Aretora sartu orduko, artean aurkezpena hasi gabe, kantuari ekin diote Beñat Sarasolak, Panpi Lacarrieuk eta Joanes Bordak. Azkar argitu dute haien ahotsek ez dutela mikrofonoen behar handirik. Ondotik sartu dira gelara Gexan Lantziri eta Patxika Erramuzpe, Francoren mende kantatzen genuenean (Elkar) disko-liburuko protagonistak guztiak ere, beste zenbaitekin batera. Eta haiekin liburuaren egile Colette Larraburu idazle eta kazetaria eta Peio Etxeberri-Aintxart editorea. Solasa eta kantua tartekatuz, 1970eko urteetako testuinguruaren eta euskal kantagintzaren kronika bilakatu zuten atzo liburuaren aurkezpen ekitaldia, eta kantuan jarri zuten Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean (Gipuzkoa) bildu zen publikoa ere, aretoa bete zuena.
Gazteek beren historiaren berri izan dezaten idatzi duela liburua azaldu du Larraburuk, eta bertan aipatzen direnek euskaraz eta zapalkuntza salatuz kantuan jardun zutela nabarmendu du. «Hegoaldeko lagunen ordez eta haien izenean egiten dute hori, gehienetan haiek beren nortasuna ez baitezakete ager. Hegoaldean kantariak dira euskal nortasuna agertzeko azken gotorlekuak, nahiz eta hurbiletik zainduak diren». Halere, kantariok ez dutela sekula beren burua heroitzat agertu azpimarratu du. «Ez dira holakoak. Kantua da beraien arma».
1970eko urteetara atzera egitera gonbidatu du ondotik publikoa Etxeberri-Aintxartek, eta ohartarazi orduko kantuak «faxismoaren prismatik» irakurri behar direla egun. «Euskal herritarren izaera bera ukaturik zegoen ingurune hartan, baina haien leloa ezina ekinez egina zen». Lelo horri jarraiki loratu ziren ikastolak, kooperatibak eta euskarazko argitaletxeak ere. «Aitzindari hauek gizarte berri baten oinarriak jarri zituzten. Beraz, har ezazue liburua belaunaldi hari eginiko omenaldi bat bezala». Manex Pagola, Eñaut Larralde, Mixel Labegerie eta Estitxu Robles-Arangiz izan ditu editoreak bereziki gogoan.
Gertakariak eta abestiak elkarri lotuz joan dira garaia aletzen editorea eta kantariak. Kantuok ezin baitira bestela ulertu. Seminarioan zirela euskararen alde eta elizaren hierarkiaren aurka egiteagatik zigortu zituztela gogora ekarri, eta horren harira Lantzirik idatzi eta Sarasolak musikatutako Eskualduna naiz eta kantua ekarri dute ezpainetara segituan: «Eskualduna naiz eta Euskadi dut maite./ Hor'gatik kartzelara eremanen naute./...». Editoreak gogorarazi du bide beretik hasi zirela Pantxoa eta Peio kantuan, eta Labegeriek bitartean «kantua irauli» zuela Gu gira Euskadiko gazteri berria abestiarekin, kantariek gogotsu eskaini dutena. «Kantu hori abiatze berri bat da Ipar Euskal Herrian, deskarga elektriko bat».
Garaiko gertakarien azalpenak editoreak, eta haien lekuko diren kantuak abeslariek; hala joan dira urteetan aurrera eginez solasaldian: Joseba Elosegiri kantua lehenik, Etxamendi-Larralderena; ETAk Carrero Blanco hil zueneko In nomine patris edo Yup la la gero, bikote berarena; edo tortura ardatz duen Itziarren semea aurrerago, Telesforo Monzonek idatzi eta Pantxoa eta Peiok ezagutarazi zutena. Langile klaseari ere kantatu ziotela gogorarazi dute; Guk taldeko kideek, adibidez, Lagun etor gurekin kantuan.
Kantuaren indarra
Ipar Euskal Herrian kantariek harrera beroa izan zutela azaldu du editoreak, eta are beroagoa Hegoaldean, «publikoa sukar moduko batek» hartzen baitzuen kantaldietan, editorearen hitzetan. Izan zen mugaz bestaldera kantatzera joateagatik atxilotutakorik ere; kantariek eurek kontatu dituzte orduko gorabeherak.
Beste hamaika kanturen bitartez egin dute 1978ra arteko bidea, Franco hil eta hiru urtera Bai euskarari kanpainari amaiera eman eta 40.000 lagun bildu zituen Bilboko San Mames zelaiko kontzerturaino. Kantuaren indarra aldarrikatuz amaitu dute aurkezpena, eta, nola ez, kantuan.
Garai baten kronika kantatua
'Francoren mende kantatzen genuenean' liburua aurkeztu dute Martin Ugalde kultur parkean. 1970eko urteetako kantagintza eta testuingurua hitzez eta abestiz xehatu dute protagonistek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu