Aurrez ez da sekula euskarazko lanik izan Zinemaldiko Nest sarirako hautagaien artean, eta bi izango ditu aurten, lehiaketaren 21. aldian. Mundu osoko zinema eskoletako ikasleen film laburrak saritzen dituzte, zehazki, eta, aurten, hautaketa batzordeak hamahiru lan bereizi ditu 160 eskolak aurkeztutako 350 filmen artean. Haien artean dira Mikele Landa Eigurenek zuzendutako Noizko basoa eta Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi lanak. Biak euskaraz sortutakoak.
Irailaren 19tik 23ra bitarte proiektatuko ditu Zinemaldiak Nest saria jasotzeko hautagai diren lanak, eta Tabakalerako zinema aretoan izango dira emanaldi guztiak. 10.000 euroko saria jasoko du irabazleak, eta oraindik zehaztu gabeko zinema esparruko pertsona ospetsu batek eta hautatutako lanen jatorri diren zinema eskoletako ikasleek osatuko dute epaimahaia. Horrez gainera, orain arte saritutako film laburrak ikusgai egongo dira Tabakalerako Medialabeko estudioan.
Fikziozko lana da Muriel Letamendiarena, eta Ainhoa izeneko pertsonaia du ardatz. Urtebete da haren aita hil zela, eta haren akordua dakarkio etxeak etengabe. Ihes egiteko gogoa du, baina amak ondoan nahi du, eta hor piztuko da gatazka. Euskal Herriko Unibertsitateko ikaslea da zuzendaria egun, eta Ibone Ajuria Fondado eta Sonia Villamor aktoreekin grabatu du filma.
Ez-fikziozko film bat da Landa Eigurenen Noizko basoa. Donostiako Elias Kerejeta zinema eskolako ikaslea da bera, eta, filmaren sinopsiak iradokitzen duenez, saiakeratik gertu dabil lehiaketara aurkeztu duen lana. «Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?».
Euskarazko bi lan izango dira Zinemaldiko Nest saria lortzeko lehian
Hamahiru film labur hautatu dituzte guztira; tartean dira Nagore Muriel Letamendiaren 'Erro bi' eta Mikele Landa Eigurenen 'Noizko basoa'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu