Aske utzi dituzte protestetan atxilotutakoak

2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Aske geratu dira ostiralean Bilbon eta Gasteizen atxilotutako zortzi pertsonak. Atzo goizaldean utzi zituzten libre. Mobilizazio eguna zuen Ernaik ostiralean, eta, goizeko martxetan istilurik izan ez zen arren, ez zen gauza bera gertatu arratsaldean. Ehunka gazte atera ziren karrikara, Larrialdi egoeran gaude lelopean, eta manifestazioak egin zituzten Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Donostian. Bilboko mobilizazioa Sabin Etxea eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusia dauden lekura iritsi zenean lehertu zen egoera.

Ernaik dio ertzainak oldartu egin zitzaizkiela. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, aitzitik, alderantzizkoa esan du: gazteek egin zutela haien kontra. Gasteizen gazte bat atxilo hartzeko ere antzeko arrazoia eman zuen Ertzaintzak: identifikatzeko eskatu ziotenean, gaztea haien kontra oldartu zela. Ertzaintzaren oldartze bortitzen ondorioz, atxilotuetako bat Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten, sorbalda dislokatua zuela. Gasteizen, berriz, atxilo eraman zuten gazteaz gain, Ertzaintzak hainbat gazte identifikatu eta zauritu zituela salatu du gazte erakundeak.

Ostiralean gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzeak egin zituzten atzo arratsaldean, Ernaik deituta. Ostiraleko mobilizazio egunaren leloari eutsi zioten atzoko protestetan ere: Larrialdi egoeran gaude, baina esaldi bat gehitu zioten: Eta zipaioen biolentziak areagotzen du. Bilbon, 19:30ean elkartu ziren, Moiua plazan, eta Gasteizen, 20:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.

Bestalde, Sortuk babesa azaldu zien atxilotuei, eta Poliziaren «erantzun basatia» arbuiatu zuen: «Esanguratsua bezain kezkagarria da Erkoreka jaunaren Polizia, faxistak babesten eta zuritzen ari den bitartean, gupidarik gabe oldartzea gazteen kriminalizazioa salatzen dutenen aurka».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.