Memoria historikoa. Diego Blazquez. Espainiako Gobernuko Memoria, Demokratikorako zuzendari nagusia

«Badakigu memoriari lotutako neurrietako asko berandu datozela»

Memoriaren lege proiektua tramitatzen ari dira Madrilen. «Egia azalera atera» nahi du Espainiako Gobernuak, frankismoa epaitzea baztertuta.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gogora institutuak eta Nafarroako Memoriaren Institutuak Bilbon antolatutako jardunaldietan parte hartu zuen Espainiako Memoria Demokratikoko zuzendari nagusi Diego Blazquezek (Avila, Espainia, 1972). Haren esanetan, errepresio frankistaren biktimen erroldak osatzea «lehentasuna» da Espainiako Gobernuarentzat.

Espainia da desagertu gehien duten estatuetako bat. Ez al da garaia frankismoaren biktimen errolda orokor bat osatzeko?

Bai. Memoria Demokratikoko Estatu Idazkaritzaren apustu nagusietako bat da, hainbat autonomia erkidegotan egin den bezala, Espainiako Estatuan errolda bat osatzea. Are: asmo hori jasoa dago Memoria Demokratikoko lege proiektuan, eta asmo osoa dugu autonomia erkidegoekin lankidetzan aritzeko eta eurek urratutako bideari segitzeko.

Zer-nola dago lege proiektu hori?

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartua du lege proiektua, eta orain legeak bidea eginen du Espainiako Kongresuan. Iragan ostiralean amaitu zen osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta proiektuak tramite hori gainditzen badu, Batzorde Konstituziogilera pasatuko da.

ERCk aurkeztua du osoko zuzenketa bat. Salatu dute bidea itxi diozuela frankismoko krimenak epaitzeari.

Lege proiektuan bermatzen dena da egia ezagutzeko eskubidea eta, funtsean, biktimei eginen die mesede. Horretarako, bi tresna ditugu: areto fiskaltza berria sortuko dugu, eta, horri esker, fiskalak ikerketak abiatu ahal izanen ditu, biktimen gorpuak bilatzeko eta identifikatzeko prozesuetan. Bestalde, sortu nahi dugu borondatezko prozedura judizial berri bat ere, eta, horren arabera, epaile batek aukera izanen du, sententzia baten bidez, gertatutakoa egia dela ebazteko.

Hortaz, diozunagatik, badirudi Espainiak uko egin diola krimenak auzibidean jarri eta zigorrak eskatzeari. Hala da?

Lege proiektuaren helburua da frankismoan gertatutakoa aitortzea eta hari balioa ematea. NBEk dio gertatutakoaren aitortza publikoa bermatu behar dela, eta horretara goaz.

Baina, egiarekin eta aitortzarekin batera, biktimek justizia ere eskatzen dute. Lege hau nahikoa izanen da aldarrikapen hori asetzeko?

Gure ustez, bai. Tresna asko garatu ditugu lege berrian, hori bermatzeko: biktimen errolda, frankismoak konfiskatutako ondasunen eta errepresio ekonomikoaren inguruko auditoria, lan behartuei buruzko ikerketak... Elementu ugari bilduko ditu legeak, jazarpen frankistaren dimentsio guztiak aintzat hartuta, auzia gizarteratzeko.

Berandu datoz Espainiako Gobernuaren neurriak?

Bai, badakigu neurri hauetako asko berandu datozela, eta horregatik tramitatu ditugu ahalik eta bizkorrena. Besteak beste, desagertutako pertsonak bilatzeko egitasmoak lehenetsi ditugu, senideen kezka nagusia delako horiek aurkitzea eta era duinean hobiratzea.

Aste honetan hasi dira lanak Erorien Haranean hobiratutako biktima errepublikazaleak ateratzeko. Nola doaz?

Prozesu luze eta konplexua da, eta askotariko lanak egin behar izan ditugu gorpuak ateratzen hasi aurretik: ikerketa forentseak, elementu arkitektonikoei dagozkienak, ingeniaritzakoak... Lan teknikoak bukatuta, auzi medikuen txanda helduko da. Hala ere, goiz da oraindik epeak zehazteko. Luze joko du.

Eta gero? Zer eginen du Espainiako Gobernuak Erorien Haranean?

Erorien Haranak izan beharko luke memoria demokratikoko gune bat. Horrek esan nahi du espazioaren izaera eraldatu beharra dagoela: azaldu behar da zer den monumentu hori, noiz eta nola eraiki zen, zein helbururekin... Adibidez: CSIC Ikerketa Zientifikoen Espainiako Kontseilu Nagusiak txosten bat egin du berriki, monumentua eraiki zuten langile behartuen bizi eta lan baldintzei buruz. Halako gehiago behar ditugu, pixkanaka, diktadurak utzi zigun ondare horren atzean dagoena azaltzeko, eta diskurtso totalitarioak bazterrean uzteko.

Francisco Franco fundazioa da diktadurak utzitako beste arrasto bat. Zer eginen du gobernuak horrekin?

Memoria Demokratikoko lege proiektuan ere jasota dago auzi hau. Funtsean, arau berriak bidea emanen du fundazio horren ilegalizazioa eskatzeko.

Eskatzeko?

Bai, finean, bide judizialari eutsi behar zaio; legearen arabera, fundazio edo elkarte bat debekatzeak oinarrizko eskubide bati eragiten diolako; elkartzeko eskubideari, alegia. Memoria demokratikoaren legeak bide edo azpiegitura berri bat ekarriko du, prozedura judizial hori abiarazteko. Baina botere judizialak erabakiko du, noski. Ezin da bestela izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.