Zaila da jakiten errepideak lerrorik duen ala ez. Autoak nahasketa ordenatu batean doaz aitzinera lur gorriko errepidean, eta haien aldamenean ala kontrako noranzkoan motorrak, kamioiak, oinezkoak, bozina hotsa. Errepide bazterrean salgaiak, dendak, lurrean eraikitako denda gehiago, ahotsak, jendea. «Larunbatetan normala da hau; erosketak egitera edo ezkontzera etortzen dira herritarrak», azaldu du Eliane Polepole Afem Kongoko Errepublika Demokratikoko Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkarteko kideak. Baina kopuru osoa normal-normala ere ez da: «Gero eta jende gehiago dator hirietara bizitzera, segurtasun faltaren ondorioz».
Segurtasun falta bortxaketa basatiak dira, hilketak, sorginkeria akusazioak, bizi baldintza negargarriak. Eta horiek denak dakartzaten eta areagotzen dituzten talde armatuen presentzia. Datuek erakusten dute arazoaren neurriaren parte bat: Alboan gobernuz kanpoko erakundearen arabera, urtero 100.000 emakume bortxatzen dituzte Kongoko Errepublika Demokratikoan. Ugandarekin, Ruandarekin eta Burundirekin mugan dagoen Kivu inguruan are okerragoak dira datuak. Amnesty Internationalen arabera, 2007tik 2010era 17.400 emakume bortxatu zituzten Ipar Kivu eta Hego Kivu eskualdeetan soilik. Eta kasu anitz eta anitz ez dira salatzen.
Estatuaren barneko lekualdatzeak ere ugari dira: UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren 2018ko datuen arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoan 4,5 milioi barne lekualdatu daude, eta bertze 811.300 errefuxiatu bizi dira herrialde mugakideetan edo hegoalderago daudenetan. Horietatik %60 emakumeak eta haurrak dira.
Sabina Barone ikerlariak Ipar eta Hego Kivuko emakumeen egoera ikertu zuen 2018an, Emakumeok martxan txostena osatzeko, Alboan-ek eskatuta, eta argi du barne migrazioaren eta indarkeria sexualaren arteko lotura: «Bortxaketek ez dituzte bakarrik emakumeak umiliatu eta suntsitzen. Komunitate osoa xehatzen dute, eta, terrorearen eta dominazioaren bidez, lekualdatzera bultzatzen dituzte komunitatean bizi direnak. Eta hori interesgarria zaie helburu ekonomiko ilegalak dituztenei, lurraldearen kontrola hartzeko». Interes ekonomiko horien artean nagusi da mineralen ustiaketa, aberatsa baita lurraldea. Ezaguna da, adibidez, sakelako telefonoak egiteko beharrezkoa den koltan minerala edukitzeagatik —koltanaren gerra ere deitu zioten 1998tik 2003ra herrialdean izandako gatazka armatuari—.
Justine Massikak emandako datuaren arabera, Kongoko Errepublika Demokratikotik ateratzen da munduan barrena erabiltzen den koltanaren %80. Indarkeria Sexualaren Biktimentzako Emakumeen Sinergiaren sortzaile eta presidentea da Massika, eta, haren federazioaren izenak berak dioen gisan, gatazkaren ondorioz emakumeek pairatzen duten indarkeriari aurre egiten dio egunerokoan —bera ere bizirik irten zen talde armatuen bortizkeria sexualetik—. Salatu du mineralen trazabilitatean dagoela arazoetako bat; teknologia berriak ekoizteko lehengaien jatorriari jarraipenik egin ezean, legez kanpo eta talde militarren babesarekin eta, beraz, indarkeria baliatuta ateratzen baitituzte lehengai preziatuak: «Mendebaldekoek nahiago dute trazatuak ez dauden mineralak erosi, merkeago eduki ahal izateko, eta Mendebaldera eramaten dituzte gero fabrikatzeko. Kongoko Errepublika Demokratikoko koltanarekin egiten diren telefonoek komunikazioa errazten dute Mendebaldean, baina hemen jendeak bizitza galtzen du horien ondorioz».
Gerra ofiziala 2003an bukatu bazen ere, «errepikapenezko gerrek» jarraitu egin dute herrialdean. Eta horren adibide da Kivu lakuaren ertzeko eskualdeetan dauden talde armatu ugariak. Massikak azaldu du kalkulatzen dutela Ipar Kivu eskualdean 150 taldetik goiti egon daitezkeela. Segurtasun faltaren ondorioz, setiatuta dago eskualdea joan den urteko maiatzetik, Ituri eskualdearekin batera: militarrek dute agintearen kontrola, eta 22:00etarako etxean behar dute herritar guziek.
Setioak ez du egoera hobetu, ordea: «Militarrak direna dira. Zenbait talde armatutako kideak sartu dituzte armadan, prestakuntzarik gabe», erran du Massikak. 2019an Felix Tsishekedi presidenteak hauteskundeak irabazi izanak ere ez du ekaitzik baretu: «Oposizioa jarri zenez boterean, uste genuen gauzak aldatuko zirela, baina, zoritxarrez, gauzak ez dira okertu baino egin». Eta emakumeek pairatzen dituzte kalteak, nagusiki: iaz emakumeen aurkako 11.623 eraso zenbatu zituzten Ipar Kivu eskualdean. Eta ez da bakarra —etxeko indarkeria kasuak ere, izan, bai baitira—, baina Massikak argi du: «Talde militar aktiboak daudeno, emakumeek ihes egiten segituko dute; bi talderen artean borrokak daudenean emakumeak baitira biktima beti. Euren burua babesteko ihes egiten dute».
Hamaika indarkeria mota
Massikak irmo dio: «Emakume bat bortxatzea beti da salagarria, bortxaketa hori ankerkeriaz egina izan ala ez». Baina ankerkeria aipatzen du askotarikoak direlako salatu izan dituzten erasoak. Baronek txostenean jaso duenez, militarrek maiz objektu zorrotzak sartzen dituzte emakumeen aluan, izan armak, labanak edo makilak —baginak berregiten espezializaturiko erietxeak daude—. Gero eta emakume eta neska gazteagoak ere bortxatzen ari dira —tartean haurrak—, sineskeria baten arabera emakume birjinak bortxatzeak gizonak GIB birusaz kutsatzea eragozten baitu. Talde armatuekin lotuta ez dauden eraso sexual anitz ere badira; aitek, anaiek, bizilagunek edo ezezagunek egindakoak, erraterako. «Desproportzio bat dago tentsio sozialen eta horiek emakumeak umiliatuz konpontzearen artean», uste du Baronek.
Abortatzea zaila denez, bortxaketa horien ondorioz ume ugari jaiotzen dira, halabeharrez. Eta bertze leku anitzetan bezala, emakumeen estigma, errua eta biktimizazio bikoitza ere ohikoak direla azaldu du ikerlariak. «Horrek hausturak sortzen ditu: emakumea familia nukleotik kanporatzea, senarrak abandonatzea, edota herritik joan behar izatea, ikasketak uztea...». Are zaurgarriago egiten ditu horrek guziak: «Prekaritateak indarkeriarekiko esposizio handiagoa dakar, eta gelditzen ez den gurpil zoro bat bilakatzen da».
Zigorgabetasunaren ondorioz indarkeriaren «banalizazioa» gertatu dela uste du Baronek: «Gatazka eta indarkeria orokortuta daude, eta emakumeen aurkako indarkeria ehun sozialaren galeraren, segurtasun faltaren eta emakumeen posizio azpiratuaren sintoma da». Andreentzat ez dago bakerik, beraz. Massika: «Emakumea gerrako arma da oraindik ere».
Kongoko Errepublika Demokratikoa
BORTXAREN BORTXAZ LEKUALDATUAK
Emakumeen aurkako indarkeria sexuala barne migrazioaren kausa eta ondorio da Kongoko Errepublika Demokratikoan. Mineralen ustiaketarekin loturiko talde militarrek gudu zelai bilakatu dute emakumeen gorputza, eta haien aurkako bortizkeria gizarteko gainerako arloetara hedatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu