Golak. 0-1: Barjak (78. min). Epailea. SanchezMartinez. Txartel horiak Alaveseko Pinari, Laguardiari eta Lucasi; eta Osasunako Unai Garciari, Vidali, David Garciari eta Juan Cruzi.Bestelakoak. Ikuslerik ez Mendizorrotzan pandemiarengatik.
Tentsio handia, borroka asko eta futbol gutxi izan zuen atzo Alavesek eta Osasunak jokatu zuten derbiak. Eta gola, bakarra, gorritxoei urrezko garaipena lortzeko balio izan ziena. Beren bertsiorik pragmatikoenari heldu zioten gainbeheran diren arabarrei gailentzeko. Abelardorenak alarma egoeran sartu dira; Arrasaterenek, berriz, arnasa hartu dute.
Atzokoa ez zen final bat, ezta partida bat gehiago ere. Balio handiko puntuak zeuden jokoan, baina galtzeko ere asko zegoen. Horregatik, akatsak saihesteko obsesioa izan zuten bi taldeek. Debekatuta zegoen arriskuak hartzea: aurkariak hurbiltzean, baloiak erre egiten zien. Eta defentsan desorekarik txikienean, falten bidez eteten zuten jokoa: guztira 22 egin zituzten lehen zatian. Bekatua zen aurkariari korrika egiten uztea, eta mina zelai bihurtu zuten neurketa.
Gol egoera bakar bat ere ez zen izan lehen ordu erdian. Ekimena Alavesek hartu zuen hasieran, baina joko gutxirekin eta aukerarik gabe. Pixkanaka, Osasunak hartu zuen aginte makila; haatik, nafarren ahaleginak ere argitasunik gabeak izan ziren. Nacho Vidal saiatu zen eskuin hegaletik jokoa bizitzen, baina apenas izan zuen laguntzarik. Torresen erdiraketak eskasak izan ziren, Ruben Garcia oso gutxi agertu zen, eta aurrelariek, ezinbestean, borrokatu besterik ezin izan zuten egin. Harik eta 36. minutua iritsi zen arte. Vidalek bigarren zutoinera erdiratu zuen baloia, eta Budimirren burukada atepetik atera zuen Lejeunek. Aldaratzean, Laguardia agertu zen Calleriren jaurtiketa moztera.
Osasunaren oldarraldiak ez zuen kikildu Alaves, eta urratsa egin zuen atsedenaren aurretik. Joseluk itzalpeko lana egiten eman zuen lehen zati osoa, eta 40. minutuan jaurtitzeko aukera izan zuen, falta baten aldaratzean; errematea oso gora joan zitzaion, ordea. Lucas Perezen lerro arteko agerpenek ere zalantzak eragin zizkieten gorritxoei.
Ildo horretatik ekin zioten arabarrek bigarren zatiari. Abelardo Fernandezek Pellistri eta Duarte sartu zituen aldageletatik bueltan, hegaletako jokoa indartzeko intentzioz. Lehen aukera garbia, ordea, Osasunak izan zuen, 53. minutuan. Kalitate zertzelada bat behar zen mataza askatzeko; esaterako, bi aurkariri izkin egin eta pase erabakigarri bat ematea, Ruben Garciak egin zuen bezala. Bakarrik geratu zen Calleri, baina ez zuen jokaldia behar bezala bukatu: erdiratuegi jaurti zuen. Alavesek Joseluren erdiraketa zital batekin ihardetsi zien gorritxoei; errematerik ez zen izan, ordea.
Talentua lehenik, zoria gero
Jokalari teknikoen talentuari etekin handia atera zion Osasunak hurrengo saialdian. Alboko sake baten ostean, Ruben Garciak orpoz pase dotorea eman zion Torresi, eta nafarrak, orduan bai, baloi arriskutsua bidali zuen arearen bihotzera. Partida nolakoa, halakoxea izan zen jokaldiaren amaiera: Barjak errebotez sareratu zuen baloia, nola oso ongi jakin gabe. Aulkitik atera eta ekarpen handia egin zuen hegalekoak, beste behin ere. 78. minutua zen, eta Osasunak pauso handia egin zuen neurketa oso lakar batean 38 falta izan ziren guztira sari distiratsua lortzeko.
Alavesentzat hondamendia zen neurketa galtzea, eta etsi-etsian jo zuen berdinketaren bila. Hiru aurrelarirekin jokatu zuen azken minutuak, eta hiruren arteko jokaldi batean oso gertu izan zuen gola, neurketa bukatzear zela. Deyversonek Lucasekin jokatu zuen, eta hark Joselurekin, baina erremateak Herreraren eskuetan bukatu zuen. Alavesek atera egin zuen lehen jaurtiketa izan zen. Valladolid eta Elxen emaitzen arabera, arabarrek jaisteko postuetan buka lezakete jardunaldia. Osasunak, berriz, askoz gertuago dakusa mailari eusteko helburua Mendizorrotzatik hiru punturekin atera ostean.
Alaves 0-1 Osasuna
Errebote batek erabakia
Osasunak urrats handia egin du mailari eusteko bidean, eta zalantzaz beterik utzi du Alaves. Joko gutxiko eta eten askoko partida izan da; 38 falta izan dira guztira. Barjak sartu du gola, txiripaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu