Elikadura industria. Txerrikiaren garestitzea

San Martinen pagotxa

Txinaren eskaera handitzeak %50 igo du txerri haragiaren prezioa hiltegietan, azken hamahiru hilabeteetan. Euskal Herriko dendarien eta banatzaile handien arabera, igoera hori oraindik ez da asko nabaritu saltokietako prezioetan, baina, joera goranzkoa bada aurrerantzean ere, litekeena da aurki gehiago garestitzea.

San Martinen pagotxa.
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun

Azaroak 11 euskal baserritarren egutegietan gorriz markaturiko eguna da. San Martin egunez, urtean zehar lodituriko txerria hiltzen da. Festa eta oturuntza egun gisa ageri da iruditerian, ganbaran lehortu eta onduko diren txerrikien miran. Txerri hiltegietan egunero da San Martin, tradizioaren xarmatik urrun, baina haietan ere oturuntza giroa dute azken urte luzean. «Urte bukaeran ezarri duten prezioa azken 30 urteetako handiena da. 2018ko abendutik 2019kora %44 igo da txerri haragiaren batez besteko prezioa hiltegian». Diagnosia Igor Acerorena da, Eroskiren haragi arloko arduradun komertzialarena, eta datu hotzetan kuantifikatu du txerri haztegien eta hiltegien aro oparoa.

 

Baina zein da San Martinen pagotxa elikatzen duen bazka? Izurri afrikarra delako gaitza, 2018ko udazkenean aurkitu zutenetik Txinako txerri ekoizpena %40 murriztera behartu duena. Eta horiek txerri asko dira. Izan ere, munduko txerrien erdiak Txinan hazten eta kontsumitzen dira —gizakien populazioaren %18 bizi da han—, eta, barne ekoizpen gabezia hori asetzeko, mugez harago begira jarri da, Europatik hasita, eta nazioarteko merkatuetako prezioa handitu du. «Txina munduko txerriki guztia eramaten ari da; sekulako mugimendua dago merkatuetan». Iñaki Aduriz Uvesco taldeko —Super BM eta Super Amara— haragi produktuen arduradun nagusia da, eta badaki zertaz mintzo den, 31 urteko esperientzia baitu sektorean. «Egoera oso ona da haztegientzat. Eskaera igoera lehengaiaren prezioan nabaritu da — %50 inguru igo dela esango nuke—, eta ekoizpenean ere bai. Prezioari dagokienez, txuletan nabaritu da, saiheskian... Alor guztietan, baina batez ere produktu industrialetan», zehaztu du. Inguruko hiltegi handiena Lleidakoa da (Katalunia), eta hark zehazten du astero banatzaileek zenbat ordaindu behar duten txerri haragi kilo bakoitzeko —bizirik pisatzen dute—. 2019 urtean, kiloko 1,04 eurotik 1,49rainoko gorako bidea egin du prezioak.

Besteak beste, Katalunian erosten du lehengaia Embutidos Arbizu enpresak, baina baita Nafarroan bertan eta Teruelen (Espainia) ere. Arbizuri (Nafarroa) hain ospe handia eman dioten txistorren ekoizleetako bat da. Astero hamabi eta hamalau tona txistor eta hirugihar ekoizten dituzte, eta negu partean hogei tonaraino iritsi dira. Ainara Goikoetxea enpresako ordezkarietako bat da, eta arduratuta dago egoerarekin. «Prezioa goraka doa etengabe; astero bost edo hamar zentimo igotzen da. Guk erosten ditugun txerri atalak, gainera, gehiago garestitzen ari dira. Guretzat hori da okerrena, oso zaila delako igoera azken produktuaren salneurrian sartzea, eta gure irabazi tartean eragiten digu; estutu egin behar dugu». Ardura logikoa da; 1960ko hamarkadan sorturiko enpresa bat da, eta, aurretik lehengaiaren prezio igoera handi puntualak izan dituzten arren, ez dute ezagutu hain luzaroan iraun duen «goraldirik».

Dendetan, oraingoz gutxi

Txina eta hiltegiak urrun gelditzen zaizkio kaleko kontsumitzaileari. Saltokietan, baina, igoerak ez du hainbesteko islarik izan, oraingoz. «Gehiago igoko zela uste nuen; guri banatzaileak prezioa antzera mantendu digu. %20 igoko zen, agian gutxiago. Guk iaz txerri txuleta kiloa 6,20 euroan genuen, eta orain, 6,50ean. Igoera hori, gainera, abenduan iritsi da. Txerriki landua, adibidez, oraindik ez dugu igo. Baina garai txarragoak etorriko direla uste dut». Iragarpena Olga Gonzalezena da, Albizu harategiko mostradoretik egina, Eibarko Ubitxa auzoan (Gipuzkoa). 34 urteko esperientziaren ahotsa da. «Guk gutxi igo dugu; auzo batean egiten dugu lan, eta kalitate bereko generoa izan arren, ezin duzu prezioa herriko erdigunean bezala igo».

Hau ere irakurri: Txerrien apokalipsia.

Gonzalezen hitzak bere egin dituzte Acerok eta Adurizek, saltoki handietan ere txerri freskoaren prezioa ez baita hainbeste garestitu. Acero: «Salmenta prezioek ez dute gorakada hori guztia izan. Balio kate guztian eraginkortasuna hobetuz, igoera hori salmenta preziora ez eramatea lortu dugu. Baina erosketa prezioak igotzen jarraitzen badute, salmenta prezioek ere gorakada izango dute». Lotura logikoa da. Uvescon ere antzera mintzo dira: «Gure irabazi tartearen aurka egin dugu; pixka bat ukitu dugu prezioa, baina ezin dugu igoera hori dendako preziora eraman. Kasu batzuetan, ez dugu irabazten, edo eskaintza gutxiago egiten ditugu. Harategian baino, produktu industrialean nabaritu da gehiago: saltxitxetan, urdaiazpikoan... merkatua hala dabil».

Adurizek beste gako bat erantsi dio azalpen argigarriari: txerri haragiaren balizko estatusa. «Txerrikiak irudi bat du, txekorra baino merkeagoa da, eta haren eta oilaskoaren artean dago. Erosleari eramatean, hori kontuan dugu. Beste gauza bitxi bat pasatu da: txerri iberikoa ez da hainbeste igo, ekoizpen handia dagoelako, eta ezin duzulako txerri zuria iberikoaren prezioan jarri. Horregatik diot ez dugula prezioa igo».

Txistorra saltzean ere hori kontuan dutela azaldu du Goikoetxeak. «Gu zentimora goaz, eta ukitu dugu prezioa; tira, txerrikia egiten dugun guztiok ukitu dugu, baina ez beharko genukeen adina. Askotan parra egin dugu, edo irabazi tarterik ia ez izan. Baina tira, gurean ere ez da hainbeste igotzen; bi euro balio duen txistorra edo hirugiharra hogei zentimo igoz gero, ia ez da nabaritzen; produktu merkeak dira, edozeinen aukeren barruan jarraitzen dute, eta igoera horregatik ez dituzu zure ohiturak aldatzen». Goikoetxeak arrazoitu egin du azken esaldi hori. «Guk, esaterako, kontsumoan ez dugu aldaketarik nabaritu. Kontrakoa: goraka egin dugu. Egin dugun guztia saldu dugu 2019an».

Txerrikumea, gutizia

Hego Euskal Herriko biztanle bakoitzak bederatzi bat kilo txerri haragi fresko kontsumitzen ditu urtean, eta horiei gehitu behar zaizkie produktu gazituak eta txerriki landuak. Txistor egileek ez dute alderik nabaritu kontsumoan. Eroskin ere ez dute beherakadarik ikusi, haragi batetik besterako bidea baizik. «Igoerak txerri haragiaren salmentari eragin dio; kilotan gutxiago saldu dugu, baina kilo horiek beste haragi guztiek hartu dituzte. Txerriki prestatuetan ere sumatu dugu mugimendu hori», azaldu du Acerok. Uvescon antzeko mugimendua ikusi dute: «Urtean zehar pixka bat kostatu zaigu txerria saltzea; oilaskoak, aldiz, gora egin du. Txerrikumea da gehien kostatu dena: hor bai prezioak eragina izango zuela».

Txerrikumearena ondo azaldu du Adurizek: «Txerrikume guztiak hazi egiten dira, hala nahi dituzte Txinan, eta errentagarriagoak dira ekoizleentzat. Txerrikumea gutizia da, gutxi dago». Gabonetan, esaterako, kiloa iaz baino bi edo hiru euro garestiago egon da. Bost kiloko pieza bada, hamabost euro guztira. Gonzalezek ere sumatu du. «Guk txerrikume oso ona izan dugu, freskoa, ona, kalitatezkoa, baina garesti zegoen. Gutxi saldu ditugu, eta enkarguz. Nik bezeroei beste haragi batzuk gomendatu dizkiet Gabonetan, oso puztuta zegoelako. Bestela, oro har, saltzeko garaian ez dugu asko nabaritu; haragiarekin zerikusia izandako beste krisi batzuk okerragoak izan ziren salmentarako».

Garestitzeak urte batzuk iraungo duela uste dute denek. Txinako Nekazaritza Ministerioaren arabera, herrialdea 2024an itzuliko da izurritea hasi aurreko ekoizpenera, eta ordura arte sarea botatzen jarraituko du munduan. «Nire ustez, garairik okerrenak iristeko daude», iragarri du Goikoetxeak. Eta ez da ari prezioaren gorakadaz bakarrik: «Bi urte oso txar datozela diote. Ez dela egongo ekoizle guztientzako adina haragirik. Guk zatikatze geletan erosten dugu, txerriaren zati jakin batzuk interesatzen zaizkigulako, eta hori diote han. Haragi asko dagoenean, hiltegitik deitu egiten zaituzte, eta mila kilo eskatzen badituzu 1.500 bidaltzen dizkizute. Orain, aldiz, zuk deitu behar diezu, eta mila kilo eskatzen badituzu, 800 iristen dira».

Adurizek ere uste du «urte batean edo bitan» merkatua aurrekora itzuliko dela, «baina bitartean...». Txinak inbertsioak egin ditu animalia osasuntsuak hazteko, eta espero du haien eragina aurki antzematea merkatuan. Lehengaia izateak ez du hainbeste urduritzen, duela urte batzuk hona txerri arraza bakarrarekin egin baitute lan, Duroc izenekoarekin. Nafarroan hazi eta Errioxan hiltzen dute. «Lasai gaude. Produktu oso ona da, eta berme berezia ematen digu. Guk, gainera, eskaeraren arabera egiten ditugu erosketak. Prezioak gora egiten duelako kontsumoa jaitsiko balitz, maila berean egokituko genuke eskaera», zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.