Apal-apalik Jaungoikoaren eta gizartearen aurrean, eusko lur gainean zutik, eta Gernikako haritzaren azpian, asaben gomutaz, herri ordezkari zareten zuen aurrean, nire agintea zintzo beteko dudala zin dagit». Ostegunean hamar urte dira Iñigo Urkulluk, berba horiekin, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren kargua hartu zuela. Sinbologia kristaurik gabe zin egin zuen, ez gurutzerik ez Bibliarik, eta bigarrenaren ordez Gernikako Estatutuaren eta Bizkaiko Foru Zaharraren ale bana harturik. Bi egun lehenago aukeratu zuen Eusko Legebiltzarrak, bigarren bozketan, gehiengo soilaz. Bitxikeria bat: Urkulluri berari egokitu zitzaion lehen botoa ematea, eta algara batzuen artean eman zion botoa bere buruari. Guztira, aldeko 27.
Hamar urte bete ditu Urkulluren agintaldiak, eta ukaezina da hamarkada honetan Urkulluk bere estiloarekin blaitu duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako panorama politikoa. Testuingurua ere aldatu da, baina lehendakariaren hitzek eta ekintzek argi islatzen dute egoera politiko eta sozialaren bilakaera.
Ikusi gehiago:Penduluaren beste aldean
Urkulluren ikuskera eta urteotan lehendakariak nabarmendu dituen ideiak aztertzeko asmoz, ariketa bat egin du BERRIAk: urteroko politika orokorreko eztabaidetan eta, halakorik egin ez denetan, inbestidura saioetan —alegia, urte politiko bakoitzeko adierazpen garrantzitsuenean— Urkulluk egindako diskurtsoak xehatu ditu, lehendakariak zer hitz erabili dituen aztertzeko, horietako zeintzuk errepikatu dituen gehien azaleratzeko, eta urteen joanean kontzeptu batzuek indarra nola hartu edo galdu duten erreparatzeko. 11 hitzaldi, ia 100.000 hitz, agintari baten mundu ikuskera erakusten dutenak.
Zein da Urkulluren mapa kontzeptuala? Lehenik, herriak Euskadi izena du: hori da haren diskurtsoetan gehien agertzen den hitza. Urtero, gehien erabili dituen hiruzpalau terminoetako bat da Euskadi, eta hamar urtean apenas erabili duen Euskal Herria kontzeptua, estatutuak hala jasoa badu ere; apenas darabilen Euskal Autonomia Erkidegoa edo haren akronimoa ere. Euskadi hori zerk osatzen duen, zenbakiek erakusten dute: Ipar Euskal Herriari buruzko erreferentziak eskasak dira —lehen bost urteetako hitzaldietan ez zituen Iparraldea edo hiru herrialdeak aipatu—, eta Nafarroa ere ez zen agertu haren ahotan lehen hiru hizketaldietan. Harrezkero, urtero sartu du hari buruzko erreferentziaren bat.
NAGUSIKI, EKONOMIA
Ekonomiari lotutako esamoldeek hartzen dute pisurik handiena lehendakariaren mintzaldietan; are, urteroko diskurtsoak zenbatuta, ekonomia edo ekonomiko da gehien erabilitako hitzetan hirugarrena. Finantza, industria, enplegua... Urtero-urtero presentzia handia dute hitz horiek, eta ikuspegi ekonomiko bat erakusten dute: bloke horretan, enplegua edo lana (299) eta enpresa (243) aipatu ditu gehien urteotan, eta enpresak, langileak baino sei aldiz gehiago (40). Argibide kontzeptual bat: beharginez hitz egiteko, Urkulluk sarriago darabil profesional hitza langile baino.
Sektoreka, kezka sozialen aldaketen erakusgarri bat da energiari buruzko eztabaida. Aurten, Urkulluk 46 aldiz aipatu zuen energia; lehen bederatzi urteetako hitzaldi guztien baturan bezainbeste. Energiaren protagonismoa handitze horrek, gainera, abizen bat du: urteek aurrera egin ahala, Urkullu gehiago mintzo da «energia trantsizioaz», «efizientziaz» eta, batez ere, «energia berriztagarriaz». Eta aurten, lehenbizikoz eta hiru aldiz, energia «aurrezteaz».
Era berean, deigarria da ostalaritza 2020tik aurrera baizik ez duela hizketagai izan, COVID-19aren izurriak kalte egindako edo horregatik lagundu beharreko sektore gisa.
BAKETZEA, APALTZEN
Gatazkaren konponbideari buruzko hiztegian ere antzematen da bilakaera Urkulluren hiztegian. Adibide bat: ETAren aipamena ia urtero egin zuen lehendakariak aurreneko bi legealdietan —GAL edo beste talde parapolizial batzuk behin baino ez ditu aipatu hamar urteotan—, baina indarrean den legealdian ez du behin ere ahoratu. Ez dira salbuespena; atal horretan, bakea eta bizikidetza izan dira saio guztietan Urkulluk gehien errepikatu dituen hitzak, baina horiek eta beste kontzeptu batzuk gero eta gutxiago erabiltzeak erakusten du gatazkaren konponbideari eta baketzeari buruzko blokea presentzia galduz doala lehendakariaren gogoetetan. Haatik, gai horretan badira protagonismoa hartzen ari diren beste ideia batzuk: indarkeria-ri eta terrorismoa-ri bi bider sarriago egin zien erreferentzia bigarren legealdian, 2012-2016 bitartekoan baino. Eta torturez ez du sekula hitz egin politika orokorreko eztabaidetan.
ESTATUSAREN DESAGERPENA
Lehendakariaren ahotik desagertu diren hitzak gatazkaren konponbidetik harago doaz, ordea; estatusa, subiranotasuna eta burujabetza, adibidez, ohikoak ziren lehen bi legealdietan, baina 2020-2024 aldiko lehen hiru diskurtsoetan, Urkulluk behin baino ez du jardun horietako bakoitzaz. Azken legealdian, Jaurlaritzaren gobernu programak ez du jasotzen estatutua eguneratzeko egitasmorik, eta Urkulluk aurten egin duen hitzaldia bat dator hutsune horrekin: lehendakariak bere diskurtsoa bideratu zuen eskatzera «aitortutako autogobernua» —estatutua— betetzeko eta falta diren eskumenak eskualdatzeko. Nolanahi ere, autogobernua «sakondu, gaurkotu eta zabaldu» beharraz mintzatu zen irailaren 22ko saioan; besteak beste, eskatu zuen euskal erakundeek Europako eta nazioarteko erabakiguneetan parte hartu ahal izateko: «Euskadik Europako Batasunean duen parte hartzea da Gernikako estatutuaren gabezia nagusietako bat, eta gure lehentasunetako bat da».
Ikusi gehiago:Agintaldi baten aztarnak
Urkulluren ekoizpen kontzeptuala, ordea, oparoa izan da haren agintaldian: 2014an «kontsultatuak izateko eskubidea», «kontzertu politikoa» eta burujabetza partekatua» defendatu zituen, eta urtebete geroago, «erabakitzeko ahalmena», «nazio forala» eta Espainiako Estatuarekiko «atxikimendu askea». «Erabakitzeko ahalmenaren» ideia errepikatu zuen 2016an, eta 2017an, berriro ere «burujabetza partekatua» babestearekin batera, «Euskadi nazio politiko» eta «errealitate nazional» gisa defnitu zuen. Bestalde, 2018an kategoria politiko bat aipatu zuen —2012tik lehenengoz, eta oraingoz azken aldiz— azken urteetako eztabaida publikoan esangura handia izan duena: erabakitzeko eskubidea. 2019an, berriro ere erabakitzeko «gaitasunaz» jardun zuen, eta, legealdi honetan, «aitortutako autogobernua» lortzea jarri zuen helburutzat aurtengo irailean. Horien osagarri: 11 hitzaldietan ez du behin ere aipatu independentzia, behin autodeterminazioa (2015ean), eta bost bider kontsulta edo galdeketa.
BERDINTASUNA, FEMINISMORIK GABE
Urkulluren hitzek erakusten dute genero berdintasunak leku nabarmen handiagoa duela haren bigarren legealdian aurrenekoan baino, eta hori, hain zuzen, berdintasun eta emakume hitzen ugaritzean antzematen da —hurrenez hurren, hamabostetik 67ra eta bederatzitik 40ra—. Hamarraldi honetan, hiru urtean baizik ez du aipatu matxismoa, eta are gutxiago feminismoa: behin, 2020an. Emakundez ere bi hitzalditan baino ez da aritu: aurten behin, eta 2015ean hirutan.
KRISI ALDAKORRAK
Hamarkadaren bilakaera globalaren isla ere badira Urkulluren hitzak. Krisi hitzak presentzia askoz handiagoa dauka bere lehen legealdian bigarrenean baino, eta adiera ere aldatuz joan da: lehen legealdian, krisiak esanahi ekonomikoa izan zuen, eta bigarrenean, gehiago nahasi da beste gai batzuekin, krisi humanitarioarekin eta Espainiaren lurralde krisiarekin, kasurako.
Izan ere, krisi ekonomiko betean heldu zen Urkullu lehendakaritzara, eta osasun krisi globalean gobernatu behar izan du azken hiru urteetan. Zenbaketak agerian uzten du orain osasunari buruzko kezkak jauzi kualitatiboa egin duela aurreko bi legealdiekin alderatuta, eta atal horri buruzko erreferentziak sarriagoak direla, baita COVID-19ari buruzko aipamenak nabarmen urritu ondoren ere.
Urkulluren agintaldiak 10 urte
URKULLUREN EUSKADI, 100.000 HITZETAN
Etzi hamar urte izango dira Eusko Legebiltzarrak aurreneko aldiz Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakari aukeratu zuela. Urkulluren diskurtsoetan jasotako terminoen bilakaerak aditzera ematen du zein diren haren mundua eta euskal ikuskera, eta nola gai batzuek protagonismoa hartu duten agenda publikoan, beste batzuen kaltetan, urteek aurrera egin ahala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu