Bero handiagoa, lehorteak, elikagai gutxiago. Gizakiak eragindako klima aldaketaren ondorioak gero eta agerikoagoak dira, eta datozen hamarkadetarako aurreikuspenek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Kalkulatzen da egungo nekazaritza lurren %10 inguru ezingo direla erabili 2050. urtean, eta mundua elikatzen duten hiru labore nagusien produktibitatea (artoa, garia eta arroza) %5 murriztuko dela. Lehengai preziatua da ura. Adituak ohartarazten ari direnez, oro har Europako hegoaldean beharrezkoa izango da epe ertainerako labore batzuk beste batzuekin ordezkatzea eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzea.
Munduan euri uraren eta biltegiratutakoaren %70 eta %95 artean erabiltzen da elikagaiak ekoizteko, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritzako Erakundearen arabera, eta hark aurreikusten duenez, 2050erako %50 handituko da behar hori. Hego Euskal Herrian, uraren %80 inguru nekazaritzan erabiltzen da, %15 inguru industrian eta gainerakoa etxeko beharretan.
Urte hidrologiko bakoitza aurrekoa baino txarragoa izan da orain arte. Beroaldi gero eta luzeagoen ondorioz kronikoa bihurtzen ari da ur eskasia, isurialde mediterraneoan bereziki eta Nafarroako Erriberan nagusiki. «Oraingo anomalia meteorologikoak ez dira puntualak; joera bihurtzen ari dira. Egun askotan ur defizitak daude, nahiz eta teknikoki lehorteak ez izan», azaldu du Marta Goñik, INTIA Nekazaritza Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuko teknikariak.
Ikusi gehiago:Rick Hogeboon: «Elikagai batzuen esportazioa mugatu behar da»
Diagnosiarekin bat dator Iñaki Antiguedad EHUko irakasle eta hidrogeologian katedraduna. Haren iritzian, datozen aldaketatara egokitzea izango da gakoa. «Tenperaturen kasuan gero eta argiago daude joerak, baina prezipitazioen kasuan ez. Euriarekin ez dakigu urteko totalek gora ala behera egingo duten. Ziurgabetasun hori kudeatzen jakin behar dugu, baina hori ezin dugu orain arteko jokamoldeekin egin, eta nago ez gaudela prestatuta iragana zalantzan jartzeko».
Antonio Aretxabala geologo eta larrialdi klimatikoan adituak dioenez, «egokitzapen» horretan ezinbestekoa izango da egungo kontsumo eta nekazaritza ereduak aldatu eta gertuko eredu bat ezartzea, uraren erabilera jasangarria egingo duena. «Neurriak berehala hartu ezean, gizartearen parte handi batek ez du modurik izango osasuntsu elikatzeko, hemen elikadura baitago jokoan».
Lurra egarri da
Euskal Herriko isurialde atlantikoan eta mediterraneoan alde handiak egon arren labore eta nekazaritza ereduen artean, bateko eta besteko laborariek kezka handiz bizi dute egoera. Isurialde atlantikoan euri uren menpe daude, han lurrak ureztatzea ez baita ohikoa. Baina ohi baino euri gutxiago egiteak arazo ugari sortu dizkie. Batetik, larreetan: abereentzako belarra urritu egin da, eta horrek, besteak beste, animalien bazka garestitu du. Baratzeetan, berriz, egoerara hobeto moldatzen diren laboreak landatzen hasi dira. Ipar Euskal Herrian, adibidez, sorgoa artoaren ordez.
Baina arazoa bereziki larria da isurialde mediterraneoan. Lehorreko lurretan uzta batzuk bildu gabe geratuko dira, azken asteetako euriek laborari askori arnasa eman dien arren. Zenbat eta hegoalderago, orduan eta kritikoago da egoera: kalkulatzen dutenez, Nafarroako Erriberako eta Arabako hegoaldeko lehorreko zenbait eremutan zereal uztaren %40 inguru galduko dute.
Lur ureztatuetan, berriz, alarmak piztuta daude aspalditik. Euri faltagatik eta elurte gero eta eskasagoengatik urtegien maila apaltzen ari da, eta halako azpiegiturak funtsezkoak dira. Nafarroan landatutako eremuaren osoaren %37 ureztatua da, eta Araban %13. Nafarroako Gobernuaren arabera, urtegietan-eta biltegiratutako uren %80 inguru horretarako erabiltzen dira. Azkenengo hogei urteetan, %20 handitu da lur ureztatuei dagokien eremua.
Aretxabalaren arabera, lurraldean giza erabilerarako ura %20 murriztu da azkenengo hogei urteetan, industriarena ere bai, baina kontsumo handitu egin da, oro har. Zergatik? «Ureztatzearen kultura izugarri zabaldu delako, eta hori nekazaritza intentsiboaren eta multinazional jakin batzuen eskutik etorri da».
Ikusi gehiago:Annelies Broekman: «Ura ezin da negoziatzeko ondasun bat izan»
Arabako kasuan, Jaurlaritzako Nekazaritza sailburuordetzak ez du datua zehaztu nahi izan, baina Antiguedadek uste du gero eta gutxiago direla lur ureztatuak, Gasteizko partean bereziki, han landatzen ziren laboreen errentagarritasuna apaldu delako. «Baliteke belaunaldi aldaketarekin ere lotura izatea. Niri batek baino gehiagok esan dit nahiago duela lehorreko zereala ipini buruhauste gutxiago izateko».
Dena den, Araban ere lurrak ureztatzeko erabiltzen diren kantitateak oso handiak dira. Ebroko Ur Konfederazioaren arabera, arro horretan dagoen Arabako zatian urteko ur kontsumoaren %65 da, hain zuzen ere. Bereziki patatarako eta erremolatxarako erabiltzen da, eta, gutxiago bada ere, mahastietarako ere bai.
EHUko katedradunaren arabera, beroaldi eta lehorte gero eta luzeagoekin, planteatu beharko litzateke ea jasangarria ote den ekoizpen modu hori Euskal Herrian. Horrekin batera, uste du elikadura burujabetzari buruzko eztabaida ezinbestekoa dela. «Zein elikagai produzitzen dira gure lurretan? Produzitzen dugun hori zein merkatutara doa? Eta gu elikatzen gaituzten elikagaiak zein merkatutatik datozkigu? Oker gabiltza gure dietaren parte handi bat kanpoan ekoitzitako elikagaiak badira, sekulako ur kontsumoa behar dutenak. Joan-etorri horietan, ur eta energia asko kontsumitzen da».
Ureztatzearen kultura
Nafarroan, lur ureztatuen ugaritzea ez da gaur egungo kontua; prozesu horretan ezinbestekoak izan ziren 1990eko hamarkadan bultzatu ziren azpiegitura handi batzuk: Nafarroako ubidea, Itoizko urtegia eta Esako handitzea. Aretxabalaren arabera,«obra erraldoi» horien atzean UPNren eta PSNren «bultzada politikoa» egon zen, eta «asmo espekulatzaile argia». «Orduan, artoak oso prezio handian kotizatzen zuen, eta hori bultzatu zen. Baina ez ginen bakarrak izan munduan, merkatua saturatu egin zen, eta jada ez da hain errentagarria». Orain, laborari batzuk hasi dira artoa ur gutxiago eskatzen duten beste labore batzuekin ordezkatzen: garagarra, ekilorea... Baina arazoak dituzte produkzio katea artoarentzat pentsatua dagoelako.
Aretxabalak kontserben industrian ere jarri du azpimarra. Nafarroan bereziki oso sektore indartsua duela dio, eta enpresa batzuek erakundeetan eragin handia dutela. «Kontserben industrian, bi eredu daude: bata, historikoa, kooperatiben ingurukoa; eta, bestea, multinazionalena. Horiek ez datoz bat Europako erakundeak bultzatzen ari diren gertuko nekazaritzarekin. Haien mentalitatea da produktua Nafarroan egitea eta gero mundura zabaltzea. Pentsatzeko modu hori oso txertatuta dago Nafarroako ehun ekonomiko eta politikoan».
Azpiegiturak ala kudeaketa
Gaur egungo egoerak ez du inor ezustean harrapatu, eta ur politikan hartu diren neurriekin oso kritiko agertu dira adituak. «Gutxienez 1990eko hamarkadatik izan ditugu lehorteak eta muturreko gertaerak, eta ez da ia ezer egin. Uste da ur azpiegiturak eraikita arazoa konponduko dela. Baina konponbidea uraren kudeaketan datza, eta ez azpiegiturak aldatu, hobetu edo gehitzean», azpimarratu du Aretxabalak.
Antiguedad bat dator analisi horrekin. «Erakundeek, askotan, nahastu egiten dituzte eskaria eta apeta. Hain da erraza ura eta azpiegiturak lotzea». Baina bera ez dago «printzipioz» urtegi guztien aurka. «Baliteke urtegi txiki bat beharrezkoa izatea leku jakin batean, baina oso ondo aztertu behar da non eta zertarako. Hemen jakintza oso partzialekoak gara, eta batzuk saiatzen dira porrua sartzen, baina zatika».
Aretxabalaren iritzian, sektorean «ikuskera pedagogiko eta zientifikoa» behar da. «Laborari askok uste dute ibaietako ura itsasoan amaitzea ura alferrik galtzea dela eta ez dituzte urtegiek ekosistemen funtzionamenduan eragiten dituzten kalteak ulertzen. Horren guztiaren atzean interes ekonomiko eta politiko partzial bat dago».
Berrikuntzak
Europako Kontu Auzitegiak 2021ean egindako txosten batek gehiegizko ureztatzeaz ohartarazi zuen, eta Europako Nekazaritza Politiko Komuna ezbaian jarri zuen: ondorioztatu zuenenez, Europako hegoaldean bereziki nekazaritzarako lurren ureztatzea bultzatu da, eta sistemak modernizatzeko egindako ahaleginek ez dute ur kontsumoan murrizketarik ekarri. «Justu aurkakoa gertatu da. Modernizazioaren izenean, laboreak intentsifikatu dira, kultiborako eremuak handitu, eta ur behar handiagoa duten laboreak sartu», laburbildu du Antiguedadek.
Bestela pentsatzen du INTIAko Goñik. Nabarmendu duenez, lur gehiago egon arren, Nafarroan behintzat ur kontsumoa ez da neurri berean handitu, egonkor eutsi dio. «Lehen, badaezpada ureztatzen genituen lurrak. Orain, badaezpada hori amaitu da. Ezin da ur tanta bat ere alferrik galdu. Eta nekazariak ederki jabetzen dira. Aurrerapauso handiak eman ditugu».
Ikusi gehiago:Ura, ekonomiaren zainetan
INTIAn sustatzen ari diren estrategien artean ureztatze defizitario kontrolatua deiturikoa dago. Labur esanda, labore bakoitzaren hazkuntza fase guztia identifikatzen dute, eta bakoitzerako ur eskakizuna zein den zehaztu, ur dosi gutxiago emateko produkzioa arriskuan jarri gabe. Urte batzuk daramatzate entseguak egiten, labore batzuekin (artoa, alpapa, brokolia, ilarra eta tomate) eta garai ezberdinetan. Brokoliaren kasuan, ur kontsumoa %38 apaltzea lortu dute; artoarenean, %8.
Goñik nabarmendu duenez, halako berrikuntzetarako teknologia berriak behar dira —sentsoreak, satelite bidezko irudiak...—. Horien bitartez jakin daiteke unean-unean zein den egoera hidrikoa eta zenbateko erreserbak dauden lurrean. «Estrategia honek funtzionatzen du, baina atzean ezagutza bat eduki behar da, laboreen hazkuntza faseei eta behar hidrikoei buruzkoa. Horregatik, aholkularitza funtsezkoa da».
INTIAko teknikariak uste du oro har laborariak aldaketa horietara ondo moldatzen ari direla, baina aitortu du egoera ez dela erraza. «Kostuak murrizteko eskatzen ari zaie, jasangarriago izateko... Ohartzen dira aurrean dituzten erronkez eta Europar Batasunaren eskakizunez. Mundu horretan betidanik egokitu behar izan dute aldaketetara, eta iruditu dezakeenaren kontrara, ondo moldatzen dira. Landaren hirugarren iraultza bizitzen ari gara».
Hildako lurra
Ureztatzeak badu beste ondoriorik, adituen arabera: lurraren suntsiketa. Uraren erabilera intentsiboarekin batera pestizidak eta ongarriak erabiltzen dira; horrek produktibitatea handitzen du, baina lurraren erabilgarritasuna apaldu. Hala ohartarazi du Aretxabalak: «Pestizida eta ongarri gehiegi erabiltzeagatik, lur asko ez dira gai ura iragazteko. Eta lurpean dauden ur apurrak ezin dira erabili kutsatuta daudelako. Elikagaien ekoizpena industrializatu dugunez, zorua hil dugu».
Nafarroako Erriberan gertatutakoa jarri du adibide moduan. Hango laborariek Ebroko ura izan arren, iparraldean azpiegitura handiak egin dituzte hara ura eramateko. Zergatik? «Ebroko uren kalitateagatik. Urte hauetan guztietan ibaiko urekin eta akuiferoekin zer gertatu den galdetu beharko genuke; kutsatuta daude».
Caparrosoko akuiferoen egoera nabarmendu du Aretxabalak. «Duela gutxi arte, hango putzuetatik tira egiten zuten laborariek, baina jada ezin dute. Zenbait gunetan, 300 miligramo nitrato dituzte litroko, eta baimendutako maximoa 50 da». Han dagoen behien makroetxaldeak eta animaliek sortzen dituzten hondakinek eragin zuzena du horretan, haren iritziz. «Lehen sektorearen hiperindustrializazioak ekarri gaitu egoera honetara. Eredua errotik aldatu behar da».
Goñik ez du ukatzen ongarrien nitratoen askatzearekin eta akuiferoen kutsadurarekin arazo bat dutela Nafarroan, baina hori konpontzeko bidean daudela uste du. «Orain, behar den ura baino ez da erabili behar, ur tanta bakar bat gehiago ere ez. Uraren kudeaketa egokiagoak ongarrien kudeaketa hobea ere ekarriko du».
Antiguedad ere kezkatuta dago horrekin. Baina, haren ustez, uraren kudeaketan ekonomia zirkularra edo birziklatzea ere hartu beharko litzateke kontuan. Adibidez, hirietan kontsumitutako ura, besteak beste, lurrak ureztatzeko erabiltzea. «Araztuta egon dadin arazo teknologiko batzuk egon arren, bideragarria da. Araban badago halako esperientzia bat, mugatua, baina emaitzak ematen ari da. Uraren kudeaketa ere ez badugu modu zirkularrean pentsatzen, gainerako hitzak hutsak geratuko dira».
Uraren kudeaketa
JATEN DUGUN LURRA
Hego Euskal Herrian erabilgarri dagoen uraren %80 nekazaritzan erabiltzen da, lurrak ureztatzeko. Jada hasiak dira labore batzuk beste batzuekin ordezkatzen eta ekoizpenean ur gutxiago baliatzeko teknikak erabiltzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu