Eukalipto sailen hedapena

PINUEN LEKUA, EUKALIPTOENTZAT

Xingola marroiaren gaitza agertu zenetik, milaka hektarea pinu bota dituzte Hego Euskal Herrian. Bizkaian eta Araban, lur jabeek eukaliptoekin bete dute eremu horren zati handiena. Gipuzkoan eta Nafarroan, beste espezie batzuk lehenetsi dituzte. Jatorrizko basoak ere hedatzen ari dira pixkanaka.

PINUEN LEKUA, EUKALIPTOENTZAT.
inaki petxarroman
2021eko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Hazi fundazioaren 2020ko EAEko baso inbentarioak zenbakiak jarri dizkio isurialde atlantikoan edonork suma dezakeen paisaia aldaketari. 2018an xingola marroiaren gaitzak erasan zienetik, ia 10.000 hektarea insignis pinudi bota dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Nafarroan ere bota dute hainbat hektarea, baina ez dago datu zehatzik. Bada, pinudi horiek zeuden lursailen erdiak inguru eukaliptoekin bete dituzte. Zehazki esanda, 9.438tik 3.825 hektarea aldatu dituzte espezie horrekin.

Geografikoki, hiru joera daude. Ekialdean, ez da eukaliptorik landatu. Nafarroako Gobernuko Ingurumen eta Landa Garapeneko Saileko teknikari Iñigo Villanuevak kazeta honi jakinarazi dionez, «Nafarroan landaketa bakarren bat bada, partikularra orokorrean, baina azalera txikikoa. Eukalipto azalera hagitz mugatua da. Ez dut daturik, baina ez dira 10 hektareara ere iritsiko». Pinudien gaitza agertu zenetik, gainera, jabeen artean ez dute sumatu espeziearen gaineko interesa handitu denik. Iparraldean, joera bera dago, eta han, gainera, insignis pinurik ez zegoen.

Mendebaldera joan ahala, baina, paisaia ez ezik, basoa ere aldatzen da. Gipuzkoan sartzen ari da eukaliptoa, baina Bizkaian eta Arabako iparraldean baino astiroago. Hazi fundazioak emandako datuen arabera, herrialdean bota dituzten pinudien %15 inguru ordezkatu dituzte eukalipto sailek. Beste espezie bat dute gogokoago Gipuzkoan: Japoniako zedroa (cryptomeria). Hain zuzen ere, botatako pinudi sailen %34tan landatu dute espezie hori. Bizkaian eta Araba iparraldean, bereziki Aiaraldean, bizkor ari dira zabaltzen eukaliptoak. Bi herrialdeotan, botatako pinudien erdiak baino gehiago ordezkatu dituzte haiekin, eta, joera horrek sortutako kezkaren ondorioz, bereziki bioaniztasunean eta ingurumenean ekar ditzakeen kalteak direla-eta, taldeak sortzen ari dira han eta hemen, bertako basoak berreskuratzeko.

Ez da erraza, baina, eukaliptoak egurgintzan duen errentagarritasunari aurre egitea, eta jabe pribatuek haren alde apustua egin duten heinean, ugaritzen ari dira espezie horrek okupatutako eremuak. 1986ko baso inbentarioan, oso eremu txikia hartzen zuen (3.769 hektarea), baina 2020an 23.072 hektareara iritsi da. Oraindik insignis pinuen hedaduraren laurden bat besterik ez badu ere, adierazgarria da zer erritmotan hazten ari den. Hazik emandako datuen arabera, landaketa berriei dagokienez, jada gehiago dira insignis pinudiak baino. 13.631 hektarea betetzen dituzte eukalipto sail gazteek, eta 11.177 hektarea pinudiek.

«Mugatzeko» tresna falta

Eukaliptadiek izan duten hedapen «nabarmena» dela eta, gogoeta hasi behar dute erakundeek, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Inguru Naturala Zaintzeko Sailak BERRIAri adierazi dionez. «Hala jakinarazi diogu Eusko Jaurlaritzari». Bizkaiak gogorarazi du ez dituela diruz laguntzen eukalipto landaketak duela 12 urtetik hona, eta etorkizunean ere hala jarraituko duela. Hala ere, aitortu du erakargarria dela lur jabeentzat, «errentagarria» delako eta mozteko zikloa beste espezie batzuena baino murritzagoa delako. «Eukalipto landaketak mugatzeko ildotik jarraitzea da gure asmoa, beste erakunde eskudunekin batera, plangintza bateratuan, eta horrek isla izatea Euskal Basogintza Planean».

Izan ere, Bizkaiak uste du tresna juridiko eta arauemaile bat behar dela lur pribatuetan eukaliptoa landatzea mugatu ahal izateko. «Halako tresnarik ez dago gaur-gaurkoz». Bizkaiko aldundiak gogorarazi du eukaliptoa ez dagoela jasota espezie exotiko inbaditzaile gisa Espainian, eta hori dela landaketa horiek debekatuko lituzkeen tresna. Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoko Batzorde Zientifikoak 2017an ebatzi zuen espezie inbaditzaile gisa jasoa izateko baldintzak betetzen dituela eukaliptoak: arrotza izatea, bere kasa hedatzeko gai izatea, eta ingurumenari kalte egitea. Legeari erantsi zioten laugarren baldintza bat, ordea: errentagarritasun ekonomikoa izatea. Eta horrek utzi zuen espeziea zerrenda horretatik kanpo. Auzitegiraino iritsi da eztabaida, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiko Auzien Salak ebatzi du ez dagoela ebidentzia zientifiko nahikorik zerrendan sartzeko.

Horiek horrela, Bizkaiko diputazioak dio ia ezinezkoa dela partikular bati debekatzea eukaliptoak landatzea.

Urko Ibañez Bizkaiko Basozainen Elkarteko zuzendaritzako kideak ere badaki ez dagoela modurik, egun indarrean diren arauekin, jabe pribatuak behartzeko eukaliptorik ez landatzera. «Ditugun arauak eskasak dira, bai, baina jar daitezke baldintza batzuk landatzea zailtzeko: ibaietatik urrun landatzera behartu, sastraka kentzeak, pisten eraikuntza eta gainerako lanak diruz laguntzeari utzi». Izan ere, landaketak diruz laguntzen ez badituzte ere, kudeaketarako laguntzak bai, ematen dituzte Gipuzkoak eta Bizkaiak. Bizkaian, gainera, aurka dauden taldeek salatu dute diruz laguntzen direla pinudiak kentzeko eta ordezkatzeko aurkezten diren eskariak, ziurtatu gabe gero jabeek zer landatuko duten. Hau da, berez eukalipto landaketak diruz laguntzen ari dela salatu dute; besteak beste, Kolore Guztietako Basoak elkarteak. Gipuzkoan propio ukatzen zaizkie laguntzak pinudiak eukaliptoarekin ordezkatu nahi dituztenei.

Otsailean, Bizkaiko diputazioak baimena ukatu dio lur jabe bati Barakaldon 48 hektareako eremu batean eukaliptoak landatzeko, eragileek egindako presioaren ondorioz. Mugarritzat jo arren, ekologistek uste dute erabaki hori salbuespena dela oraingoz. Besteak beste, uste dute landaketa hori Errekatxon izateak eragina izan duela, Barakaldoko arnasgune apurretako bat baita.

Aitziber Sarobe Naturkoneko kide eta biologoak nabarmendu du diputazioek ardura handia dutela «monolaborantzan oinarritutako eredu intentsibo horren» iraupenean. «Baso politikak aldundiek bideratzen dituzte, eta egur industriarekin lerratuta daude guztiz. Duela bi agintalditatik hona, onartu dute eremu publikoko landaketak ez direla errentagarriak. Bestalde, aitortu dute krisi ekologiko globalaren garaian gaudela, eta klima aldaketari erantzun behar diogula ingurunea hobetuz eta bioaniztasuna leheneratuz, baina, hala ere, jarraitzen dute monolaborantzan oinarritutako kudeaketa intentsibo hori babesten».

Bizkaian eta Gipuzkoan, jabetza pribatukoak dira baso gehienak, eta horrek eragin izan du monolaborantzarako joera bat. Nafarroan, Araban eta Ipar Euskal Herrian, nagusi dira baso komunalak eta publikoak, eta horrek lagundu egin du bertako espezieek esparru handiagoa izan dezaten. Eukalipto sail gehienak lur pribatuetan badira ere, Bizkaian haien %10 inguru lur publikoetan daude. Udal batzuk hasi dira jabetzen gai horretan izan dezaketen esku hartzearen garrantziaz, eta lursailak eskuratzen ari dira, bertako zuhaitz espezieak landatzeko.

