«Oso nabarmena zen ez zirela gure bila etorriko, ez gintuztelako ikusten, ez gintuztelako ikusi nahi». Emakumeei abortatzen laguntzen zien sare klandestino bateko kide izan zen Arantxa Olañeta, eta garbi erraten du ez zuela beldurrik pasatu taldea martxan egon zen urte guztietan. Euskal Herrian gisa horretako sare andana izan zen 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran; Olañeta Errenteriakoan (Gipuzkoa) aritu zen, herriko bertze hainbat emakume feministarekin batera. Helburu argi batengatik antolatu zirela dio Asun Urbietak, taldeko bertze kideetako batek: «Abortatu nahi zuten emakumeek baldintza egokietan abortatzeko aukera izan zezaten nahi genuen».
Ikusi gehiago:«IRABAZI GENUEN»
Hego Euskal Herrian abortatzea legez kanpokoa zenez urte haietan, ama izan nahi ez zuten emaztekiek beren burua arriskuan jartzen zuten gehienetan. Etxean abortatzeko hamaika teknika erabiltzen zituzten: perrexila, puntua egiteko orratzak edo arropa zintzilikatzeko pertxak baginatik sartzen zituzten, edo armairu batetik lurrera jauzi egiten zuten, beren burua eskaileretan behera botatzen zuten... Olañetak dio teknika horiek zein baino zein arriskutsuagoak zirela: «Zenbat emakume hil ote dira hori guztia egiteagatik, eta zenbati gelditu ote zaizkie bizitza guztirako ondorioak». Gogoratzen du, adibidez, sare klandestinoko kideetako bat erizaina zela, eta lanean zen egun batean Beasaingo (Gipuzkoa) gazte bat larrialdi zerbitzuetan agertu zela: abortatu nahian perrexila sartu, eta hura ez ateratzeagatik infekzio bat hartu zuen; 1978an gertatu zen, eta emakumea hil egin zen.
Gisako istorioak ez errepikatzeko, andereei informazioa ematen ahalegintzen ziren Errenteriako Emakumeen Taldeko kideak: antisorgailuek zertarako balio zuten azaltzen zieten, eta nola izan zitzaketen harreman sexualak haurdun gelditu gabe. Taldeko kideetako batek Ipar Euskal Herritik ekartzen zituen antisorgailuak, Miarritzetik (Lapurdi), han legezkoak baitziren. Bisita haietako batean du oinarria, hain zuzen, abortatzen laguntzeko sare klandestinoak. Urbieta: «Antisorgailuak ematen zizkigun medikuak esan zigun beste mota bateko laguntzaren bat beharko bagenu bera laguntzeko prest zegoela. Hori entzun bezain laster, sarea sortu genuen». Antolakunde hura herriko emakumeen talde nagusitik kanpo zegoen, laguntzen ahal zutenak bakarrik baitzeuden sarean: autorik ez zutenek ez zekiten taldea bazenik ere. «Helburua zelako sareak irautea».
Bilerak eta trikimailuak
Klandestinoa zen heinean, ezin zituzten ohiko komunikazio bideak erabili emaztekiei beren lanaren berri emateko. Baina horrek ez zituela gelditu erran du Urbietak: «Arazoren bat zuten emakumeek imajinatzen zuten feministok laguntzen ahal geniela». Hala, abortatu nahi zutenek taldeko kideren batengana jotzen zuten. «Lehen bileran, antisorgailuei buruzko informazioa ematen genien andreei, eta esaten genien ez zeudela bakarrik, lagunduko geniela».
Pasaportea, muga eta dirua. Horiek ziren klinikara iritsi ahal izateko gainditu beharreko hiru erronkak. Abortatu nahi zutenek pasaportea behar zuten Hegoaldetik Iparraldera pasatzeko: baldin bazuten, ez zegoen arazorik; baina ez bazuten, inprobisatzea tokatzen zen, Olañetak azaldu duenez: «Antza zuen beste emakume baten identifikazio dokumentua hartzen zuten, eta ilea, betaurrekoak edo dena delakoak moldatuz, mugako polizia engainatzen genuen mozorro horrekin». Muga pasatzea zen hurrengo erronka, baina aise gainditzen zuten: «Bagenuen esaldi berezi bat: 'Levis praken eske goaz'. Garai hartan, guztiak joaten ginen beste aldera prakak erostera, hemen ez zeudelako». Inoiz beldurtu ote zen galdetuta, ezetz erantzun du Urbietak, barre artean: «Ez genuen ezer eramaten, autoa miatu zezaketen, baina ez zuten ezer aurkituko».
Muga pasatzeko, sareko kideen autoak erabiltzen zituztela oroitu du Urbietak, eta bidaia bakoitzeko bi edo hiru neska eramaten zituztela: «Esaten genien norbait gehiago ekar zezaketela, gurekin bakarrik joan nahi ez bazuten». Olañeta izan zen Miarritzeko klinika hartara abortatzera joan ziren emakumeetako bat. Gogoratu du bera ezin izan zela lagunarekin joan, autoa beteta zegoelako. Eta prozedura ez dela zenbaitek pentsatzen duten bezain polita: «Ordu erdi irauten zuen, sartu-atera bat zen». Herrira itzultzean kontuan hartu beharrekoak ere erraten zizkieten klinikan: minik ez izatea edo odolik ez ateratzea. Beraz, egun berean egiten zuten joan-etorria. Prozedurak garai hartako 30.000 pezetaren prezioa zuen, egungo 180 euro inguru. Andreak berak ordaindu zezakeen, eta, dirurik ez bazuen, sareak bere gain hartzen zituen gastuak.
Ikusi gehiago:Aitzindari bihurtutako emakume ezezagunak
Guztira, mila emakume inguru lagundu zituztela kalkulatu dute, baina, tartean, Miarritzeko medikuak abortuak egiteari utzi zion. Ez dute gogoratzen nola justifikatu zuen erabakia, baina Urbietak oroitzen du momenturen batean Frantziako Gobernuak debekatu egin ziela medikuei atzerriko andereen haurdunaldiak etetea. «Beste herrialdeetara joateko bidaiak antolatzen hasi ginen. Herbehereetan, adibidez, klinika oso on bat topatu genuen, tratu bikaina ematen zuena, baina bidaia luzeegia zen», dio Olañetak. Diru gehiago zutenak edo haurdunaldiko zortzi asteak gaindituak zituztenak, berriz, Londresera joaten ziren. Herbehereetan eta Londresen klinika bat baino gehiago zeudela diote, emakumeak oso ongi artatzeko gaitasuna zutelako. Urbieta: «Londresen, adibidez, langileek gaztelaniaz zekiten».
«Hegoaldean hiru kausa jakinetan abortua legeztatu zutenean, amaren osasun mentalaren argudioarekin abortu andana bat pasatzen zen». Planning zentroetan egiten ziren abortu haiek; eta hasieran buru osasunaren argudioak ongi funtzionatu bazuen ere, laster hasi ziren arazoak agertzen. Iruñean bereziki: hango zenbait mediku auzipetu zituzten, haurdunaldiak legez kanpo etetea egotzita; hamarkada batzuetan abortua tabu bihurtu zuen auzi hark Nafarroan. «Euskal Herriko mugimendu feministako kideak hara joan ginen protesta egitera».
Sareak lagundu zituen emaztekien profilari dagokionez, ohikoa da pentsatzea gehienak gazteak eta ezkongabeak zirela, baina Urbietak dio denetarik zegoela. Gogoan du bat: «Ezkonduta zegoen, umetuta, eta 50 urte inguru zituen. 'Uste nuen menopausia zela, baina ez', esaten zuen. Oso lotsatuta zegoen haurdun gelditzeagatik, baina, batez ere, jendeak jakingo zuelako adin horretan larrua jotzen zuela. Sexuaren gaia tabua zen». Azaldu dute horrelako estigmei aurre egiteko beharrezkoak zirela herriko andereen taldeak egiten zituen informazio eta kontzientziazio kanpainak.
Frankismoaren arrastoa
Izan ere, Olañetak oroitu du sexuaren eta haurdunaldien inguruan zegoen mamu hura frankismoan nagusitu zen «nazionalkatolizismoaren ondorioa» izan zela. «Emakumeak Jainkoaren zigor bat balira bezala tratatzen zituzten: hala jaioz gero, konformatu egin behar zen, ezin zen ezer ezbaian jarri. Garai hartan andre ezkongabe bat haurdun geldituz gero, bi aukera zituen: ama bakarra izan, edo ezkondu. Ez dakit bi aukeretako zein zen okerrena». Trantsizio garaian hasi zen aldaketa: «Eduki ez arren, gure eskubide zen guztia etengabe aldarrikatzea zen emakume izatea».
Gaur egun egoera nabarmen aldatu dela diote; begi bistakoa da: mugen artean ezkutuan zebiltzan lehen, eta haien istorioa zinemara eraman dute orain, Las buenas compañías filmean. Kontzientzia feminista oso handia dela diote, hainbertze ezen agenda politikoan sartu den, baina emaztekien eskubideen arloan asko dagoela egiteko oraindik. Erdi txantxetan erran du Olañetak: «Ea hasi behar dugun gordeta ditugun pankarta guztiak ateratzen, eta garai batean aldarrikatzen genuena berriz ere eskatzen».
Abortatzeko eskubidea. Borrokak 40 urte
Baldintza duinak bertze aldean daudenean
Errenteriako Emakumeen Taldearen barruan, emakumeei abortatzen laguntzeko sare klandestino bat sortu zuten hainbat gaztek 1980ko hamarkadaren amaieran. Ipar Euskal Herrira eramaten zituzten, Miarritzeko klinika batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu