Munduko Koparen erakusleihoa izango da Qatar hilabetez. FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak 2010ean hartutako erabakiak kritika andana piztu du azken urteotan; izan ere, giza eskubideen aurkako urraketak egiten dituzte han; sexu berekoen arteko harremanak kriminalizatzen dituzten 70 herrialdeetako bat da Qatar emirerria, eta emakumeak gizonen mendeko bilakatzen dituen tutoretza sistema dago indarrean han.
Xarian oinarritzen da emirerriko lege sistema. Lege islamiarrak bekatutzat jotzen du homosexualitatea, baita gizonen eta emakumeen arteko sexu harreman hegemonikotik aldentzen den guztia ere. Zigor Kodeko 296. artikuluak debekatu egiten du «edozein modutara gizon edo emakume bat limurtzea, sodomia eta legez kanpoko ekintzak edo ekintza immoralak egitea». Halaber, 285. artikuluak zigortu egiten ditu ezkontzaz kanpoko sexu harremanak, baita sexu berekoen artekoak ere.
Qatarko lege sistemak heriotza zigorra eskatzen du kasu horietarako. Egun, hamar herrialdek ezartzen dute zigor horixe berasexu berekoek sexu harremanak izateagatik: Iranek, Saudi Arabiak, Yemenek, Nigeriak, Somaliak, Mauritaniak, Arabiar Emirerri Batuak, Qatarrek, Pakistanek eta, azkenik, Afganistanek.
Nasser Mohamed ekintzaileak 2011n utzi zuen emirerria. San Frantziskon (AEB) bizi da orain, eta asilo politikoak babesten du han: «Oso gaztetatik jakin nuen homosexuala nintzela, baina nire adiskide minari bakarrik esan nion. Gure arteko sekretua zen», esan du Mohamedek.
Qatarren bizi diren LGTBI komunitateko kide gutxi ausartzen dira beren sexualitatea harrotasunez bizitzera eta adieraztera. Mohameden arabera, «oso ohikoak» dira kolektibokoen aurkako abusu fisikoak. Internet bidez egindako bilaketen eta jardueren arabera atxilotzen dituzte susmagarri gehienak. Polizia etxera eraman, eta kolektiboko kideak salatzera behartzen dituzte.
«Sakelakoak blokeatu edo kontrolatu, eta IP helbideak jarraitzen dituzte. Hitz egiteko beldur handia dago», adierazi du Mohamedek telematikoki. HRW Human Rights Watch erakundeak iragan hil amaieran argitaratutako ikerketa baten arabera, LGTBI mugimenduko kideak «nahierara» atxilotzen dituzte Qatarko prebentziorako indarrek. Transexualak gobernuak antolatutako konbertsio terapietara joatera behartzen dituzte. 2019 eta 2022 artean, atxilotutakoei polizia etxean emandako sei jipoi kasu larri eta bost sexu eraso artxibatu zituen erakundeak.
Kopaz haraindiko borroka
Gizonezkoen Munduko Kopa Qatarren egitearen aurkako protesta gisa, The Proud Maroons Qatarko futbol taldeari Maroons esaten diote kanpaina politikoa sortu du Mohamedek. Haren helburua da «LGTBI kolektiboa Qatarko taldearen parte sentiaraztea».
Al-Wan elkartea ere sortu du, Qatarko LGTBI komunitatearen aldeko lehen GKE gobernuz kanpoko erakundea: «Kolektiboak emirerrian jasaten dituen erasoak dokumentatu nahi ditut, laguntza juridikoa eta emozionala eskaini. Baina baliabideak falta dira», azaldu du.
Kirol ekitaldira kanpotik iritsitako LGTBI kolektiboko kideak «ongietorriak» izango direla berretsi dute Qatarko ordezkariek. Lehiaketa gerturatuz joan den heinean, ordea, herrialdeko «kultura, balio etikoak eta ohiturak» errespetatzeko eskatu dute.
Ildo beretik, maiatzean Eskandinaviako hainbat hedabidek egindako txosten baten arabera, FIFAk aholkatutako 69 ostatuetatik hiruk sarbidea ukatuko diete sexu bereko bikoteei. Zerrendako beste hogeik esan dute ongietorriak izango direla, «jendaurrean homosexualak direla erakusten ez duten bitartean».
Mohameden ustez, Koparen ostean iritsiko da egin beharreko lanik handiena: «Herritar askok diote lehiaketa amaitu ondoren mendebaldearen garbiketa egingo duela gobernuak. Hau da, posible da agintariek jarrera zorrotzagoa izatea eta kontrol handiagoa ezartzea, herrialdea normaltasunera itzultzeko».
Emakumeak, gizonen esku
Gizonen tutoretza sistemak zeharo mugatzen du Qatarko emakumeen bizimodua. Gizon baten baimena behar dute ezkontzeko, atzerrian ikasteko, gobernuko zenbait lanpostutan lan egiteko eta sexuarekin lotutako osasun laguntzak jasotzeko. Atzerrira bidaiatzeko ere gizonezko baten baimena behar dute 25 urtetik beherako ezkondu gabeko emakumeek.
Luzea da emakumeek zer egin dezaketen eta zer ez zehazten duen zerrenda. Ezkonduta dauden emakumeei delitua egitea leporatu diezaiekete lanean hasi aurretik haien senarraren baimenik ez badute; baita haren baimenik gabe etxetik irteten badira edo sexu harremanak izateari uko egiten badiote ere, «pisuzko arrazoi batengatik ez bada», Qatarko legeak dioenez. Ezkonduta ez daudenen kasuan, aitaren edo anaiaren esku geratzen dira erabaki horiek guztiak.
Dibortzioa legez onartuta dago, baina, banandu ostean, emakumeak ez du bere seme-alaben gaineko erabakirik hartzeko eskumenik, haien zaintza osoaren kargu egin arren. Are, haurren aita hiltzen bada, Qatarko Gobernuko agenteek hartzen dituzte haien gaineko erabakiak.
Kirol munduko ekitaldi handietan, sexu erasoek gora egin ohi dute. Zenbait iturriren arabera, zelai berean egoten dira emozio biziak eta alkohola, eta emakume askok jasaten dituzte partiden albo kalteak. Lege islamikoak alkoholaren kontsumoa mugatzen duen arren lizentzia duten zenbait tokitan soilik kontsumitu daiteke, lehiaketak iraun bitartean posible izango da ezohiko zenbait eremutan alkohola edatea.
Sexu erasoen biktima diren emakumeek zazpi urtera arteko espetxe zigorra edo azote ukaldia akusatua musulmana bada jaso dezakete gertakizuna salatuz gero, horiek baitira ezkontzaz kanpoko sexu harremanak izateagatik xariak ezarritako zigorrak.
FIFAk berretsi du sexu eraso bat jasaten duen edonork Qatarko osasun sistemara jo ahal izango duela, «ezkonduta egon ala ez». Orain arteko gertakizunek, baina, kontrakoa erakutsi dute.
Adibidez, Paola Schietekat mexikarrak sexu eraso bat jasan zuen iaz, Dohako ostatu batean. Erasoa salatu zuen, baina Qatarko Poliziak aske utzi zuen erasotzailea, eta Schietekat bera zigortu zuen: ehun azote eta zazpi urteko espetxe zigorra ezkontzaz kanpoko sexu harremanak izateagatik.
Adierazpen askatasuna
Qatarren ez dago gobernutik independentea den elkarterik edo erakunderik. GKE guztiek estatuaren oniritzia jaso behar dute erakunde gisa antolatzen hasi aurretik. Are, ekitaldi, ekintza eta jarduera publikoak antolatzeko, beharrezkoa da aurretik Barne Ministerioaren baimena izatea, eta jarraipen zorrotza egiten dute.
Gobernuak eta familia boteretsuek kontrol handia ezartzen dute emirerriko hedabideetan. Besteak beste, Al-Jazeera telebista katea pribatua den arren, gobernuak bere funtzionamenduaren gastuak ordaindu izan ditu 1996an sortu zenetik, eta Doha News ingelesez idatzitako webgunearen sarbidea blokeatu zuen lau urtez, 2016tik 2020ra, ez zuelako gobernuaren baimenik.
2020ko urtarrilean, bost urtera arteko espetxe zigorra edo 100.000 riyaleko (25.500 euroko) isuna ezarri zuten «albiste faltsuak» argitaratzeagatik. Hain zuzen, oso mugatuta eta kontrolatuta dago herrialdean hedatzen den informazioa. Esaterako, Qatarko agintariek zentsuratu egiten dituzte askatasun sexualaren eta genero identitatearen inguruko edukiak.
Erlijio askatasuna
Islama da herrialdeko erlijio ofiziala, herritarren %90 musulman sunitak baitira. Horiez gain, musulman xiitak, kristauak, hinduak eta budistak ere badira. Konstituzioak kultu askatasuna jasotzen du, baina talde erlijioso bakoitzak izena eman behar du gobernuan, eta legalki aitortua izateko 1.500 kide izan behar ditu.
Islamaren Ministerioak gainbegiratzen ditu meskiten eraikuntzak. Azken urteotan gora egin dute komunitate kristauarentzat eraikitako elizek, baina emirerrian musulmanek bakarrik dute jendaurrean gurtza egiteko eskubidea.
Qatarko Munduko Kopa. Giza eskubideak
Qatar, giza eskubideen urraketen erakusleiho
LGTBI kolektiboaren aurkako errepresioa, emakumeen askatasunaren aurkako legeak eta beste hamaika abusu ezartzen dituzten emirerrietako bat izango da Munduko Koparen anfitrioi. FIFAren erabakiak haserrea piztu du nazioartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu