Eskolaz gaindiko afera

Hezkuntzaren esparruari eragiten dion programa izan arren, Skolaeren inguruko polemika ez da sektore horretan piztu, kanpoan baizik: talde ultrakatoliko, alderdi eskuindar eta hedabide zenbaitek hauspotu dute.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Ertz asko ditu Skolaeren inguruan piztutako polemikak. Hezkidetza programa soila zena «haurrei pornografia irakasteko egitasmo» bihurtu zen egun batetik bestera, talde ultrakatolikoen eta zenbait hedabideren ahotan. Hauteskundeen aurreko giroak ere distortsioa eragin du.

ZER DA SKOLAE?

Hezkidetza programa bat da; alegia, eskoletan «kultura berdinzalea ezarri eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziatzeko» egitasmoa. Horren barruan, hainbat eduki lantzen dituzte ikasleek, mailaren arabera egokituak, betiere: genero desorekak, eskola jazarpena, autoestimua eta edertasun kanonak, maitasun erromantikoa, sexualitatea, sexu erasoak... Nafarroako 116 ikastetxetan ezarria dago.

HARRERA TXARRA IZAN DU?

Ezta hurrik ere. 2017-2018ko ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak proiektu pilotu gisa ezarri zuen Skolae hamasei ikastetxetan, eta orduan ez zen kalapitarik sortu. Parlamentuan ere talde politikoek begi onez ikusi zuten. Are: UPNk baliabide gehiago eskatu zituen programa behar bezala ezartzeko eta lan gainkarga saihesteko. Hauxe esan zion UPNko Alberto Catalanek Hezkuntza kontseilari Maria Solanari, 2018ko maiatzaren 22ko Hezkuntza batzordean: «Departamentuak ez badu programa honen lidergoa bere gain hartzen, porrotera kondenatua egonen da. Horretarako, ezinbestekoa da baliabideak ematea [...]. Lan ildo horretan, elkarlanerako jarrera osoa aurkituko duzue gugan».

ZER GERTATU DA, BADA?

Auziak iazko urrian egin zuen eztanda: Iruñeko itunpeko ikastetxe bateko bi gurasok txosten bat zabaldu zuten sare sozialetan, Hezkuntza Departamentuaren agiri ofizial bat zelakoan. Esan zuten Nafarroako Gobernuak «jolas erotikoen bitarteko esperientzia sexualak» eginarazi nahi zizkiela 0 eta 6 urte bitarteko haurrei. Dokumentu hori manipulatua zegoela salatu zuen gobernuak: 104 orriko programa hartu, eta, esaldi deigarrienak testuingurutik aterata, bi folioko «iruzurra» fabrikatu zutela. Soka luzea ekarri zuen agiriak: Concapa Ikasleen Gurasoen Espainiako Konfederazio Katolikoak auzitara jotzearekin mehatxu egin zuen, eta haren atzetik heldu ziren UPN, PP, Ciudadanos eta Vox alderdien nahiz Hazte Oir eskuin muturreko elkarte ultrakatolikoaren kritika gogorrak ere.

KRITIKAK BESTERIK EZ?

Apika, Skolaeren aurkako jarrera gogortu dute UPNk eta PPk, kritikaren esparrua gainditzeraino: azaroan, zerrenda bat eskatu zuten parlamentuan, Ana Beltranen esanetan, «programaren arduradunak nortzuk diren ezagutzeko, izen-deiturekin». Bi salaketa ere aurkeztu dituzte auzitegian: bat, Plataforma Nacional 18M taldearena; eta bestea, familia batzuena. Bestalde, Hezkuntza Departamentuak salatu du jazarpena jasaten ari dela: eduki pornografikoak dituzten gutun anonimoak jaso dituzte teknikariek, eta Solana kontseilaria polizia babesarekin dago iazko ekainaz geroztik, mehatxuengatik.

SEKTOREAK ZER DIO?

Skolae ezarri duten ikastetxeetan, oro har, besoak zabalik hartu dute programa —8,5eko nota jarri diote irakasleek—. Nafarroatik kanpo, hainbat eragilek txalotu egin dute, eta Unescoren 2019ko Nesken eta Emakumeen Hezkuntzarako Nazioarteko Saria jasotzeko hautagaietako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.