Ehunka jende elkartu ziren atzo Baionan euskalgintzaren deiari erantzunez, Ipar Euskal Herrian euskarak dituen trabak salatzeko eta hizkuntza politika berri bat abiatu behar dela eskatzeko. Orain baxoa euskaraz! Euskarak trabarik ez lelopean suprefeturatik Xaho plazarainoko ibilbidea egin zuten euskararen ofizialtasunaren aldeko oihuen artean. Euskal Herriko xoko guzietatik etorritako adin guzietako jendea batu zen, baita eragile andanatako ordezkariak ere. Haatik, Ipar Euskal Herriko lehen mailako hautetsien eskasia nabarmena izan zen: ez Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria, ez Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ez ziren mobilizaziora agertu, ezta Ipar Euskal Herriko parlamentari bakar bat ere.
Manifestazio bukaeran Xabi Ibarburu Uda Lekuko lehendakariak eta Elorri Falxa Seaskako irakasleak hartu zuten hitza, Euskal Konfederazioaren eta Azterketak Euskaraz kolektiboaren izenean. Frantziako Estatuari dei egin zioten, baina baita Ipar Euskal Herriko erakundeei ere, zinezko hizkuntza politika bat, euskalgintzako eragileentzako baliabideak, eta euskararentzako lege esparru bat eskatzeko. Euskararentzat «aro berri bat» zabaltzeko aldarrikatu zuten.
Azterketen gaia aipatu zuten, lehenik. Seaskako ikasleek brebetako zientzietako proba euskaraz pasatzeko baimena izanen dute ekainean, baina eskubide hori eskola publikoan eta eskola pribatu katolikoan ele bitan ari diren ikasleei aplikatzea «ezinbestekoa» dela aldarrikatu zuten, beste behin. Halaber, ikasleek baxoa ere euskaraz pasatzeko aukera izan dezaten lehenbailehen urratsak egin daitezen galdegin zuten. «Haur hezkuntzatik baxoraino murgiltze eredua hedatuz, euskara transmititzeko gai izanen diren hiztun osoak sortzeko garaia da. Euskaraz eroso aritzeko arnasguneak sortu eta biderkatzeko garaia da».
Hala ere, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren iritziz, hizkuntza politika publiko osoa dago jokoan. Berriki argitaratu diren inkesta soziolinguistikoaren datuek erakusten dute belaunaldirik gazteenetan euskara emeki-emeki berreskuratzen ari dela, baina erabilera beheititzen ari dela eta hizkuntza maila gero eta apalagoa dela adierazi zuten. «Euskaldunak gero eta zokoratuagoak gara».
Ikusi gehiago:Peio Jorajuria: «Ipar Euskal Herrian, euskara debekatua da»
Euskara biziarazteko, hizkuntza politikaren arloan «ziklo aldaketa» bat egon behar dela erran zuten. «Dagoeneko, politika minimalistek ez dute balio; itxurakeriak ez du balio. Zinezko inbertsioa egin behar da, herri honek bizirauteko duen kapital garrantzitsuena, euskara, garatzeko».
Datuak kezkagarriak izanik ere, euskararen gainbehera «ez da saihetsezina», Euskal Konfederazioa osatzen duten eragileen hitzetan, baina egoera «irauli» behar da: «orain arteko hizkuntza politika ez da gehiago egokia egungo erronkei erantzuteko», adierazi dute. «Gehiago eta fiteago egin behar dugu, erabilera eta transmisio arlo guzietan eskaera sozialari erantzutetik eskaintza proposatzera pasatuz. Euskarak ezin du gehiago goaitatu». Hizkuntza politika berria, orain artekoa baino anitzez eskumen eta diru gehiagoz hornitua izan beharko dela baieztatu zuten.
Euskalgintzako eragileek sostengua behar dutela erran zuten atzo. «Izan irakaskuntzan, helduen alfabetatzean, hedabideetan, aisialdian edo lehen haurtzaroan, urtez urte gero eta gehiago egiteko eskatzen zaie eragileei, baina baliabideak hein berean gelditzen dira». Euskal Konfederazioaren hitzetan, ezin da horrela segitu. «Nola zabalduko dugu euskara, arlo horietan ez bada behar den heinean inbertitzen?». Euskalgintzako eragileek baliabide «duinak eta egokiak» behar dituztela adierazi zuten, bakoitzak duen jardueran segitzeko ez ezik, horietan lanean ari diren langileak prekaritatetik ateratzeko ere.
Erakundeei deia
Hala ere, Ibarburuk eta Falxak azpimarratu zutenez, hizkuntza politika bat ez dela diruz bakarrik osatzen. «Baitezpadakoa da lurralde hizkuntzen lege koadroa hobetzea, euskarak estatus berria lortzea, eta Ipar Euskal Herriaren eraikitze instituzionalean urrunago joateko lege egutegiak eskain ditzakeen aukera guziak jorratzea».
Lau hanka ditu Ipar Euskal Herriko hizkuntza politikak, EEP Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten lau instituzioak: Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako departamendua, Akitania Berria eskualdea eta Frantziako Estatua. Laurei dei egin zieten euskalgintzako eragileek, baina tokiko hautetsiei mintzatu zitzaien bereziki.«Herri honen ordezkari badira, herri honen nahia errespetatu eta jatorrizko hizkuntza garatzeko berehalako neurriak har ditzatela. Euskararik gabe ez da Euskal Herririk izanen».
EEPren egitura juridikoa iraungitzear da, eta haren berritzeaz gogoetatu beharko dute aurten hura osatzen duten erakundeek. Gaur egungoa baino indar handiagoa emateko eskatu zuten. Era berean, Bretainiako eta Okzitaniako egoerarekin alderatu zuten hizkuntzari begirako politika publikoa. «Estatuaren eta eskualdeko kontseiluen arteko hitzarmen berriak izenpetzen edo negoziatzen ari dira, baina Ipar Euskal Herrian deus ez da pentsatua euskararentzat», deitoratu zuten.
Argi egin zuten galdera: «Ba ote da, instituzioen aldetik, euskara biziberritzeko egiazko borondate politikorik?». Dudak zilegi dira, euskalgintzaren ustez. Otsail hastapenean gutuna bidali zieten elkargoko, departamenduko eta eskualdeko presidenteei EEPren aurrekontua emendatzeko urratsa egin dezatela eskatzeko. Ez Jean Rene Etxegaraik, ez Jean Jacques Lasserrek, ez Alain Roussetek, bi hilabete eta erdi pasatu badira ere, hiruretako bakar batek ere ez die erantzun. Euskal Konfederazioko eragileak prest agertu ziren euskaren aldeko hitzarmen berri baterako lanetan parte hartzeko.
Frantziako Gobernuari ere egin zioten eskaera, Euskal Herriko eskaera sozialari jartzen dizkion «oztopoak» kentzeko. Hizkuntza politika eraginkorra izateko, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuko dituen esparru berri bat behar duela aldarrikatu zuten atzo, eta Euskal Elkargoari dei berezia egin zioten: «Hizkuntza politika berri bat abian ezartzeko elkarrizketak abia ditzala Frantziako Gobernuarekin, hizkuntza politikan eragiten duen arlo orotako eskumenak eskuratu ditzan, esperimentaziorako lege organikoak aurreikusten duen gisan».