Mundu multipolarra eta diplomazia

2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Urteak dira mundu ordenua poliki-poliki aldatzen ari zela, Ameriketako Estatu Batuen gainbehera eta Txinaren gorakada ziren aldaketa geopolitikoen adierazle nagusiak. 2020tik, baina, erritmo mantsoak abiadura handia hartu du. Lehenengo, COVID-19aren krisia, eta ondoren, Ukrainako errusiar inbasioari erantzuteko Mendebaldeak errusiarren aurka hasi duen eskala handiko gerra ekonomikoa dira Washingtonen irudiaren, sinesgarritasunaren eta boterearen higadura mugarriak.

Herrialde gehienetan garbi geratu da Mendebaldea harropuzkeriarekin eta berekoikeriarekin ari dela bere gainbehera inperiala kudeatzen. Adibidez, normaldu du pirateria, izan material medikoa lapurtu eta metatzeko, edo izan beste herrialdeen eta hauen herritarren ondasunak lapurtzeko. Azkena eta inoizko handiena AEBek izoztutako Errusiako banku zentralaren kanpoko finantza-erreserben 630 mila milioi dolar inguru. Atzo Iran eta Venezuela ziren, gaur Errusia, bihar batek daki nor izan daitekeen.

Estatuetako agintarien artean Mendebaldean dituzten aktibo finantzarioen segurtasun ezak beldur gehiago sortzen du errusiar erasoak baino Ukrainan. Gatazka hau bigarren mailako kontu bat izango litzateke NATOk gerra ekonomikoa hasi ez balu, eta Hegoalde globalak badaki, dagoeneko ezaguna zuen mendebaldar hipokrisiaren bertsio lizunenetako bat ikusten ari baita. Horregatik, munduko herrialde ugarik errusiar inbasioa deitoratu arren, Moskurekin eta Beijinekin lankidetza ekonomikoa sakontzen ari dira Hegoalde globaleko ekonomiak New York edo Bruselatik pasatu gabe konektatzeko eta, oro har, Mendebaldetik autonomizatzeko.

Sortzen ari den mundu multipolarrak zaila da jakitea zein forma eta norabide hartuko dituen, baina garbi dagoena da mundu horretan diplomaziak garrantzia irabazten duela. Interes nazional, aliantza eta balio politiko desberdinak dituztenen artean negoziazioak eta akordioak garatzen dira. Honek guztiak kontrastatzen du nazioarteko harremanetan Mendebaldeak duen jarrera autoritarioarekin.

Berriki Jean de Gliniasty diplomazialari frantsesak elkarrizketa batean azaldu du Mendebaldeak balioak arma diplomatiko bihurtu dituela de factobesteekin elkarrizketa galaraziz. Bi mundu sortzen dira: nire balio moralki gorenak konpartitzen dituztenak (edo nire esanetara jartzen direnak) eta besteak, konpartitzen ez dituztenak.

Nazioarteko harremanetan interesak daude, baina, hauetaz hitz egin ordez diplomaziaren jardunean balioak aipatzen badira, askotan, baten inpotentzia onartzea da, edo beste batzuk menderatzeko nahia. Azken batean, Gliniastyk dioen bezala, «balioak adierazi eta kanpo-politikaren alfa eta omega bihurtzen diren une bakarrak gerrak dira».

Aspaldiko kontua da autoritarismo diplomatikoa Mendebaldean. Hamarnaka herrialde ditu gradu desberdinetako santziopean nazioarteko legedia hautsiz. Gauza bera gertatzen da gerrarekin: Mendebaldea da nazioarteko legedia gehien eta era odoltsuenean hautsi duena, baina autoritarismo diplomatikoa justifikatzeko eta lezioak emateko EBk «europar balioak» aipatzen ditu, eta AEBek, «amerikar salbuespena».

Mendebaldearen aliantzak nagusiki, salbuespenak salbuespen, zuri-kristauen artekoak dira; geroz eta zuriagoa eta geroz eta kristauagoa orduan eta Inperioko epizentrotik gertuago. Horregatik, G7a klub itxi bat da. Berriz, bere aurkaria den BRICS geografikoki, kulturalki eta politikoki askotarikoa den aliantza ireki bat da. Kontinente, erlijio, balio eta interes desberdinek dute lekua; horregatik, agintarien arteko argazkiak askoz ere koloretsuagoak dira G7koak baino.

Ekainean ospaturiko BRICSen gailurrean Argentinak eta Iranek taldean sartzeko eskaera aurkeztu zuten. Iran iraultza islamiarra gertatu zenetik lehen aldiz nazioarteko aliantza batean sartuko da 2022ko irailean ospatuko den Shanghaiko Elkarlan Erakundean; Txina, India, Errusia eta Pakistanekin batera beste Asiako lau herrialdeek osatzen duten erakunde politiko, ekonomiko eta segurtasunekoan. Ez da azkena izango, aliantzaren behatzaile eta bazkide diren herrialdeen artean zabalkunde berriak ematea espero da etorkizunean. Antzera gertatzen da BRICSekin: Purnima Anand BRICSeko Nazioarteko Foroko presidenteak berriki adierazi du Egiptok, Turkiak eta Saudi Arabiak afiliatzeko interesa agertu dutela eta eskaera prestatzen ari direla.

Honek azaltzen du zergatik Joe Biden korrika eta presaka Saudi Arabiara joan zen bisitan. Horrelakoetan balioak suspentsioan geratzen dira, agerian utziz hipokrisia eta balioen atzetik dagoen arma diplomatikoen erabilera. Bestela, Ursula Von der Leyeni galdetzea baino ez dago: Europako Batzordeko presidenteak berriki Azerbaijanera burutu du bidaia.

Bitartean, Mendebaldetik kanpo, jardun diplomatikoa emankorra da. Norberaren balioei uko egin gabe, interes desberdin edota kontrajarriak dituzten herrialde ezberdinen artean hitz egin eta negoziatzen da. Adibide gisa aipa daitezke azken asteetan ospatu den Kaspiar Itsasoaren gailurra edo Teheranen Iranek, Turkiak eta Errusiak ospatu duten bilera, besteak beste, Siriako egoera konpontze bidean jartzeko.

Nazioarteko agertoki berri baten aurrean gaude, mundu multipolar berria jaiotzen ari da, baina polobakarreko munduak ez du hil nahi, eta, Antonio Gramscik zioen bezala, bien bitartean, argi-ilun horretan, munstroak sortzen dira. Hala ere, aldaketa geopolitikoek sortzen duten krisia arriskutsua izan arren, une historikoa bizitzen ari gara: ongi etorriak garai interesgarrietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.