Herriko bozak berriz eginen dituzte bihar Arbonan

Urte bateko prozeduraren ondotik, Beñat Arlaren zerrendaren helegitea ontzat eman zuen maiatzean Frantziako Estatu Kontseiluak

Hats Berri Bat Arbonari zerrendako kideak, iazko maiatzean. HITZA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Herriko bozak izanen dituzte Arbonan (Lapurdi) igande honetan.Urte bat pasa iraun duen justizia prozedura baten ondotik, 2020ko martxoaren 15ean iragan ziren bozak bertan behera utzi zituen Frantziako Estatu Kontseiluak, iragan maiatzaren 31n, «bozkaren zintzotasuna faltsutua» izan delako. Azken asteetan, auzapezaren taldea kargutik kendu du Baionako suprefeturak, eta administrazioko hiru agente izendatu ditu egunerokoa kudeatzeko.

Iazko bi hautagai berak izanen dira parez pare: Marie-Josephe Mialocq orain arteko auzapeza eta Hats Berri Bat Arbonari zerrenda zuzentzen duen Beñat Arla. Ezkerreko abertzaleek parte hartzen dute zerrenda honetan.

2020ko martxoan Mialocqen zerrenda gailendu zen, 530 boz eskuratuta. Arlaren zerrendak 416 boz eskuratu zituen —emaileen %44—, baina auzapezak baliogabetzat jo zituen, boto paperetan ez zelako zehaztua Zigor Goieaskoetxea zerrenda kidea espainiar nazionalitatekoa dela. Egoera horren aitzinean, helegitea ezarri zuten Arlaren zerrendakoek, eta arrazoia eman diete azkenean auzitegiek, bozak berriz egitera behartuz. «Gertatu den irregulartasunak zerrenda horretako bozkatzaileei beren boza balioski adierazteko parada kendu die», zioen Paueko administrazio auzitegiaren epaiak.

Ezarri nahi izan zuen tranpan erori zen auzapeza, Goieaskoetxearen ustez: «Beldur zen ez zituela hauteskundeak irabaziko, eta beldurrak bultzaturik hartu ditu sobera deblauki erabakiak. Nahi izan gaitu tranpa batean sartu, eta, azkenean, bera erori da», adierazi zion Ipar Euskal Herriko Hitza-ri.

114 bozen diferentzia

Kartak mahai gainean dira berriz, eta ikusi beharko da hautesleek zer erabakitzen duten. Mialocqen izaera eta kudeaketa auzitan jarri dituzte Arlaren zerrendakoek: erabakiak bakarrik hartzea leporatzen diote, baita klientelismoz jokatzea eta boterea bere intereserako erabiltzea ere.

Iazko bozak koronabirusaren testuinguruan iragan ziren, eta anitz ez ziren joan bozkatzerat. 2014ko bozekin konparatuta, iazko martxoaren 15ean 400 bat bozkatzaile gutiago joan ziren. Ikusita 114 bozen aldea izan zela bi zerrenden artean, uztaileko bozetan irabazteko parada ikusten dute Arlaren zerrendakoek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.