Egur enpresek ez dute gustuko zenbait udalen esku hartzea. Oskar Azkarate EAEko Egurraren Elkarte Baskegurreko zuzendariak «kezkagarritzat» jo du hainbatetan ikusi duten joera bat. «Zenbait udalek jarrera bat hartu dute euren udalerriko lursail pribatuetan egiten den baso kudeaketa oztopatzeko. Eskuduntza diputazioena da, eta ez zaigu egokia iruditzen tokiko politikatik inposatu nahi izatea baso jabeek zer egin behar duten».

Alde horretatik, Azkaratek aitortu du EAEko administrazioa sektorearekin batera ari dela lanean hainbat ikerketa ildotan, insignis pinu erresistenteagoak lortzeko, edota xingola marroiaren gaitzari aurre egiteko tratamenduak bilatzeko. Bide horretan, Baskegurrek berriz eskatu dio Madrili bide emateko airez egindako fumigatzeei. «Ulertzen dugu ingurumenaren eta basoen inguruko gizarte eztabaida, ez baikaude horretatik aparte. Baina nahiko genuke ulertzea egurrezko etxeak eraiki nahi baditugu —eta ez hormigoizkoak— hori egiteko aukera emango diguten espezieak eduki behar ditugula; eta, plastikoa erabili beharrean papera eta kartoia erabili nahi bada, hori emango diguten espezieak behar ditugula».

Sarobe ez dator bat horrekin, eta, gainera, udal batzuen jarreran ikusten du bioaniztasunari eusteko aukera. «Azken urteotan pixka bat aldatu da, baina jabego publikoko lurretan egindako kudeaketa ez da izan lur pribatuetan egin denaren oso ezberdina, eta horren arrazoia da administrazioa beti lerratu dela industriaren interesetara. Udalak bestelako apustu bat egiten ari dira orain: lurrak erosten eta natur ekosistemak berreskuratzen».

Kanpoko enpresak

Iberiar penintsulako beste lurralde batzuetan aspaldi hasi ziren eukaliptoa landatzen, eta Portugalen eta Galizian guztiz zabalduta daude. Galizian, bi urteko moratoria bat ezarri diete landaketa berriei, heldu den hilabetetik. Han, baso hedaduraren laurden bat inguru osatzen dute eukaliptoek. Asturiasen, %20 inguru dira, eta Kantabrian, %11. Bizkaia jadanik horren gainetik dago, eukalipto sailek baso hedaduraren %13 betetzen baitute.

Bertako baldintzengatik, interesa azaltzen ari dira Euskal Herritik kanpoko egur enpresa handiak. «Lursail merkeak eros daitezke, mila eta bi mila euro inguru hektareako... Hori dela-eta, ematen du kanpoko enpresak hasiak direla sartzen lurrak erosteko, Kantabriakoak, gehienbat», adierazi du Ibañezek. Berari zuzenean deitu zion enpresa horietako baten ordezkari batek, esanez interesa zuela, eta Bizkaian salgai den lurren berririk izanez gero abisatzeko mesedez. Eukalipto ia guztia paper fabriketara joaten da, eta eskari handia dago munduan, bereziki Txinan eta Indian. Euskal Herrian ere ez da falta paper fabrikarik. Besteak beste, Hernaniko Papelera Guipuzcoanatik gertu, Ereñotzu auzoan, eukalipto sail handiak ari dira landatzen. «Baso lurrak oso merke daude, eta kanpoko enpresek lur merkeak aurkitzen badituzte hemen, eta ingurumen kalteak ez ordaintzeko baldintzak ere bai, hona helduko dira eukaliptoak jartzera», adierazi du Sarobek.

Baskegurrek salbuespenekotzat jo du hori. «Halakorik gertatzen ari bada, kasu bakanen bat izango da, eta gure planteamenduaren aurka doa, gainera, zeren justu kontrakoa nahi dugu: lurren jabetza familien esku egotea, eta haiek jarraitzea kudeatzen basoak iraunkortasun printzipio hirukoitz baten bidez: soziala, ekonomikoa eta ingurumenekoa».

Izan ere, arazo handia ikusten du Baskegurrek egurgintzaren etorkizunerako, «gero eta zailagoa» delako belaunaldi jarraipena bermatzea. «Hori da egurgintza sektoreak daukan arazorik handiena, eta ez zaio behar besteko arreta jartzen ari». Baskegurren ustez, uzten diren landaketak dira arazorik handiena. «Ez badugu gizarte kontsentsua lortzen, denok elkarrekin, baita ekologistekin ere, ez badiegu ihes egiten dena zuri edo dena beltz delako planteamenduei, ikusiko dugu nola gero eta hektarea gehiago abandonatuta geratuko diren».

«Utziak» edo «irabaziak»

Bizkaiko Diputazioa ere bat dator horrekin. «Beharrezkoa da gaiari ikuspegi orokor batetik begiratzea, eta aztertzea zer eragin izango lukeen eukalipto landaketak debekatzeak, bai ingurumenean, eta baita sektorearen jarduera ekonomikoari eta enpleguari eusteko orduan ere. Aintzat hartu behar dira baso jarduerak uzteak ekar ditzakeen ondorio negatiboak». Izan ere, bai sektoreko enpresek eta bai diputazioak uste dute jarduerari eusteak berekin dakarrela basozaintza lanak egiten jarraitzea —inausketak, entresakak, garbiketa...—. «Lan horiek ondorio positiboa dute, eta suteen kalteak gutxitzen laguntzen dute».

Gipuzkoako Baso Elkarteak (GEBE) berriki ohartarazi du 37.436 hektarea daudela «abandonatuta» Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horri aurre egiteko, Gipuzkoako diputazioak ekinaldi bat hasi du: Basotik enpresa sortu du, milioi bat euroko aurrekontuarekin. Ideia da beren lurrak ustiatzen jarraitu nahi ez duten jabeekin eta beste banako batzuekin enpresa bat abiatzea. Landaketarako lur pribatuak egurzaleen esku geratuko lirateke, eta jabeek kudeaketaren arduraz aske lirateke, baina etekinei eutsiko liekete. Egur industriak, berriz, ekoizpena mantenduko luke.

«Abandonatu» adiera horren «okerra» azpimarratu du Aitziber Sarobe biologoak. «Guk dioguna da hori ez dela baso bat abandonatzea, baizik eta leheneratzeko bidean jartzea. Berez, pinudi bat uzten denean, pixkanaka bertako baso bihurtzen da, gehienetan harizti misto, halako landaketak hariztien berezko eremu horretan egin baitira gehienbat». Sarobek aukera bat ikusten du hor, ohartu baita badirela jarraitu nahi ez duten lur jabeak. «Bada beste talde bat, lehendik baso jabe zirenek eta orain lur sailak eskuratu dituztenek osatua, eta horiek kontzienteki ari dira landaketa eremu zirenak baso bidean jartzen, basoa leheneratzen».

Ibañezek ere ez du gustuko abandonatu terminoa kasu horietarako erabiltzea. «Uste dut basogintza elkarteak maltzurkeriaz erabili duela hitz hori. Izan ere, erabilera horren arabera, abandonatua litzateke landatzen ez den basoa, baina kudeatu gabeko baso asko daude, berez, utziak, eta horiei ez diete hala esaten. Eukaliptadien kasuan, gainera, arazo handienetako bat hori da, landatu ostean ia ez dutela ezer egiten bota arte. Nire ustez, kudeatzen ez den basoa litzateke utzia, ez landatzen ez dena».

Izan ere, basozain moduan ikusi ditu pinudiak zeuden sailetan bertako baso mistoak sortzen. «Orozkon, lan egiten dudan eskualdean, duela 20 urte bota zuten pinudi bat erreka baten ondoan, eta duela hiru urte harizti bilakatu zen. Entresaka bat egin genion, eta egurra ere atera genuen. Lurrak daukan informazio genetikoa hor dago, eta, ezer egin barik, pinudia zena harizti bilakatu da».

Hain zuzen ere, Haziren txostenak aintzat hartu du ordezkapen fenomeno hori. Hau da, uzten diren pinudien eta nekazari lurren tokian, hariztiak eta baso misto atlantikoak ari dira jaiotzen. 2005etik 2020ra, 4.000 hektarea baino gehiago irabazi dituzte baso horiek Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Baso mistoen hedadura handitzen ari da urtetik urtera, eta jadanik 37.436 hektarea dituzte, 19.470 hektarea Gipuzkoan, hau da, bertako basoen %16 inguru», dio txostenak.

Sarobek uste du, gainera, administrazioaren eta egur enpresen interesen gainetik gertatzen ari dela hori. «Bertako baso hori egurgintzarako errentagarri izateko, 60-80 urte behar dira. Kontua bakarrik dirutan neurtzen bada, nork egingo du bide hori, norberak ez badu hortik dirua aterako? Guk jabeei entzuten dieguna da lursailak izate hutsagatik zergak ordaindu behar dituztela, eta eurak prest daudela baso horien aldeko apustua egiteko. Baina bi galdera egiten dituzte: ea 60 urte barru egongo den egur horretarako industriarik —oraingoz ez dago—, eta ea zer pasatuko den hamarkada horietan egingo dituzten inbertsioekin eta gastuekin». Izan ere, Sarobek ohartarazi du egurgintza sektoreari oraingoz ez zaiola interesatzen papergintzarako eta zerrategietarako ez den egurrik.

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendaria ez dator bat ikuspegi horrekin. «Sektorea mahai gainean jartzen ari da eukaliptoei buruz eskura dituen ikerketa guztiak, jabeek modu legitimoan aukera dezaten zer landatu nahi duten. Gizarteari ulertarazi nahi diote gure jatorrizko basoa galtzen ari dela baso jabeen eta egur sektorearen diru gosearen ondorioz, eta hori gezurra da. Bertako hostozabalek basoaren %49,4 hartzen dute, eta %14ko hazkundea izan dute 24 urtean. Pinudiek, berriz, %27,7 egin dute atzera. Baso askotarikoa dugu, eta baso masa hori handitzea izan behar da helburua. Horretarako, alternatiba erakargarriak sustatu behar dira».

Izan ere, Baskegurrek uste du egurra dela «kantitate esanguratsuan» Euskal Herrian dagoen lehengai «bio eta berriztagarri» bakarra. «Klima aldaketaren aurka borroka egiteko dugun tresna nagusia da».

Hidrologo zenbaitek, ordea, dena basoz betetzeko apustu horren arriskuak aipatu izan dituzte. Iñaki Antiguedad eta Ane Zabaleta EHUko irakasleek lurraldea egoki antolatzeko premia aipatu izan dute euren hitzaldietan. Berez klima aldaketak dakartzan beroaldi eta lehorraldi gero eta luzeagoen ondorioz, ur eskasiari aurre egiteko beharrezkoa da basoek estaliko ez dituzten eremuak ere izatea, bereziki ur hornitzaile eta erreka eta ibaien eremuetan. Are eta nabarmenago eukalipto landaketen kasuan, ur asko kontsumitzen baitute.

Gipuzkoa eta Bizkaia

Haziren baso inbentarioak erakutsi du alde esanguratsua dagoela Bizkaiko eta Gipuzkoako baso jabeen apustuen artean. Bizkaian eta Araban —Aiaraldean bereziki— botatako pinudien erdiak baino gehiago eukaliptoekin estali dituzte. Gipuzkoan, %15 inguru baino ez. Sarobek uste du Gipuzkoan lur jabe txikiak, «lurrarekiko horrenbesteko desatxikimendurik ez daukatenak», beste konifero batzuk jartzen ari direla insignis pinuaren tokian. «Egur industriak, berriz, eukaliptoaren aldeko apustua egin du, hau da, beste pauso bat monolaborantzan oinarritutako eredu intentsiboan».

Zer gertatu da Gipuzkoan —Nafarroa iparraldean ere joera antzekoa da—, eukaliptoek horrenbeste tokirik ez izateko? Sarobek azalpen hau eman du: «Gipuzkoan, pinuaren krisiak denbora pixka bat eman digu eztabaida hau gizarteratzeko. Eta gizarteak ikusi du gure paisaia gaixotu egin dela xingola marroiaren gaitzaren ondorioz. Eta, horrekin batera, pandemiaren eraginez, jende askok mendira jo du, eta galderak egiten hasi zaio bere buruari. Uste dut lortu dugula eukaliptoaren aldeko apustua pixka bat geraraztea, eta herritarrak eta baso jabeak horri begira jartzea, administrazioari interpelazioa eginez. Gizartean egon daitezkeen alde soziologikoetatik harago, Bizkaian abiapuntua ere ezberdina zen, eukaliptoa askoz ere hedatuago baitzegoen. Arabako datuek denok harrapatu gaituzte ezustean. Ez genuen espero hainbeste eukalipto izatea».

Ekologisten eta kontserbazionisten ustez, eukaliptoa «aukera ona» da basogintzaz eta landa eremuaren kudeaketaz hitz egiteko. «Naturkonen garbi dugu eukaliptoak ez duela errurik, eredua dela arazoa, eta cryptomeri-ek eta halakoek ere arazo handiak ekartzen dituztela. Esaterako, Gipuzkoan itzela da kudeaketa eredu horrek lurzoruan duen eragina, malda handiak daudelako, eta makina astun horiek sekulako eragina daukatelako. Zenbat tona lur joaten dira itsasora horren eraginez? Daturik ez dagoela diote, baina ez direlako ikertzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.