EH Bilduk badu plan batEuskal Herriko industria «berpizteko». Koalizio abertzalearen diagnosiaren arabera, industria «pisua galtzen ari da» urtez urte, eta, horren ondorioz, ezinbestekoa da politika publikoen eta pribatuen norabidea aldatzea. Lema kolpe hori emateko, «industriarako politika ekintzaile» bat diseinatu du, eta haren oinarri batzuk zehaztu ditu. Besteak beste, erakunde publikoen baldintzapeko bultzada ekonomikoa, langileak erabakiguneetan txertatuko dituen kudeaketa eredua, eta enpresen deserrotzea oztopatzeko neurriak.
EH Bilduk eredu industrialaren inguruko eztabaida publikoan murgiltzeko prest dagoela erakutsi zuen atzo Bilbon, bere industria planaren aurkezpen publikoan. Industria politika eraginkorrerako oinarriak txostena urtebeteko hausnarketa prozesu baten fruitua da, eta sektorea jasaten ari den krisiari erantzutea du helburu. «Egun ez dago izen hori merezi duen industria politikarik. Enpresak ez daude errotuta, eta sektore estrategikoetan trakzio enpresak galtzen ari gara», kritikatu zuen Pello Otxandiano koalizioko programa zuzendariak.
Euskalduna jauregian egin zuen aurkezpena. Kooperatiben munduko izen ezagunak bertaratu ziren. Rosa Lavin Kooperatiben Konfederazioko burua aurkezpenean zen, besteak beste, eta Mondragon taldeak, Oronak eta Eroskik ordezkaritza bidali zuten. Viuda de Sainz eraikuntza enpresak, Solariak, Euskaldendak elkarteak eta UPTA langile autonomoenak ere gonbidapena onartu zuten. Sindikatuei dagokienez, LAB bakarrik agertu zen, baina UGTk eta CCOOk barkamena eskatu zuten ezin izan zirelako joan. Patronal handirik ez zen egon. Bilduk ez zituen gonbidatu.
Kooperatiben babesa ulertzekoa da, koalizioaren eskaintzaren ardatzetako bat baita zuzendaritza organoetan langileen presentzia normalizatzea: «Kudeaketa aurreratua bilatu behar da, emaitzak eta erabakiak enpresako kide guztien artean partekatuko dituena». Eta ez bakarrik demokratizatzeko, uste baitu «langileen ahalduntze» hori enpresaren errotzea bermatzeko aingura izan daitekeela.
EH Bilduren ustez, enpresen erabakiguneek Euskal Herrian jarraitzeko ahalegin publiko guztiak zilegi dira. Errotzea galtzeko arriskua hainbatetan aipatu zuen Otxandianok. «Hori eragozteko, interbentzioa behar da», nabarmendu zuen. Horretarako zerga araudia eta legedia egokitu beharko lirateke, eta «finantza bulkadak» bermatu.
Bulkada publikoak funts pribatuen gihar ekonomikoa ordezkatu behar du, haiek arriskutsu ikusten baitituzte: «Atzerriko inbertsio funtsen eskutik industria errotze handiagoa galtzeko arriskua dugu». Babes horrek baldintzatua behar du, laguntzak erabaki jakin batzuetara lotuta, esaterako. Bilduk Euskaltel eta Ibermaticaren jabetza aldaketak jarri zituen baldintzatu gabeko babes publikoaren eredu negatibo gisa.
«Sustraidun» industriaren bila
Baldintzapeko babes publikoa ematea eta langileek erabakiguneetan eragina izatea dira EH Bilduren industria planeko ardatzetako bi. Kooperatiba munduko izen ezagunak izan dira aurkezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu