Kolon: agota eta euskalduna?

Kristobal Kolon Ainhize-Monjolosen jaio zela eta agota zela ondorioztatu du Joxe Mari Ertzilla historiazaleak osatutako hipotesiak. Nafarroa Beherean jaio izanak eta agota izateak haren izaeraren, erabakien eta ibilbidearen hainbat ertz argitzen dituela uste du.

Ridolfo Ghirlandaio margolariak Kristobal Koloni egindako margolana. LUCA ZENNARO / EFE.
jakes goikoetxea
Orio
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kristobal Kolon nabigatzailea euskalduna zen. Ainhize-Monjolosekoa (Nafarroa Beherea). Garai hartan Nafarroako erresumaren zatia zen Nafarroa Beherea. Seigarren merindadea: Bortuz Bestaldeko Merindadea. 1492ko urriaren 12an Amerikara iritsi eta batzuentzat kontinentea aurkitu zuen almirantea agota zen —umiliatua eta estigmatizatua izan zen komunitatea—: heretikoa, beraz, garai hartako gizarte katolikoarentzat. Horregatik ezkutatu zuen jatorria.

Kolonen euskal jatorriari buruzko teoria josi du Joxe Mari Ertzilla oriotarrak, datuen, zantzuen, usteen eta senaren arteko ehoziri lanean. Ofizioz mediku dentista izana da; afizioz, historiazalea. Kolonen jatorria ikertzen pasatu du erretiroa hartu osteko denbora dezente. Ertzillaren iritziz, Kolon Nafarroa Beherekoa izateak azalduko eta argituko lituzke haren izaeraren, erabakien eta ibilbidearen ertz asko. «Guztia hamabost kilometroko eremu batean gertatzen da; dena hor dago. Nik uste dut guztiak logika duela; ez dut ezer asmatu». Kolon, agote ezkutua ikerketa lanean bildu du urteotan aurkitutako informazioa eta garatutako teoria.

Ertzillarena hipotesi bat gehiago da. Kolon hainbat herrialdetakoa dela esan izan baitute. Zabalduenak eta onartuenak dio Genovakoa (Italia) zela. Badira, ordea, katalana, galiziarra edo portugaldarra zela dioten hipotesiak ere. Aurten jakinaraziko dituzte Kolonen hezurretatik jasotako DNAri egindako azterketen emaitzak, haren jatorri genetikoa zehaztu ahal izateko.

Kolondarrak eta Nafarroa Beherean sustraitu ziren beste hainbat pertsona Donejakue bidearen Frantziako hiru bideetatik iritsi zirela uste du Ertzillak: Borgoinatik; Auverniatik; Dordoinatik; Lot eta Garonatik; eta itsasaldeko Akitaniatik, Deux-Sevresen eta Arroxelan hasi, eta Landetaraino. Izan ere, Nafarroa Beherean bat egiten dute hiru bide horiek.

Ertzillak erroldetara jo zuen, kolondarren bila. Guiralt Colomb bat ageri da Izuran, 1350-1353ko lehen erroldan. Bernat Colom bat Ainhize-Monjolosen, 1412-1413ko bigarren erroldan. Nafarroako Artxibategian daude. Ertzillak uste du lehena Kristobal Kolonen aitona zela, eta bigarrena, aita, garai hartan Nafarroa Beherean ageri diren Kolon bakarrak direlako. Haren hipotesia da Izuratik Ainhize-Monjolosera joan zirela, 1348ko izurritearen eraginez hutsik geratutako etxeren batean bizitzera. Kristobal Kolon ez da ageri erroldetan.

«Izurako guztiak agotak ziren». Francisque Michel XIX. mendeko historiagile eta filologoaren lana baliatu du ideia hori berresteko: «Michelek zioen Frantzian bazela herri bat non zorigaiztoko guztiak agotak ziren. Izuraz ari zen». Kolon familia, beraz, agota izango litzateke. Gipuzkoan eta Nafarroan, agoten kontrako epaiketetan, akusazioa izan ohi zen Izurakoa izatea.

Eta Kristobal Kolon agota izateak azalduko luke, Ertzillaren arabera, etengabe bere jatorria ezkutatu nahi izatea: «Ezin zuen esan agota zenik, heretikoa zela aitortuko baitzuen, eta hori, garai hartan, larriagoa zen pobrea izatea edo noblea ez izatea baino». Espainiako Inkisizioa ere atzetik izan zuen, «Fernando de Talaverak, Isabel [Katolikoa] erreginaren konfesoreak, erreginari bidali zion gutun baten arabera».

Are gehiago, uste du Kolonek bizitza guztia pasatu zuela agota eta albitarra, heretikoa, ez zela erakutsi nahian, eta horren ondorio dela haren erlijiotasun sakona, agota izatearen «orbain umiliagarria» kentzeko. XII. eta XIII. mendeetan heretikotzat hartzen ziren albitarren mugimendukoak. Haien kontrako gurutzada egin zuten Frantzian.

Casenave kortsarioa

Ertzillak Arroxela eta Deux-Sevres inguruan kokatu du «Kristobalen osaba»: Guillaume Casenave almirante eta kortsarioa —Anagildo Coullon gisa sinatzen zuen—. Osaba dela dio, besteak beste, Bartolome de las Casas garaiko fraide eta kronikagileak aipatu zuelako Kolon harekin ibili zela denbora luzez, eta «jatorri eta familia berekoa» zela. Portugalgo Juan II.a erregeak ere, Casenave almirantea hil eta gero, Kolon jo zuen haren oinordeko naturaltzat. Coullon—gaur egun Coulon—Arroxela ondoko herri bat da, Deux-Sevres departamendukoa. Ertzillak luze eta zabal jaso du Kristobal Kolonek osaba kortsarioarekin egindako ibilbide luze, liskartsu eta odoltsua, 1476an Portugalera iritsi aurretik.

Jakina da Kolonek Reiterren sindromea izan zuela; hau da, infekzio batek eragindako artritis mota bat: giltzaduren eta uretraren hantura, eta konjuntibitisa eragiten ditu. Kolon kexu zen, hankak elbarrituta izaten zituelako. Reiterren sindromea duten lau gaixotik hiruk HLA-B27 antigenoa izaten dute.

Haren anaia Diegok, berriz, artritis ankilosatzailea zuen eskuineko eskuan, hezurrak aztertutakoan ikusi zutenez: «Eskuko hezurrak batuak zituen, eta esku hori ezingo zuen erabili. Eskua okertua zuen, kakotua». Agotei cagots ere deitzen zieten, eskuaren kako formagatik, eta behartu egiten zituzten arropan, sorbaldatik zintzilik, hegazti edo katu atzapar baten itxurako oihal gorri bat eramatera. Artritis ankilosatzailea duten hamar gaixotik bederatzik HLA-B27 antigenoa izaten dute.

«Agoten antigenoa» deitzen dio Ertzillak HLA-B27ari, antigenoa eta antigeno horri lotutako gaitzak oso ohikoak izan zirelako agoten artean.

Kolon, agoten moduan, kaukasiar alpetar europarra dela nabarmendu du Ertzillak. Besteak beste, «brakizefaloa delako, garezur zabalekoa». Hiru eratako kaukasiar europarrak bereizi ditu: iparraldekoak, alpetarrak edo erdialdekoak, eta mediterraneoak. «Iparraldekoak eta mediterraneoak dolikozefaloak dira, garezur estua daukate; Kolonek eta alpetarrek, aldiz, zabala».

HLA-B27 antigenoa

Kaukasiar alpetar europarra dela uste du, baita ere, sudur luzea eta mehea zuelako, ezpain meharrak, albinismo goiztiarra eta HLA-B27 antigenoa.

Kolonen armarriei azalpena aurkitu die Ertzillak. «Inork ezin izan ditu azaldu, ezta heraldikako irakasleek ere; baina, Nafarroa Beherekoa zela esanez gero, guztiz azaltzen da». Amerikara iritsi eta gero, Espainiako Errege-Erregina Katolikoek —Fernando eta Isabel— armarri bat eskaini zioten Koloni. Armarrian, behealdean, leku bat hutsik utzi zuten, Kolonek berea jar zezan. Iholdikoa jarri zuen: xingola urdin bat hondo hori bat zeharkatzen.

Zergatik Iholdikoa? «Agotek ez zuten armarririk etxean; debekatu egin zieten. Jaioterrietakoak hartzen zituzten, baina Kolon konturatu zen ezin zuela Ainhize-Monjoloseko armarria jarri, Nafarroako armarria baitzen; orduan, Iholdikoa hartu zuen, Izura Iholdiko komunakoa baitzen, eta hangoak baitzituen aitona eta amona».

«Pro auctore sive picture: Bartolomeaus Colombos de Terra Rubra cui patria est nomen Ianua, opus cedidit istud Londoniis...». Hala sinatu zuen Bartolome Kolonek, Kristobalen anaiak, Ingalaterrako Enrike VII.aren aurrean. Bere burua Terra Rubra-kotzat aurkeztu zuen eta haren aberria Ianua zela zihoen.

Batzuentzat, Ianua Genova da eta jatorri italiarra berresten du. «Eta non dago Terra Rubra Genovan?», galdetu du Ertzillak. «Ez dago». Historiazale oriotarrarentzat, Terra Rubra, «lur lorria», Baigorri da, Ainhize-Monjolose Baigorriko Bizkonderrikoa izan baitzen. «Inguruko mendiak gorriak dira, harriak gorriak dira, harrobiak gorriak dira». Ianua, berriz, Janua dela uste du, Donibane Garaziren erreferentzia.

Hizkuntzen nahasketa

Koloni buruz esan izan dute atzerritarra zirudiela hitz egiten zuenean. Idatzi, ordea, gaztelaniaz idazten zuen. «Historiagileek ez dakite zergatik». Hainbat teoria daude horri buruz: galizierako hitz eta esapideak erabiltzen zituela, portugesekoak... Lurralde horietan egon zen. Menendez Pidal filologo eta historiagileak esan zuen «aragoierarenak» ere erabiltzen zituela. Julio Guillen Tato Espainiako armadako kapitainaren arabera, Kolonek Amerikara egindako lehen bidaian erabili zuen itsas hizkera «nafarra edo baionarra» zen.

Ertzillak ez du zalantzarik: «Nafarroako erromantzean idazten zuen, eta erromantze gaskoia eta gaztelania hitz egiten zituen, euskararekin batera; euskara ulertu behintzat egiten zuen. Euskara, latina eta erromantzea hizkuntza jasoak eta idatziak izan ziren garai hartan, Elizako administrazioak eta administrazio zibilak erabiltzen zituzten».

Aurretik aipatutako arrazoiengatik ez ezik, Ertzillak Kolon euskalduna zela uste du beste hainbat arrazoirengatik ere: Hondarribia gertuko leku edo leku ezagun gisa aipatzen duelako hiru gutunetan; Espainiako Historiaren Akademiaren arabera, pilotu bizkaitarren moduan janzten zelako; lehen testamentuaren betearazle egin zuelako, senideez gain, Bizkaiko diruzain bat; Kolonen bizitzan funtsezko pertsonaia eta lagun min bat, Gaspar Gorricio fraidea, jatorriz Nafarroa Beherekoa zelako («Novaria-koa, Nafarroakoa»); euskaldunak izan zituelako inguruan Amerikara egindako bidaietan, horietako asko konfiantzazko arduretan; Ameriketan lekuak izendatzeko erabilitako toponimiak, neurri handi batean erlijiosoa, lotura handia zuelako Nafarroa Beherean ezagutu zuenarekin; Ameriketako lekuak izendatzeko ehun izendik gora euskarazkoak direlako; Donejakue bidean ohikoak ziren esamoldeak erabili zituelako; eta, edozein lekutara joanda ere, beti saiatzen zelako Nafarroa Behereko jatorria zuten pertsonekin elkartzen. Azken multzo horren barruan sartu ditu Ertzillak Kolonen bi emazteak.

Ainza Amerikan

Amerikan erabilitako euskarazko toponimiari buruz, Ertzillak garrantzi handia eman dio Ainza izena erabili izanari. «Ainhize-Monjoloseren izen zaharra da, Kolon jaio zenean zeukana. Munduan ez dago beste Ainzarik, ez herririk, ez ibairik, ez mendirik, ez haranik, ez etxerik». Alegia, oso gutxik zutela haren berri, eta hori zekitenetako bat zela Kolon, bertan jaiotakoa zelako.

«Nire kontakizunak hainbat eztabaida eragingo ditu», onartu du Ertzillak. Uste du elkarte eta foro kolonbotarretako kideak asaldatu egingo dituela, eta leporatuko diotela bere teoria irudimenean oinarrituta dagoela, ez agiri ofizialetan. «Beste batzuek, ordea, babestuko dute, eta ziurtasun batzuk ikusiko dizkiote. Konformatuko naiz zalantza behintzat eragiten badut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.