Koronabirusa. Turismoa

Arnasgune izan nahi dute

Naturarekin harremana duten turismo ereduek aukera izan nahi dute ohiko ereduaren aldean. Gertutasuna eta lasaitasuna dituzte indargune. Egun emankorrak galdu dituzte itxialdiaren ondorioz, baina, uda hurbiltzearekin batera, erreserbak jasotzen hasiak dira. Itxaropentsu daude gehienak.

Kanpinak. Inguru itxietatik kanpo oporrak igarotzeko aproposak izan daitezke. JAGOBA MANTEROLA/FOKU.
aitor biain
2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiakgogor jo du egungo turismo eredua, ezinbesteko dituen bi oinarriak agintarien jopuntuan izan baitira birusaren hedatzea saihesteko: mugikortasuna eta masifikazioa. Erabateko ziurgabetasun egoeran, ordea, inork ez daki noiz eta zein modutan lehengoratuko diren, baina agerikoa da ez dela berehalakoan izango. Inoizko udaberririk txarrena izan da sektorearentzat, eta ezohiko uda bat dute aurrean. Erakundeek ere badakite hori, eta «gertuko» turismoa sustatzeko kanpainak jarri dituzte abian. Horretan, jende emariaren alternatiba diren bestelako turismo ereduek aukera izan dezakete negozioa zutundu eta urte ekonomikoari itxura apur bat emateko. Naturari lotutakoak dira horren adibide.

Landa turismoak indar handia hartu du azken urteetan Hego Euskal Herrian batez ere. Eta aurtengo udan ere arnasgune izan nahi du oporren beharrean diren eta ohiko helmuga turistikoetatik ihesean diren bisitari horientzat. Beatriz Huarte Nafarroako Landa Turismoko Federazioaren idazkariak argi du landa turismoaren eskaintza «aproposa» dela aurreikusten den normaltasun berriari begira, eta indarguneak zerrendatu ditu. «Intereseko helmuga gara, barnealdekoa, segurua, lasaia eta masifikatu gabea. Hori aukera paregabea da guretzat». Itxialdiaren ondorioz hilabete emankorrak galdu ditu sektoreak, baina Huartek adierazi du «indartuta» ateratzeko baliatu dutela. «Gure estrategia eta produktuak birdefinitu ditugu, eta marketinean formakuntza jaso dugu».

Baikor azaldu da udari begira, lehendik eginda zeuden erreserbak mantendu direlako eta berriak ere jasotzen hasiak direlako. Aurreikuspenak «onak» direla dio. Uztailerako %50 eta %70 arteko okupazioa espero dute, eta abuztuan, %70 eta %90 artekoa. «Iraila ere mugitzen hasia da; erreserbak badira, eta hilabete ona izango dela uste dugu».

Zuhurragoa da, ordea, Idoia Ezkurdia Nekatur elkarteko arduraduna. «Badirudi landa turismoa aukera bat izan daitekeela natura eta lasaitasuna bilatzen duten horientzat, baina konplikatua da zehaztea alternatiba izango garen edo ez». Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako landetxeetan erreserbak bertan behera uzten ari ziren duela hamabost egun arte. «Gertutasuna da gure bereizgarritasuna, eta hori aukera da guretzat eta bezeroentzat». Joera aldaketa erakuts lezakeen aldagai bat sumatu du Ezkurdiak, dena den. «Etxe osoak edo logelak alokatzeko aukera eskaintzen dute gure landetxeek, eta jasotzen ari garen eskaera gehientsuenak etxe osoarenak dira. Horrek erakutsi lezake, agian, zein den bisitariek nahi duten ostatua».

Egoera «konplikatua» dela dio, eta ziurgabetasun handia dutela oraindik. «Egia da erreserben kopurua handitzen ari dela, baina ez dugu aurreikusten iazko zenbakietara iristea. Eta ikusiko da gerturatzen garen ere». Orain %23ko okupazioa espero dute uztailerako eta %34koa abuzturako. Iaz, garai honetan egindako erreserben arabera, udarako espero zen okupazioa %39koa eta %51koa zen, hurrenez hurren.Elkarteen arabera, Hegoaldean«gertuko bezeroak» izango dituzte batez ere; bertakoak». Madrildik, Kataluniatik eta Valentziatik ere etorriko dira, hala ere.

Aldiz, aldaketa bat espero dute atzerriko bisitariei dagokienez. «Azken bost urteetan nabarmen ugaritu dira bisitari atzerritarrak: %11 ziren orain urte batzuk, baina %21 ere izan azkenaldian. Kopuru handia da, baina aurten ez dugu espero hainbeste izango direnik», dio Ezkurdiak. Bi eragile azpimarratu ditu Nekaturreko arduradunak: mugikortasuna eta psikologia. «Gauza bat da hona etortzeko aukera izatea, eta, beste bat, beraien herrialdetik ateratzeko aukera izatea. Europako herrialdeak ere kanpaina indartsuak egiten ari dira barneko turismoa sustatzeko. Frantzia da horren adibide». Birusaren hedatzearen bilakaerak eta osasun egoerak ere izango du zeresana, Ezkurdiaren hitzetan. «Baikorrago gaude azkenaldian, egoera kontrolatuta dagoela ematen du eta. Baina kutsatzeko beldurra badago oraindik, eta horrek izango du zeresanik».

Protokoloak zehaztuta dituzte landetxeek, eta kartelak ere jarri dituzte segurtasun neurriak gogorarazteko. Maskarak, eskularruak eta eskuak desinfektatzeko gelak ere erosi dituzte. «Bezeroen aldetik ez dugu inolako kezkarik jaso, halere, lasai daude eta konfiantza osoa dute ostatuetan eta hartu diren neurriekin», adierazi du Huartek.

Kanpinak,bisitarien zain

Kanpinak dira gertuko turismoaren beste alternatibak. Naturaz, erosotasunaz eta aisialdiaz gozatzeko izaten dituzten aukerengatik, familia ugariren opor lekurik aproposenak dira. Askorentzat bigarren etxearen parekoak ere izaten dira.Urruñako Mendi Azpian kanpinean(Lapurdi) , esaterako, erreserbak jasotzen hasiak dira datozen hilabeteetarako, baina tentuz mintzo da Frederic Martiarena kudeatzailea. «Uztailerako erreserba gutxi batzuk baditugu, eta abuzturako, zertxobait gehiago. Baina ez dira asko oraindik; beraz, ez dakit jendeak nahiago izango dituen kanpinak bestelako ostatuak baino; zaila zait esatea».

Kanpina apirilaren lehenean ziren irekitzekoak. Erreserba ugari zituzten Aste Santuaren bueltarako, baina den-denak bertan behera utzi behar izan zituzten itxialdiaren ondorioz. Martiarenak onartu du kolpea izan dela, baina irailean zerbait berreskuratzea espero du.

Iñigo Vicente Aiegiko (Nafarroa) Iratxe kanpineko arduraduna ere iritzi berekoa da. «Apiriletik ekainera asko galdu dugu. Denboraldiaren hasiera izaten da guretzat, eta, ekonomikoki indartsuena uda izaten bada ere, Aste Santuaren bueltako egunak sasoiaren atariko gasolina izaten dira guretzat». Vicente, hala ere, baikor dago, eta uste du kanpinak gune egokiak izan daitezkeela masifikazioetatik urruntzeko ahaleginean diren turistentzat. «Kutsatze kopururik handienak leku itxietan eman dira, eta kanpinetan egunerokoa kanpoan egiten da. Zentzu apur batekin eta segurtasun neurriak hartuta, kanpinak toki aproposak izan daitezke oporrak lasai igarotzeko».

Mugikortasuna noiz baimenduko zain daude erreserbak jasotzen hasteko. Izan ere, Gipuzkoakoak dira kanpinean jasotzen dituzten bezero asko eta asko. Vicentek aitortu du, ordea, ziurgabetasun handia dutela oraindik, eta Bizkaian eta Araban gertatu diren kutsatzeen berragertzeak «geldialdi moduko bat» eragin duela erreserbei dagokionez. «Dena berriz mugitzen hastean erreserbak ere ugaritzen joango direla espero dugu. Eguraldia hobetzeak ere asko laguntzen du».

Prebentzio neurrien inguruko formakuntza jaso dutela azaldu du kanpineko arduradunak. Bezeroei lasai egoteko adierazi die: «Segurtasun neurriak hartu ditugu, eta arauak ezarri ditugu eremu partekatuetarako. Baina jendeari zentzuz jokatzeko deia egingo nioke. Denon ardura da, eta denoi dagokigu neurriak hartzea». Vicente kexu azaldu da, halere, araudia aldiro aldatzen ari delako.«Kartelak prestatu ditugu segurtasun neurriak gogorarazteko. Baina lehen bi metroko distantzia zena orain metro eta erdikoa da. Aldatu behar ditugu; beraz, guretzat ere ez da erraza, eta ahalegin handia egiten ari gara».

Etxearekin edonora

Gaizka Segurolak autokarabanak alokatzen ditu Azkoitian (Gipuzkoa), eta adierazi du koronabirusaren eraginez bezero ugarik egin dutela ibilgailu horien aldeko apustua oporretarako. «Inoiz autokarabanarik alokatu ez duen bezero asko ditugu aurten. Jendeak beldur handia dio oraindik birusari, eta hori nabari da».

Enpresa berria da Lema Autokarabana, eta txikia; bi ibilgailu baino ez dituzte. Baina uztaileko eta abuztuko erreserba guztiak beteta dituzte ia-ia, Segurolak adierazi duenez. «Autokarabana asko alokatu izan ditugu, eta hasieran pentsatzen genuen gazteak izango zirela bezero gehienak. Baina ez: haurrak dituzten familiak dira gehienak». Ibilgailuok ahalbidetzen duten askatasuna azpimarratu du Segurolak: «Aukera asko ematen dute, eta jendea hori ari da bilatzen». Euskal Herrian autokarabanentzat egokitutako toki ugari direla dio Lemako arduradunak, eta argi du gero eta gehiago izango direla aurrerantzean. «Herri txiki asko orain hasi dira konturatzen onura asko izan ditzaketela guneei horiei esker».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.