat, eta beste zenbaitek, berriz, pandemiaren aurrean arinegi jokatu izana leporatu diete agintariei. Albanesek azaldu du talde neonaziek eta neofaxistek «galaxia bat» osatzen dutela, eta oso jarrera desberdinak dituztela. «Aktore berak ere kontrako mezuak ematen ditu sarri. Lega Nordekin gertatu da Italian, eta Voxekin Espainian. Egun batean gezurra dela esan dezakete, eta hurrengoan, birusa hedatzen ari dela. Batzuetan, dena gelditu behar dela, eta hurrengoan, lanera joateko dena ireki behar dela. Eromena da. Hala ere, hori baino ideologia sendoagoa daukate. Pandemia bera ez: hari buruzko diskurtsoa da kontua. Erakunde demokratikoak indarrez jotzea».

Eskuin muturreko talde batzuen ikuspegitik, gezurretan ari diren botere talde horien parte dira pandemiaren arriskuaz ohartarazten ari diren zientzia erakundeak ere. Albaneseren hitzetan, zientziari buruzko «diskurtso bikoitza» dute talde horiek. Batetik, neofaxismoaren barruan aurki daitezke «modernitatearen aldeko atxikimendu sendoa» dutenak ere. «Abiadura, mekanika, hobekuntza teknologiko handietan oinarritutako gerra» miresten dituzte, eta, aldi berean, «diruaren mende dagoen zientzia» salatzen dute, «ez delako nazioaren zerbitzura dagoen zientzia bat, ez da zientzia abertzale bat». Ikuspegi horretatik ere babestu daiteke txertoen kontrako jarrera. Albanesek ohartarazi du faxistak beren diskurtsoa hedatzen ahalegintzen ari direla txertoen kontrakoen artean ere. «Era guztietara eta mugimendu guztietan infiltratzen saiatzen dira. Haien esanetan, zientzia burgesa da, talde ekonomiko handien interesen menpekoa, eta, demokrazia burgesak bezala, zientzia burgesak ere ez du ongi funtzionatzen».

Albanesek azaldu duenez, berdin gertatzen da haien ildoarekin bat ez datozen hedabideekin ere. «Herriari gezurra esatea» dute helburu, eta pandemia aukera gisa ikusten dute ezkutuko asmo hori azaleratzeko. «Doktrinamendu politika» baten zerbitzura aritzea leporatzen diete.

Herritarrei gezurretan ari zaizkiela argudiatuta, eta izua sortzea leporatuta, hainbat gobernuk «fake news-en aurkako legeak» deitu dituztenak onartu dituzte pandemiaren larrialdi egoeran. Hungarian, esaterako, Viktor Orbanen gobernuak bost urterainoko kartzela zigorrak ezarri ditu gobernuaren «eraginkortasunari kalte egiten dioten» informazioak argitaratzeagatik.

Neofaxismoaren ikuspegitik, egungo gizartearen beste gaitz bat ere agerian utzi du koronabirusaren krisiak: globalizazioa. Albanesek azaldu duenez, arrazakeriarekin lotuta ageri da ideia hori eskuin muturraren diskurtsoetan. «Herri bakoitza berea den tokian egon balitz, ez zen pandemiarik egongo. Birusa Txinatik atera da, eta, beraz, txinatarrak dira pandemiaren errudunak».

Irakasleak nabarmendu du birusa hedatzearekin Txinako herritarren kontrako mezuak zabaldu direla oihartzun handiko diskurtso publikoetan. OME Osasunaren Mundu Erakundeak koronabirusa «etnia» jakin batekin ez lotzeko eskatu behar izan zion martxoaren erdialdean Donald Trump AEBetako presidenteari, COVID-19 gaitza eragiten duen SARS-CoV-2 birusari «birus txinatarra» deitzeagatik. «Hasieratik argi utzi dugu birus honek ez duela mugarik, ez duela aintzat hartzen gure azalaren kolorea edo bankuan daukagun diru kopurua, eta garrantzitsua da hizkera zaintzea», adierazi zuen Mike Ryan-ek, OMEko larrialdietarako zuzendariak.

Italian, Luca Zaia Venetoko gobernadoreak —Lega Nord eskuin muturreko alderdikoa da— txinatarren higiene eta elikadura ohiturak jarri zituen jopuntuan. Zaiak aditzera eman zuen Txinako biztanleek ez dutela higiene pertsonala zaintzeko ohiturarik, eta «garesti ordaindu» dutela pandemia, «bizirik dauden arratoiak eta antzekoak jaten dituztelako». Legako ordezkariaren adierazpenek berehala eragin zuten Txinaren erreakzioa, eta barkamena eskatu behar izan zuen ordu batzuen buruan. Albaneseren hitzetan, diskurtso mota hori «arrazakeria hutsa da, besterik ez». Baina «arrazismo kulturala» dela gaineratu du, «ez soilik biologikoa». «Txinatarren edo asiarren kontra esaten direnen antzekoak entzun daitezke musulmanei buruz, adibidez».

Agendan eragiten

Gobernuek ezarri dituzten itxialdien kontrako manifestazioak ugaritu egin dira azken asteetan, eta hainbat herrialdetan izan dira halako protestak. Albanesek adierazi du ez dagoela kezkatuta talde faxistengatik edo neonaziengatik. «Azkenean, jende kopuru txikia da». Baina arduratzekoa iruditzen zaio eskuin muturraren diskurtsoko mezuak entzun daitezkeela mainstream-aren barruan, Donald Trump AEBetako presidentearen, Matteo Salvini Lega Nordeko buruaren, eta Voxeko, Fronte Nazionaleko eta eskuin muturreko halako alderdien bidez. «Herritarrak mobilizatzera deitzen ari dira. Prentsa, talde ekonomiko handiak eta establishment-a gezurretan ari direla esaten dute. Haiei egozten diete bizi dugun egoeraren errua».

Diskurtso hori herrialde bateko presidente kargutik egiten dute zenbaitetan. Esaterako, Trump eta Jair Bolsonaro Brasilgo agintaria. Horrek ohiko politikaren arauak hausten ditu, eta oposizioaren lana asko zailtzen du, Albaneseren hitzetan. «Harridura sortzen du horrelako mezu bat boteretik entzuteak. Oposizioaren rola jokatzen dute boteretik. Presidentea naiz, baina herria deituko dut sistemaren aurka borrokatzera. Horrek oso egoera zailean jartzen du oposizioa».

AEBetako presidente izanik, kontrabotere gisa aurkeztu du bere burua Trumpek. Koronabirusa dela eta, nahitaezko itxialdiaren aurka mintzatu da, eta gogor kritikatu ditu konfinamendua ezartzearen alde egin duten AEBetako gobernadoreak. Herritarren askatasuna mugatzea leporatu die, bera politikoki higatu nahi izatea eta ekonomiari kalte egitea.

Gauza bera egin du Bolsonarok ere. Bere herrialdean gehiengoa dira konfinamendua ezartzearen alde egin duten gobernadoreak, eta haien jarrera salatu du, «neurri diktatorialak» hartzeagatik. Bolsonarok ez du erreparorik izan, aldi berean, Brasilgo Parlamentuaren itxiera eskatzen duten mobilizazio jendetsuetan parte hartzeko, nahiz eta herrialdean ugaritzen ari diren koronabirusak kutsatutakoak eta hildakoak.

Bi agintariek nabarmendu dute konfinamenduak herritarren askatasunak murrizten dituela, eta beren buruak aurkeztu dituzte askatasun horien defendatzaile eta berme gisa. Konfinamendua herritarren atxilotzearen pare jarri dute, eta ideia hori bat dator protestetan egin diren aldarrikapenekin. Manifestariek gobernuei egotzi diete herritarrei askatasuna murriztea boterea neurrigabe erabilita. Albaneseren esanetan, baina, askatasunaren aldeko aldarri horiek badituzte berezitasun aipagarri batzuk. «Askatasunaz ari diren bakoitzean, askatasun indibidualaz ari dira. Maskara ez jartzeko askatasunaz, adibidez». Eskuin muturrak ez dio zilegitasunik aitortzen gobernuari askatasun indibidualak mugatzeko, ezta osasun larrialdi batean ere. «Ez duelako erakunde egiazko, herrikoi, nazional eta abertzale modura ikusten, herriaren etsai modura baizik».

Hala ere, Albanesek nabarmendu du faxismoak ez duela sekula ere bere egin «Frantziako Iraultzak ezarri zuen askatasun indibidualaren ideia», hain justu, «askatasun indibidualaren ukazioa» delako. Orain, baina, eskuin muturreko taldeek askatasunaren diskurtsoa «baliabide gisa» erabiltzen dute, haren ustez, «kultura politiko desberdinetara iristeko, kontsentsua irabazteko». Albaneseren esanetan, faxismoak demokraziaren kontra egiteko aprobetxatzen du askatasun indibidualen aldarria. «Neurri mugatzaile horiek guztiek multinazionalen negozio interesei erantzuten dietela ziurtatzen dute. Adibidez, biztanleria osoaren gaineko test kanpainetan».

Sozialdemokraziak, porrot

Faxismoaren diskurtsoko hainbat elementu gizartean hedatu izana «sozialdemokraziaren porrot estrategiko eta estrukturalaren ondorio da», Albaneseren iritziz. Ezkerraren pentsamenduak «lan nazionalaren paradigma» hartu du ardatz: «Nazioaren barruko lana». Hori dela eta, «gaur errazagoa da nazioari buruz hitz egitea herritarren eskubideez hitz egitea baino». Europa horren adibide dela adierazi du. Haren ustez, estatu batetik bestera dauden desberdintasunek bidea errazten diote nazionalismo baztertzaileari. «Ez badugu eskubideen unibertsaltasuna bermatzen, eskuin muturraren diskurtsoa erraza da: alemaniarrak dira arazoa, edo ijitoek dute errua».

Europako herrialdeek koronabirusaren krisiari batera erantzuteko dituzten zailtasunen harira, narrazio nazionalista arriskutsu bat indartzen ari dela ohartarazi du. «Italian, adibidez, bada austriarren eta herbeheretarren kontrako diskurtso bat: 'Ez dituzte Europa hegoaldeko herrialdeak lagundu nahi'». Faxismoa egoera hori bere mesedetan erabiltzen ari da, Albaneseren esanetan. Halakoetan, eztabaidak «jarrera politiko bati buruzkoa» izan behar du, eta ez «herri bati buruzkoa». «Hori da muturreko nazionalismoaren oker izugarria: jarrera politiko jakin bat herri oso batekin identifikatzea. 'Italiar guztiak faxistak dira edo espainiar guztiek dute Francoren koadro bat etxean'».

Albanesek ohartarazi du muturreko diskurtso nazionalista gero eta kontsentsu handiagoa ari dela lortzen Europan, koronabirusa ekonomian eragiten ari den beherakadaren ondorioz. «'Pasa zure oporrak Italian'. Grezia ikaragarri gustatzen zait, zergatik ezin dut joan hara? 'Zure aberriari traizio egingo diozu', erantzungo dizute. Diskurtso mota horren aurrean azkar erreakzionatzen ez badugu, eskuin mutur nazionalista oso zoriontsu izango da. Gauza txikiak dira, baina bata bestearen atzetik ari dira azaleratzen».

Eskuin muturrak oihartzun handiko gune hegemonikoetan bere diskurtsoaren hainbat elementu txertatzeko gaitasuna erakutsi duen honetan, Albanesek ezinbestekotzat jo du neofaxismoaren kontrako «borroka kultural eta politikoa». Esan daiteke zeregin handia dagoela horretan, ikusita Trumpek AEBetako mugimendu antifaxista talde «terroristen» zerrendan gehitzeko asmoa iragarri duela aste honetan. Hala ere, Albanesek ohartarazi du pandemiak egungo gizarte ereduaren «eskaintza krisi bat» utzi duela agerian, eta hori dela faxismoaren hazkunderako arriskurik handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.