Euskal iheslariak. Bizipenak

«Hainbeste urtez egon naiz paperik gabe, Damoklesen ezpata gainean»

Sarekadetan alde eginikoek «zortea» izan dutela; «justiziatik ihesi» joan zirela; hor zehar «aske» ibili direla. Hamaika uste ustel daude iheslari eta deportatuen inguruan, eta, mito horiek desegiteko, kolektibo horren kontrako «armategi administratibo eta errepresiboa» ikusarazi nahi dute Jon Irazolak, Itziar Imatzek, Pello Gantxegik eta Arantxa Sasiainek.

JON URBE / FOKU.
jon olano
Andoain
2021eko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Euskal presoen eta iheslarien aldeko mobilizazioetan, itzal beltz batek ordezkatu izan du sarri iheslarien eta deportatuen figura. Aurpegiz gabetutako pertsona bat, ezkutuan dagoena. Gaur egun, 28 iheslariren eta zortzi deportaturen nortasuna ordezkatzen du itzal beltz horrek; sei hamarkadatan, 2.500 ingururena. Itzalari hezur-haragia jartzeko eta erbesteko bizimoduak eragiten duenaz hitz egiteko, lau iheslari edota erbesteratu ohi elkartu ditu BERRIAk: Pello Gantxegi (Eibar, Gipuzkoa, 1948), Itziar Imatz (Bakio, Bizkaia, 1949), Arantxa Sasiain (Arrasate, Gipuzkoa, 1950) eta Jon Irazola (Elorrio, Bizkaia, 1955). Modu batera edo bestera, guztiek sentipen antzekoak dituzte ahotan; beldurrak eragindako ihesa, behin-behinekotasuna, bizimodua egiteko oztopoak.

TORTURAREN MEHATXUTIK IHESI

Guztiak bat datoz uste bat desegiteko nahian; ihesean edo erbestean ibili izanak ez du esan nahi libre ibili direnik, ezta, esan ohi den bezala, «justiziatik ihesi» joan izan direnik ere. Irazolaren kasua da: «Beti ibili naiz euskararen munduan; momentu batean, atxiloketa batzuk izan ziren herrian, eta lagun batzuk atxilotu zituzten. Neure burua lanjerean zegoela, eta ez nuenez polizia etxetik pasatu nahi, erabaki nuen Iparraldera joatea». 1982. urtea zen.

Sasiainek zortzi urte lehenago gurutzatu zuen Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga, eta Irazolaren gisa berean mintzo da: «1974ko azaroan etorri ginen talde handi bat Iparraldera. Sarekada bat egon zen; ez nuen gauza anitz arriskatzen, baina komisariatik pasatzeko beldurragatik etorri ginen». Imatz izan zen alde egiten aurrenekoa, 1970ean: «Babestu genituen militante batzuk, bat erori zen, eta harrapatu baino lehen alde egin genuen». Gantxegik, berriz, espetxea ezagutu zuen frankismo garaian; 1968an kartzelatu zuten, eta 1972an egin zuen ihes. Gero, Aljerian izan zen 1986tik 1989ra, eta, ETAren eta Espainiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketek porrot egin zutenean, deportatu egin zuten; Santo Domingora.

Segida historiko baten barruan kokatzen du Irazolak iheslarien fenomenoa, uste baitu gatazka armatu orotan izan direla euskal iheslariak: «Garai batean, 2004an edo 2005ean kamiseta batzuk atera genituen; ikusten ziren bigarren Karlistadako iheslari batzuk Pauen (Frantzia). Orduan hasten ziren argazkiak egiten. Guk hori genuen erreferentzia gisa;ordukoen ondorengo sentitzen ginen. Eta jarri genuen: 1936, 1959, 1977… Noiz arte? Horrela irudikatzen genuen». Irazolaren esanetan, Euskal Herriak Frantziako nahiz Espainiako estatuekin «gatazka bat izan duen bakoitzean» egon dira iheslariak, eta adibide gisa jarri ditu, karlistadez eta 1936ko gerraz gain, Konbentzio Gerra eta I. Mundu Gerrara ez joateko Hegoaldera ihes egindako ipar euskal herritarrak: «Beti egon dira iheslariak. Gu gara, eta izan gara urteetan, gatazka horren adibide bizidunak».

GERRA ZIKINA ETA LEGE OZTOPOAK

Iparraldera igarota, egoera ez da samurra izan askorentzat; Frantziako administrazioak askotariko oztopoak jarri izan dizkielako, lan egiteko zailtasunak izan dituztelako edo, besteak beste, estatuaren indarkeria ere nozitu izan dutelako. Nagusiki GALen eraginez, 1983 eta 1987 artean, baina baita hura baino lehenago ere. Sasiainenak izan ziren bizipen gordinenak: 1979ko otsailaren 21ean, bahiketa saio batetik ihes egitea lortu zuen, eta, sei hilabete geroago, atentatu batetik bizirik irten zen. Batallon Vasco Españolek hiru errefuxiaturen aurkako atentatu bat egin zuen Angelun (Lapurdi): Sasiain bizirik irten zen, bere burua auto azpian gordeta, baina Jon Lopategi Pantu hil zuten, eta Txomin Iturbe zauritu.

Haatik, GALen agerpenak inarrosi zuen Ipar Euskal Herriko gizartearen eta, zehatzago, iheslarien egoera. 1983an hasi ziren GALen erasoak. «Ikusi genuen gauzak oso serio zihoazela», Irazolak oroitzen duenez: «Hamarkada batean, iheslariak Iparraldeko karriketatik desagertu ziren». Bat dator Imatz, baina berak bizi zuen egoera du gogoan, garai horretan bizi zuten presioa adierazteko: «GALen garaian, jendea desagertu egin zen, baina gu umeekin-eta, ikastolara eraman beharra genuen. Aurkitu izan genuen autoa irekita, kableak solte... Pentsatzen zenuen autoak eztanda egingo zuela». Baina propio uzten zuten horrela. Etxeko atean kolpeak ere entzun ohi zituen: «Beti saiatu dira gu handik desagerrarazten». Beraz, «borroka psikologikoa» ere bazen, Sasiainek oroitzen duenez.

GAL «Iparraldeko gizartearen aurkako eraso bat» izan zela uste du Irazolak: «Ordura arte, babestuak gintuzten; borrokalari eta erresistenteen irudia genuen. Pittaka-pittaka, erasoz eraso, Espainiako Estatuak legitimitate politikoa kendu digu; kriminalizatu egin gaitu». Irazolaren iritziz, helburua zen iheslariak «Iparraldetik desagerraraztea», eta, horren aurrean, uste du «komunitateak legitimitatea eta jendearen babesa eta elkartasuna» lortu duela: «1985ean, kanpaina bat egin zen: Iheslari bat, etxe bat. 500 familia konprometitu ziren gu etxean hartzera, errepresioari ihes egiteko. Eta GAL amaitu zenean, automatikoki hasi ziren kanporaketak. Hor ikusten zen mekanismoak ongi lotuta zeudela».

Elkarrizketan zehar, solaskideek sarri aipatu dute gizartearen babesaren garrantzia, eta baita Frantziako Estatuak hartutako neurriek nola eragin zuten sare horretan ere, Sasiainek gogora dakarrenez: «Esan behar da zer-nolako beldurra zegoen, Iparraldeko jendearentzat ere jazarpena zetorrelako. Gero, ez zenuen etxe bat lortzen. Giro bat sortu zuten; hasieran laguntzeko prest zeudenek, atxiloketen poderioz, utzi egin zioten».

Iheslarien aurkako mekanismoak aipatu ditu Irazolak; haren hitzetan, gerra zikina horietako bat izan da: «Konfinamendua, asignazioa, kanporaketa, estradizioa, deportazioa... Ikusi behar da gure aurka zer armategi administratibo erabili den». Oztopo horiez jabetu zen 1982an, Iparraldera joaterakoan: «Garai hartan, jadanik hasiak ziren Frantziako administrazioaren aldetik presio egiten. Presio administratiboa zen; ez zen gehiago ematen errefuxiatu estatuturik, lana emateko eta Ipar Euskal Herrian kokatzeko gero eta zailagoa zen, eta hasiak ziren asignazioak egiten, konfinamenduaren segidan».

Hedabide ugarik «santutegi» ospea eman zioten Iparraldeari, baina santutegitik gutxi zuela dio Irazolak: «Ez zen estatuturik, ez zen lanerako eskubiderik. Espainia ez zen sartua Europako Batasunean. Geroztik, hori frantsesentzat eragozpen bat izan da, Europako herritarrak garelako».

ESPETXETIK ASIGNAZIORA

Mugitzeko, lan egiteko, bizitoki bat zehazteko eta epe luzera begiratzeko trabei buruzko bizipenak pilatzen dituzte denek. Sasiainena da adibidea: 1979ko atentatuaren ostean sasira jo zuen, eta 1983an agertu zen berriro: «Pantu hil zuten atentatu horren ondorioz, gutun bat jaso nuen suprefeturatik, esanez kanporatze batzorde baten aitzinean agertu behar nuela». Ez zen aurkeztu: «1983an, itzuli nintzenean, kide batekin joan nintzen paper eske, eta nagusiak galdetu zidan non egon nintzen urte horietan, zergatik ez nintzen aurkeztu. Esan nion: justuki kanporatua ez izateko, egon naiz diskretuki, inongo bizitza sozialik gabe». Lanean hasi zen, baina 1987ko urriaren 3an sarekada handi bat egin zuten, eta Sasiainek lana utzi zuen: «1994an atxilotu ninduten; bost urte pasatu nituen Fleury-Merogisen, zazpi urteko kondena jarri baitzidaten. Irten baino hamabost egun lehenago, prefetaren gutun bat jaso nuen, esanez berriz ere kanporatze batzorde baten aurrean aurkeztu behar nuela». Eman zioten kanporatze agindua, baina, 1979an jasandako erasoaren ondorioz, errefuxiatuaren estatutua eman zioten.

Sasiain 1999an irten zen kartzelatik. Espetxetik irtetean, «asignazioa» edo administrazioak ezarritako bizitokitik ez irteteko agindua apurtu zuen Baionara joanda: «Nire egoera salatu nuen, ez nuela epaileen debekurik, traba administratiboak zirela eta bigarren zigor bat zela». Beraz, Poliziaren kontrol batean gelditu zutenean, ziur zen espetxera zihoala berriro. Epailearen aurrera eraman zuten, eta esan zion «injustua» zela; «nik ja zigorra betea nuela». Hilabeteko espetxealdia jarri zion.

Ohikoa zen euskal iheslariei Euskal Herritik kanpo bizitzeko agintzea eta bizitokia leku jakinetan ezartzea. 1978an, Frantziako bederatzi departamendutan bizitzea debekatu ziotenImatzi: «Bi haur txiki nituen. Noski, ez nintzen joan [Iparraldetik], baina egunero, goizeko seietan, batez ere hasieran, pentsatzen nuen: 'Atea joko dute. Etorriko dira'. Gero, ohitu egiten zara eta lo egiten segitzen duzu. Baina beti egon da errepresioa. Beti saiatzen ziren guk handik alde egin genezan».

Irazola ere preso egon zen bolada batean, eta kanporatze agindua eman zioten handik irtetean. Baina hura gauzatu artean, asignazioa eman zioten; Frantzia erdialdean bizitzeko agindua. «Denboran mugagabe; teorian, oraindik ere han egon beharko nuke». Horren arabera, «ez duzu lan egiteko eskubiderik, ez duzu Gizarte Segurantzarik eta ezin zara herriko mugetatik atera, eta astean bi aldiz joan behar duzu sinatzera». Eta nola egin bizimodua? Grafikoki azaldu du lan egiteko debekua: «Bazen talde bat sozialki oso inplikatua, eta lan egiten zuen ijitoen komunitatea integratzeko. Lehen arazoa zen komunitate horretan haurrak alfabetatu gabeak zirela. Galdetu ziguten ea erakuts geniezaiekeen mutiko-neskatoei irakurtzen eta idazten». Horretan hasi zen Irazola: «Ongi gogoan dut neska gazte batek zera esan zidala: nahi zuela ongi idazten eta irakurtzen ikasi, ikusi zuelako hori izango zela bere askapenerako bide bat». Horretan eman zituen bi urte: «Justizia Ministeriotik aitortu zidaten lan on bat egiten nuela eta kontratu bat egingo zidatela. Niregatik, primeran; familiaren bizkar bizi behar izan dut». Baina kontratua prefeturara heltzean iritsi zitzaion ezustekoa: «Prefetak beto eskubidea du kontratuetan. Eta, nire kasuan, esan zuen: 'Honek ezin du lanik egin'. Denak harrituta. Justizia Ministerioa Barne Ministerioaren kontra, edo alderantziz». Bi urtez egin zuen lan hori borondatez, eta 1995ean erabaki zuten Euskal Herrian bizitzeko eskubidea defendatzea: «Sartu ginen katedralean, egon ginen hiru astez, Iparraldeko gizarteak babestu gintuen: hautetsiek sinatu zuten iheslariak etxean hartuko gintuztela. Gure tokia egin genuen, de facto. Arriskatzen genuen, baina hala erabaki genuen».

Baldintzapen horien ondorioak askotarikoak izan dira, laurek aitortzen dutenez. Bat, bizi izan duten ziurgabetasuna, Sasiainen arabera: «Hainbeste urtez paperik gabe egon naiz, beldurrez, edozein tokitara mugitzeko gainean Damoklesen ezpata nuela, eta hori oso larria da; oraindik ere, mugitzeko, gauzak prest uzten dituzu bidean zerbait gertatuz gero ere».

Geroratutako asmoez mintzo da Irazola: «Ihes egin genuen, ados. Baina egun batetik bestera ezin duzu proiektu bat egin; beti zaude behin-behinekotasun hutsean. Ezin duzu zure bizitza etorkizunari begira proiektatu. Badituzu proiektu profesionalak, familiarrak... Dena atzeratzen duzu, eta, hori 40 urtez egiten delarik, izugarrizko karga psikologikoa du».

Gibelatzearen indarrez, Sasiainek gogoan ditu «emazte militanteak, amatasunerako gogoa» zutenak eta nahi hori bete gabe gelditu direnak: «Beti beste zerbaiti eman diozu aitzinatasuna. Jende pila bat egon da horrela; ez naiz bakarra».

DEPORTAZIOA «LABORATEGI» GISA

Iheslarien aurkako mekanismo askotariko horiek eragin dute kolektibo hori heterogeneoa izatea eta kasuistika aski diferenteak topatzea. Eta, horien artean, deportazioaren figura da bat. «Deportatuak ez, hartuak eta eramanak», dio Gantxegik: «Libre bizi ginen, lan egiten nuen, eta, bat-batean, sei lagun eraman gintuzten Santo Domingora, erregimen itxi batean. Soilik binaka ateratzen ginen erosketak egitera, astelehen, asteazken eta ostiraletan». Etxe berean bizi ziren seiak, haiekin «24 orduz» egoten ziren bertako poliziekin batera: «Horrela pasatu genituen zortzi urte eta erdi».

Santo Domingokoa «laborategitzat» dauka Gantxegik: «Buruan sartu zitzaien seiok, geneuzkan pentsamoldeekin, bi urte baino lehenago mokoka hasiko ginela, hura oilategi bat bihurtuko zela. Lortu zuten batekin [Juan Manuel Soares Gamboarekin], baina gainerakoek, tirabira guztiekin, iraun egin genuen. Baina etxe hartan dena zeukaten kontrolatuta: gure elkarrizketa guztiak, bazekiten gu goizean jaikitzean zer umore genuen. Egunerokoa oso gogorra zen, herritik milaka kilometrora, jakin gabe hurrengo goizean zer gertatuko zen, zer egingo zuten zurekin».

Herrialdera eraman bezain ezustean atera zituzten: «Etxean gezur bat esan ziguten, diligentziaren bat egin behar genuela; bidean, gure autoa geratu, poliziaz inguratu, eskuburdinak ipini, aireportura eraman, eta abioi batean ekarri gintuzten Eugenio Etxebeste, Iñaki Arakama eta hirurok». Epailearen aurretik pasatu ondoren kartzelatu zuten Gantxegi, sei hilabeterako.

Haren arabera, deportazioarekin ez da «borroka askorik» egin Euskal Herrian: «Beti, manifestazioetan, preso eta iheslariak etxeratzearen alde egin ohi da. Eta deportatuak, zer? Zer dira?». Izan ere, uste du deportazioa «idilikotzat» hartzen zela: «Hondartzan geundela, asignazioarekin... Baina gure asignazioa oso txikia zen; eskerrak familiakoek laguntzen zutela. Guk ondorioak sortzen ditugu familian».

KOTIZAZIORIK GABEKO ERRETRETA

Preso, iheslari eta deportatuen errealitateetako bat da zenbaitek zailtasunak izaten dituztela bizimodua egiteko, klandestinitatean, paperik gabe edo dokumentazio faltsuarekin egonik, ez dutelako beren izenean kotizatu, eta, beren lege egoera konpontzerakoan, edo erretiroa hartzerakoan, ez dutela baliabide ekonomikorik. Badira muturreko kasuak: seme-alabak izan eta horiek beste norbaiten izenean erregistratu behar izan dituztenak; alegia, seme-alaben gurasotasuna erregistratuta ez daukatenak.

Baliabide materialei dagokienez, familia izan ohi da klandestinitatean egon diren horietako hainbaten sostengu, baina Harrera elkarteak urteak daramatza lanean, behar duten horiei ekarpen ekonomiko bat emateko edo lan munduratzean laguntzeko, besteak beste.

Dokumentazioa atxikita ere, lau solaskideek Ipar Euskal Herrian gelditzea deliberatu zuten. Alde horretatik, zortedun sentitzen da Sasiain: «Zaintzaile, garbitzaile... Ahal zuen edozertan lanean hasi nintzen». Iparraldeko jendearen elkartasuna beharrezko izan zen haren lan munduratzean ere: «Emakumeen babes etxean aritu nintzen, ikastolan... Erretreta hartu arte. Kristoren zortea izan dut, askok izan ez dutena».

Perspektibarekin mintzo da Irazola ere: «27 urte pasatu ditut paperik gabe. Ikusten duzularik ni zuria eta europarra izanik zein zaila den paperik gabe egotea, pentsatzen duzu nola dauden beste batzuk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.