Hamar urte bete dira Gure Esku sortu zutenetik. Irungo (Gipuzkoa) Ficoba erakustazokan egin zuten lehen agerraldia, aldarrikapen batekin: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da». Bere helburuaren berri eman zuen Gure Esku-k orduan; hain zuzen, euskal herritarren erabakitzeko eskubidea erabiliz Euskal Herriaren etorkizun politikoa erabakitzea. Gure Esku-koak Ficoban elkartu ziren atzo, hamar urte geroago, eta erabakitzeko eskubidea eta burujabetza erdigunean jartzeko konpromisoa berritu eta berretsi zuten. «Gure Esku-ren zeregin nagusia euskal herritarrok dugun erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde aritzea da. Helburu horren bila, lanean jarraitzeko konpromisoa agertu nahi dugu», adierazi zuen Josu Etxaburuk, Gure Esku-ko bozeramaileak.
Itsasargia nazioarteko konferentzia egin zuten Gure Esku-koek atzo Irunen. Herrialde Katalanetako, Galiziako, Irlandakoeta Eskoziako herri mugimenduetako eta hedabideetako ordezkariak ere han izan ziren. Nazioarteko konferentzia Gure Esku-k egin duen gogoeta prozesu baten gailurra izan zen—Itsasargia deitu diete biei—, atzo ezagutarazi zituztelako beren gogoeten emaitzak, hamargarren urteurrenaren harira.
Gure Esku-k nabarmendu zuen bere «iparra» duela etorkizun politikoa erreferendum bidez erabakitzeko nahia, eta Euskal Herriko toki bakoitzean «burujabeago izateko nahian egindako urratsak» aintzat hartzen dituela. Izan ere, azaldu zuenez,etorkizuna aske erabakitzeaEuskal Herrian «errotutako borondatea» da, eta «premiazko kontu bat» ere bada: «Egungo eta etorkizuneko erronka kolektiboei behar bezala erantzuteko, edota herritar guztien bizi baldintzak hobetzeko, premiazkoa da erabakitzeko ahalmena areagotzea».
Gainera, Gure Esku-k «burujabetza esparru materialak» irabazteari garrantzia eman zion, eta azaldu zuen horrek «estatus politiko burujabea» lortzen lagunduko diola Euskal Herriari. «Urrats burujabeak egitea eta arnasgune burujabeak eraikitzea gakoa izango da burujabetza osoa lortzeko», adierazi zuen Irantzu Perello abokatuak Ficoban, Gure Esku-ren izenean.
«Eginkizun kolektiboa»
Euskal Herri osoko herritarren arteko lankidetzan sakontzea «behar bat» da Gure Esku-rentzat, baita «onuragarria» ere. «Herri burujabea» izateko, erabakitzeko eskubidea erabiltzea, burujabetzak lantzea eta lurraldeen arteko lankidetzan sakontzea «funtsezkoak» dira Gure Esku-rentzat, eta atzo gogorarazi zuen uztarketa hori «eginkizun kolektibo bat» dela.
Hala ere, Gure Esku-k bere alea emango duela nabarmendu zuen Ficoban. Mobilizazio berriak antolatzeko prest daudela azaldu zuen Etxaburuk, «bai erabakitzeko eskubidearen aldekotasun zabala erakusteko, bai erabakitzeko ahalmena handitzeko beharra aldarrikatzeko, bai herritarrak aktibatzeko». Gaineratu zuen erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengo soziopolitikoak «eraginkor» bihurtzen saiatuko dela Gure Esku: «Estatus politiko berrien alde, eragile soziopolitiko eta instituzionalen adostasuna eta konpromisoak sustatuko ditugu». Gainera, «herri nortasuna eta erabakitzeko nahia» nazioartean zabaltzeko konpromisoa ere berretsi zuen GureEsku-k.
Bestalde, lurraldeen arteko lankidetza bizkortzearen beharra ikusten du Gure Esku-k. «Gure ustez, lurraldeen arteko harremanak sendotzea eta lankidetza esparruak eraikitzea, erabakitzeko eskubidearen aplikazioa ere bada», azaldu du Perellok. Garrantzia eman zion, era berean, «burujabetza ekimenak» indartu eta bultzatzeari. Horregatik, bat egin zuen Gure Esku-k Baionan Azterketak euskaraz. Euskarari trabarik ez! lelopean atzo egin zuten manifestazioarekin.
Gure Esku-k nabarmendu zuen, herritarrekin elkarlanean, urrats sendoak egin dituela azken hamar urteotan. «Harro gaude Gure Esku-k egindako ekarpenaz», adierazi zuen Etxaburuk. «Adostasunak ehunduz» egin dituzten denetariko egitasmoak gogoan izan zituzten Ficoban: Durango (Bizkaia) eta Iruñea lotuz 2014an milaka herritarrek egin zuten giza katea, Donostiako Zurriola hondartzan 2015ean egindako mosaikoa, 2018an egindako bigarren giza kate jendetsua —Donostia, Bilbo eta Gasteiz elkartu zituena—, 208 herritan egindako galdeketak, hainbat eragilerekin elkarlanean sustatuta erreferendumaren alde 2020an eta 2021ean egindako Hamaika Gara egitasmoa, eta Pirinioetako 300 gailurren argiztapena, besteak beste.
«Hamar urteotan, erabakitzeko eskubidearen aldeko giro berri bat eragin dugu. Zoru komun bat osatzen eta elkarbizitza hobetzen lagundu dugu. Etorkizun politikoa erabakitzea bertako herritarroi dagokigula ezartzen duen printzipio demokratikoa errotu eta sendotu egin da gure gizartean», nabarmendu zuen Gure Esku-k.
Duela hamar urte, Ficoban bertan, itsasoan aurrera egiteko oihal handiak behar direla esan zuten. Atzo, leku berean, itsasargiak norabidea argiztatu zion itsasontziari. Itsasargiak beharrezkoak baitira portura heltzeko.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa berritu du Gure Esku-k
Erabakitzeko eskubidea erabiltzea, burujabetzak lantzea eta lurraldeen arteko lankidetzan sakontzea «eginkizun kolektibo bat» dela nabarmendu du Gure Esku-k Itsasargia nazioarteko konferentzian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu