Joseba Azkarraga Etxagibel.

Burujabetzara kondenatuta

2022ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakari izendatua izan zen lehenengoz 2012ko abenduan. Lehendakaritza berriak, sen onez, gogoeta taldea abiatu zuen, gizarte zientzialariz osatua. Helburua? EAEren diagnostikoa Jaurlaritza berriarentzat. Zortzikote hartan egotea egokitu zitzaidan. Gutako bakoitzak mahaira irauli zuen bere obsesioa: zerbitzu sozialak, ekonomia lehiakorra, jendartearen zahartzea eta pentsioak...

Urteak neramatzan angustia ekosistemiko, energetiko eta klimatikoekin. Larritasun bakarra eraman nuen: energia. Tonu dramatiko neurtuan: «Gainontzeko guztia ahalbidetzen du, jar dezagun merezi duen tokian. Hiper-menpekotasuna da gurea, oso hauskorrak gara, eta berandu gabiltza oso. Jardun behar genuke gerra ekonomian bageunde bezala, gaur bertan hasita». Bide ez fosilistatik, jakina. Iradokizuna erantsi nion: ez dugu analisi estrategiko eta prospektiborako egitura (zientifiko) nazionalik, gara dezagun. Haustura historiko gogorregia zetorren erdi itsuan edo inprobisatzen ibiltzeko.

Hamar urte igaro dira ia. Aitortuz energiaren gaia deabrukeria dela baliabide fosil propiorik ez duen ororentzat, bistan da urteotan ez dela jauzirik eman. Jarraitu dugu pentsaera eta ekinbide konbentzionalari kateatuta. Bileretako batean katedradun batek ondo azaldu zuen konbentzionaltasunaren muina: «Indian ia guztiak doaz zakil-zorroarekin. Ase behar direnez giza premia horiek guztiak, ikaragarria da hazkunderako dagoen tartea. Kontua da, nork hornituko ditu? Fagorrek egin dezake, edo beste batek egingo du».

Saihets ugari ditu katedradunarenak. Euretako bat da ekinbide konbentzionalak ez duela muga biofisikoen arrastorik izan (energia-material-klima hirukoa). Kontra-zientifikoa izan da. Hitzok entzutean, irudikatu nuen gaurko edozein biologo gartsuki berbetan biologia ebolutiboaz, existitu izan ez bailiran Darwin eta ondoren Margulis anderea. Norbaitek erlatibitatearen teoria aipatu eta imajinatu nuen gaurko fisikari bat: «Erlatibi... zer?». Analisi sozialean, ordea, zilegi da. Ahots goran.

Jaurlaritzako gogoeta prozesua baino ia beste hamarkada bat lehenago, hasiak ginen muga biofisikoen zientzia Arrasateko kooperatibetan barreiatzen, koadroak trebatzeko saio ugarietan. Laburrean: «Gainera datorkigun krisi energetiko eta material itzelarekin, zelan demontre eutsiko diogu materialetan eta energian hain jatuna den gorputz industrial honi?». Hitzok nekez zulatzen zuten burmuinik. Kooperatibista ugarik pentsatuko zuen ikerlari gazte haiei zintzurrean trabatu zitzaiela historiaren amaiera. Azken batean, mundua (oraindik) globalizatzen ari zen. Eta mundu hartan irabazteak esan nahi zuen haztea, metabolismo are jatunagoa eraikitzea, planta produktiboak Txinan, Marokon, Brasilen. Funtsean, konplexutasun handiagoa, eta kooperatibak amorruz kateatzea ekonomia globalean.

Hein handian, halaxe zen: hazi ala hil (geroxeago, ohartarazpen potoloa ekarriko zuen Fagorren tragediak, baita Eroskik ere). Datuak eskuetan, baina, erreparatu behar zitzaion hurrengo pantaila historikoari, genioen guk, hastear zena berandu baino lehen: desglobalizazioa.

Jaurlaritza eta Arrasate, bietan sinesgaiztasuna nagusi. Bietan ekinbide konbentzionalegia, bietan epe laburra eta, funtsean, bietan datu zientifikoei entzungor. George Lakoff hizkuntzalariak argitu zuen datuak bat ez datozenean jendearen marko kognitiboarekin, jendea bere markoekin geratuko dela.

Ba, dagoeneko aldatu dugu pantaila historikoz, eta marko kognitiboak aldatu zaizkigu indarrez. Aurreikuspen gutxi edo batere ez. Orain, ondo legoke despiste antzekoetan ez erortzea euskal aktore politiko eta ekonomikoak. Eta nago gaur despistea dela «koiuntural» doinua: koiunturala da gaurko anabasa. Amaituko da gerra eta, ondorioz, eskasia arazoa. Apalduko dira prezioak. Igual ahultxoago, baina berrezarriko dira ohiko hornikuntza kate globalak. Osaba Samek blaituko gaitu gas parrastadarekin, ongi etorri beste behin, Mr. Marshall. Eta plan estrategikoaren arbelean berriro alaiki marraztuko dugu hazkundearen, lehiakortasun globalaren eta progresio materialaren gezi goranzkoa.

Nekez gertatuko da. Are, desglobalizazioa areagotuko da, ahitzen ari delako globalizazioa ahalbidetu duen oinarri biofisikoa (baliabide material eta energetikoak). Zalantza soilik da zein erritmotan gertatuko den uzkurtzea (luze jo lezake, eta atzera-aurrera handiekin), eta noraino helduko den. Prozesua kaotikoa izan daiteke, noski, batez ere misil eta tankeetan katramilatzen bada mundua.

Badakigu inpaktuak ezberdinak izango direla lurraldez lurralde (Europan, itzelak), eta lurralde bakoitzak eraiki beharko dituela bere erantzun propioak. Areagotu beharko da auto-hornikuntza gaitasuna, dagoeneko nabarmena da. Aktore ekonomikoek gehiago begiratu beharko diote txertatuta dauden eremu bio-geografikoari. Ez gara autarkiaz ari, dioguna da oso bestelakoak izango direla globalaren eta tokikoaren arteko orekak. Eta inplosio garaiotan, hobeto ibiliko dira norbere lurralderako egitasmo burujabea pentsatu dutenak. Hautu politiko gustuko ala ez gustuko izateaz harago, burujabetza bilakatuko baitzaigu halabehar historiko gero eta nabarmenago.

Zuzen dezadan: burujabetza ez, desglobalizazioa da halabeharra. Jendarte burujabeagoak ez, lora litezke ekofaxismoak: gehiengoak esklabotza berrira kondenatu, eliteak baliabide funtsezkoez jabetu bitartean. Horren aurkako txertoa litzateke alternatiba subiranista: distopia saihesteko gehiengoentzako gidoi politiko kontzientea (internazionalismo sutsuenarekin uztartua). Burujabetza, beraz, datorkigun desglobalizazio handiari modu adimentsu, planifikatu eta justuan erantzuteko potentzial gisa. Uzkurtzeak leher ez ditzan gehiengoak.

Subiranistek erantzukizun berezia dute (dugu) abagune historikoa ondo ulertu eta gidoi politiko berria taxutzen. Baita segurtasuna helarazten ere. Onartuz, ordea, badela arantzarik lurralde buruaskiagoen aro berrian: ezingo da agindu etorkizun materialki oparoagorik. Gezi goranzkoa, baldarkeria intelektuala da (edo genozidioaren aldeko nekropolitika basatia, baina ez dirudi Europa dagoenik arpilatze masiborako ahal inperialistarekin). Pobretzera goaz. Materialki, behinik behin. Inon ez dago idatzita, ordea, euskal jendarte soilago hori izan ez daitekeenik justuagoa, demokratikoagoa, feministagoa, ekologikoagoa eta antsiolitiko gutxiagokoa. Nahiz iraultza egin ordez irauliak izango garen, badugu tarterik kantatu, maitatu eta dantza daitekeen herrigintzarako, estatugintzarako.

Zelan eraiki segurtasuna eta dantzarako grina, hazkunde-osteko garaian? Galdera funtsezkoenetakoa begitantzen zait. Erantzunak, hobe analisi estrategiko eta prospektiborako egitura nazionalekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.