Birus batek balazta ipini dio XXI. gizaldiko mundu ustez buruaski eta neurrigabeari: hiru hilabeteren bueltan mundu osora hedatu du SARS-CoV-2 koronabirusak COVID-19 eritasuna. Horrek gogora ekarri du aski garrantzitsua dela mikroorganismo horien gaineko ikerkuntza. Oro har, birusei buruzko hainbat jakingarri gogora ekartzeak ere aparteko zentzua du egunotan. Horretarako solaskide egokia da EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia arloko irakasle Elixabete Arrese.
AZELULARRAK DIRA
«Mikroorganismo azelularrak dira, eta, ugaltzeko, zelula bizidun baten barruan egon behar dute». Horra birusen definizioa, Arreseren hitzetan. «Orain dela gutxira arte esaten zen organismo bizidunak ere ez zirela». Izan ere, birus bat edo birus multzo bat, esaterako, gainazal batean uzten badira,hortxe ahituko dira; zelula bizidun batean sartzea lortzen ez duten bitartean, ezingo dira ugaldu: «Beren bideragarritasuna galdu egingo dute. Izan ere, infektatutako zelularen makineria erabiltzen dute ugaritzeko». Bakterioekin alderatuta, horixe dute alderik agerikoena: haiek berez gauza dezakete bideragarritasun hori. Kasu honetan, COVID-19 eritasunarekin ezagun egin den birus motak badu ezaugarri berezi bat: koronabirus bat da. «Bilgarria duten birusak dira, esferikoak; 120 nanometro inguruko diametroa dute», esplikatu du Arresek. Azaldu du klase horretako birusak normalean «inguruko baldintzetara sentikorragoak» izaten direla: «Beren bideragarritasuna errazago galtzen dute». SARS-CoV-2 birusean, alde horretatik, aparteko berezitasunak ikusi dituzte, ordea. «Izan ere, ikusi da egun batzuk iraun dezakeela gainazaletan». Birusek «espezifikoki» kutsatu ohi dituzte hainbat bizidun mota. Espezie batetik bestera «salto» ere egin dezakete: uste da SARS-CoV-2 birusa saguzarretatik heldu dela gizakietara. «Izan ere, gu haien antzekoak gara: saguzarrak ere ugaztunak dira». Bidean bitartekari bat egon dela uste dute, pangolina, baina hura ere ugaztuna da.
KLASE ASKOTAKOAK DAUDE
Birus mota asko daude. Zerrenda luzea du Arresek: «Animaliak kutsatzen dituzten birusak, landareak kutsatzen dituzten birusak, bakterioak kutsatzen dituztenak...». Sailkatzeko, irizpide asko erabil daitezke: «Bilgarria duten, zein azido nukleiko mota duten... Birusaren formaren arabera era sailka daitezke».
HEDATU EGITEN DIRA
Hedatzeko hainbat era dituzte birusek. COVID-19 gaitza eragiten duen birusa, esaterako, aurrez kutsatuta dagoen pertsona baten «transmisio zuzenaren» bidez zabal daiteke, edo birusaren arrastoak dituzten gainazalak eta objektuak ukituta. Adibidez, kutsatutako pertsona batek eztula egitean: «Hark eztula egin duen toki horretan birus asko egongo dira: kopuru handian». Horiek eskuekin ukitu eta gero aurpegira eramanda, esaterako, handia da kutsatze arriskua. Aerosolen bidez ere zabaltzen da usu birusa. «Gaixo batek eztul egiten du, eta norbaitek arnasten ditu tanta horiek». Listua ere transmisio bide bat da: «Musuak ematean, adibidez». Birusen unibertso zabalean, badira transmisio modu gehiago: gorotzak izaten dira zenbaitetan transmisiorako bide, edo sexu harremanak, edo odola, edo animalia zenbaitekin kontaktua izatea. Birusen beste transmisio mota bat izaten dira, halaber, eltxoak; zika, dengea eta hainbat gaitz ezagun, hain justu, horrelaxe hedatzen dira.
ZELULETARA DOAZ
Behin organismo batean sartuta, hura kutsatu egiten dute birusek, ez edonola: nolabait ere «programatuta» egoten dira zelula jakin batzuetara jotzeko. «COVID-19 eritasunaren kasuan, esaterako, batez ere albeoloetako zeluletara jotzen du: biriketara. Horra iristen direnean, ezarri egiten dira, eta kaltea eragiten dute». Hor hasten da eritasuna. Oraingo gaitz honetan argi geratzen ari da, hala ere, badirela eri asintomatikoak: birusa dute, baina sintomarik ez. «Baina, adi: birusa transmiti dezakete pertsona horiek ere». Ondo bidean, kutsatutako pertsonak sistema immunea aktibatuko du, eta birusa «neutralizatzera» egingo du. Badira, hala ere, gorputzean «latente» geratzen diren birus motak. Adibide bat ipini du Arresek, aski ezaguna: «Herpes birusa. Ezpainetan agertzen da; gero, askotan desagertu egiten da, eta estres egoeretan berriro agertzen da». COVID-19aren eta antzeko beste arnas aparatuko eritasunak-eta eragiten dituzten birusen artean, ordea, ez da horrelakorik izaten: «Eria sendatzen da, birusa desagertzen da, eta kito».
PATOGENOAK DIRA
Birus mota asko daude, baina gizakiei erasaten dietenak, behintzat, oro har, eritasun eragileak izaten dira. «Orain arte ezagutzen diren denak patogenoak dira», azaldu du Arresek. Ez beti maila berean, hala ere. COVID-19 gaitza horren adibide argia da; gogor oldartzen da zenbait eriren aurka, eta sintomarik ere ez die eragiten beste hainbati. Horrexek ekarri du, hein batean, haren zabalkunde bizkorra.
ALDAKORRAK DIRA
Birusek berezko ezaugarria dute aldatu egin daitezkeela: «Mutatu egiten dute». Ez edonola: «Mutazio horrek arrakastatsua izan behar du». Alegia, onura ekarri behar dio birusari. Eta onura birusentzat zer den, horra: «Zelula asko kutsatzea; birusak zabaldu nahi du». Bideragarria izateko era bakarra horixe du, hain justu. COVID-19 eritasuna eragiten duen birusa RNA motakoa da, eta horrek esan nahi du tankera horretakoak ez direnak baino aiseago mutatzeko modua izaten duela: «Gaitasun handiagoa du». Gripearekin ere, esaterako, arazo handia izaten dira mutazioak; ondorioz, txertoekin asmatzea zaila da usu.
ZER IKERTUA BADA
Badira ezagutu ere egiten ez diren birusak. «Ugariak dira; guk oraindik gutxi batzuk ezagutzen ditugu», onartu du Arresek. Bakterioen ondoan, gutxi ikertu dira. Gaitzagoak dira horiekin egindako ikerketak, laborategian birusak haztea zaila baita. «Aldiz, erraz hazten dira bakterio batzuk». Horregatik, bakterioak ezagunagoak dira, eta haien zenbait onura ezagunak dira jadanik. Birusen inguruan, ordea, ikerketa ia guztiek haien izaera «patogenoa» izan dute ardatz orain arte. «On hori ez dute oraindik aurkitu». Hala ere, Arresek nabarmendu du iragan hamarraldian ikerketarako eremu berri bat zabaldu dela, eta oinarri berriak jarriak direla mundu berriak aurkitzeko. Berriki ikertzen hasi dira, esate baterako, hainbat birus bakteriofagok, propio, onura dakartela hesteetara; baina ikerketa lerro horretan asko sakondu beharko dute oraindik. Hastapenetan daude, halaber, ingurumenean eragina duten hainbat birusek izadiaren hainbat prozesutan dituzten egitekoei buruzko ikerketak. Arresek uste du COVID-19ak ekarri dituen ondorio larriak bidea izan daitezkeela ikerketa hauspotzekoa; ikerkuntzaren aldeko inbertsio eta plan egokirik ezean, ordea, zaila izango da.
AURRE EGIN DAKIEKE
Birusak patogenoak nola diren, haien kontrako botikak garatzeak aparteko garrantzia izaten du. Arresek azaldu du birusek berezko dituzten ezaugarriei erreparatzen zaiela: «Horiek izango dira, hain zuzen ere, ituak». Badira «fusioa» eragoztea bilatzen duten botika klaseak ere: «Alegia, birusa zelulari lotzea saihesten dutenak». Interferona izaten da hirugarren bidea. «Birusen aurka gizakiok ekoitzi ohi dugu», esplikatu du Arresek. Interferon «birkonbinatua» egiten dute laborategietan, eta birusen «ugaritzea inhibitzeko» erabiltzen da. Hain justu, hainbat eritasun tratatzeko bidea izaten da gaur egun. «Eta probatzen ari dira koronabirusaren kontra ere erabiltzea».
Koronabirusa
Zelula bizidunen habia behar dute
Erreparatu ere ez zaie egiten sarri, baina birusak edonon daude. Organismo azelularrak dira, nanometrotan neurtu beharrekoak, baina txikian handiak usu: COVID-19 gaitzak erakutsi du sustatu egin behar dela horien gaineko ikerketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu