Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak Mercedeseko langileen irmotasuna goratu du, eta nabarmendu ez dutela ontzat ematen patronalak eta erakunde publikoak zabaltzen ari diren «moderazio» mezua. Aldehorretatik, eta, negoziazioari begira, LABen jarrera zehaztu du: batetik, ez du onartuko KPItik beherako soldata eguneratzerik; eta,bestetik, ez ditu onartuko malgutasun neurriak. Era berean, gogor kritikatu du Eusko Jaurlaritza negoziazioan izaten ari den rola: «Urkullurentzat, langileak plusbalia lortzeko erabil daitezkeen merkantzia hutsa baino ez dira».
Sindikatuen eta enpresaren arteko harremanak asko tenkatu dira azken egunetan, eta Aranbururen iritziz, zuzendaritza egiten ari den «xantaiaren» ondorioetako bat da. Xantaia horren eredu, jarritako baldintzak aletu ditu: «Malgutasuna areagotzea ez da modernizatzea, prekarizatzea baizik. Kontziliazioa zaildu egiten dute, eta, arlo horretan, Mercedes bezalako enpresa batek eredu izan beharko luke».
Beste desadostasun handia soldaten eguneratzea da. Zabaldu denez, zuzendaritzak %5eko eguneratzea eskaini du. LABek, baina, ez du onartuko KPItik beherako eskaintzarik: «Erosmen ahalmena gal dezagun presio egiten digute, eta ez dugu onartuko». Alde horretatik, erakunde publikoek artekari lana egin beharko lukeela uste du Aranburuk, baina Jaurlaritza enpresarekin «argi eta garbi» lerrokatu dela salatu du: «Patronalaren aldeko mezua zabaltzen ari da, baina hori ez da gauza berria».
Mercedeseko lan gatazka puri-purian dago, eta azken ikasturtean LAB murgilduta egon zen 168 «borroketako» bat da. Aranburuk ekintza sindikalaren txostenaren aurkezpenean eman ditu azalpen horiek. Borroka ugari izan dira, 2018-2019ko ikasturtean baino 41 gehiago, eta hurrengo urtean are gehiago izango direla uste dute, «errealitate ekonomikoa aldatzen ez bada behintzat».
Gatazka horietatik 94tan greba deialdiak egon ziren, eta %25etan lortu zen akordioa. «Kopuru txikia da, gero eta gehiago kostatzen zaigu akordioak lortzea; batez ere, sektore feminizatuetan. Gatazka horiek politizatu behar dira, generoaren araberako lan banaketa auzi politikoa baita». Borroken %28 izan dira sektore feminizitauetan, eta hor sartuko lirateke, esaterako, zahar etxeetako langileenak, Bizkaiko garbitzaileenak eta merkataritzakoenak.
Aurrera begira jarrita, eta udazken beroaren esperoan, LABen ustez garrantzitsua da sindikatuen arteko akordioa sustatzea. Horretarako «interes korporatiboak» alboratu behar direla nabarmendu du: «Estrategia ezberdinak ditugu, baina bat egite puntuak bilatu behar ditugu». Metalgintzako gatazketan, esaterako, lau sindikatuz osaturiko plataforma bateratuak daude.
LAB: «Urkullurentzat, langileak merkantzia hutsa baino ez dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu