Alex Garate. InGreen enpresaren jabea

«Zerbait aldatzeko modua probatzea da»

Egungo munduan gutxiago lan egitearen aldekoa da Garate, eta, laguntza publikorik itxaron gabe, lanaldiaren murrizketa martxan jarri du bere enpresan. Pozik dago lehen hilabeteekin, eta jarraitzeko asmoa du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
inaut matauko rada
Bilbo
2023ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
InGreen enpresaren jabeak, Alex Garatek (Gasteiz, 1983), langile guztien lanaldia murrizteko erabakia hartu zuen urte amaieran. Beharrezkoa ikusten du gutxiago lan egitea, betiere lanorduen galera hori konpentsatzeko hobeto lan egiten den bitartean

Ikusi gehiago: Lan astearen murrizketa, proban

Zer dela-eta hasi zineten lau eguneko lan astea ezartzen?

Ideia goitik behera dator: niri bururatu zitzaidan. Uste dut enpresa negozioa egiteko baino zerbait gehiago dela; nire enpresa kontzeptua hau da: balioa sortu, jendea zaindu, erabilgarriak izan eta lan gutxiago egin behar dugula; zoratu egingo gara bestela denok. Irudipena dut administrazio publikoan, eraikuntza enpresetan eta ingeniaritza enpresetan ez dutela aski ematen. Norbait hasi beharko da zerbait aldatzen, ezta? Eta zerbait aldatzeko modua probatzea da. Hobeto lan egitea lortu behar dugu, gutxiago lan egiteko.

Noiz bururatu zitzaizun halakorik egitea?

Joan den urtearen hasieran enpresan iradoki nuen asmoa nuela 2023an lau eguneko lan astea ezarri ahal izateko aukerak ebaluatzea. Halere, garbi utzi nuen gutxiago lan egiteko hobeto egin behar dugula lan, bestela ezinezkoa delako. Lanaldia gutxitzeko, praktikoagoak izan behar dugu, hobeto funtzionatu behar dugu, azkarragoak izan. Beraz, urte amaieran esan nien urtarrilaren 1etik aurrera probatuko genuela. Iniziatiba publikorik egon aurretik egin dugu.

Zer uste zuten hasieran langileek?

Paradoxikoki, lehen erantzuna ezetz da. Baina horrelakoak garelako. Lehenengo pentsatzen duzuna hau da: «hemen tranpa bat dago». Nire proposamena egin ostean esan nien: «Ezin dut sinistu inork trabarik jartzea». Proposamena zera zen: soldata jaitsierarik gabe, lanaldia astean 36 ordura jaistea, astelehenetik ostegunera egunean bederatzi ordu lan eginda, eta kontziliaziorako arazoak dituenak aukera izatea ordu horiek bost egunetan banatzeko. Non dago tranpa?

Lanaldiaren murrizketa, beraz, malgutasunez ezarri duzue?

Bai. Ni, adibidez, aita naiz, eta txikiak eskolara eraman nahi badituzu eta gero bederatzi orduz lan egin... oso berandu iritsiko zara etxera. Azken finean, batez beste 36 ordu egin behar ditugu lan. Ez du inporta aste batean 32 egiten badituzu, betiere hurrengoan 40 egiten badituzu. Gure enpresan helduak gara, eta uste dut bakoitza kapaz dela bere burua organizatzeko. Plangintza bat dugu, eta astebete inguruko helburuak ditugu, baina helburuak lortzen ditugun bitartean, antolatu dezala bakoitzak bere ordutegia.

Ikusi gehiago: «Enpresen %91k lanaldi murriztuari eutsi diote»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.