Hiru egun igaro dira Zaldibarko (Bizkaia) Verter Recycling 2002 zabortegian luizi bat gertatu zenetik, eta, horren ondorioz, desagertuta dauden langileen senideak «amorratuta» daude. Desagertuetako baten iloba da Helene Alberdi, eta enpresaren eta administrazioetako agintarien senideekiko «tratua» salatu du. «Kanpotik ari gara edukitzen gauzen berri. Ez digute ezer esan. Ematen du ez zaiela axola», adierazi dio BERRIAri. Beste desagertuaren senide batek, Twitterren idatzitako mezu batean, Eusko Jaurlaritza kritikatu du txioan Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea aipatuz, eta nabarmendu «abandonatuta» sentitzen direla. Alberdik ere sentipen hori bera du. «Pazientzia agortu zaigu. Ez genuen espero gorpua gurekin eduki arteko denboran salaketa hauek egin behar izatea». Zaldibarko Udalak babesa agertu die desagertuen senideei eta enpresako langileei.
Erreskate lanei ekin zieten atzo goizean suhiltzaileek eta ertzainek, baina, ostegunean eta herenegun bezala, ordu batzuk geroago eten zituzten. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eguerdian jakinarazi zuenez, zeregin horretan dabiltzanen «segurtasuna» bermatzearren utzi zituzten bertan behera. «Pare bat tanta jausten direla eta lanak gelditzen dituztela? Bihar [gaur], antza, geologo talde batek baloratuko du lanekin jarraitu edo ez. Ea: joan daitezela oraintxe bertan! Nire osaba ateratzeko presarik ez dagoela dirudi», esan du, «minduta», Alberdik. Jaurlaritzaren esanetan, euriak are ezegonkorragoa bilakatu du eremua, eta luizi gehiago gertatzeko arriskua dago. Ezegonkortasun hori dela eta, lanean ari diren brigadakoak apenas ari diren makineria erabiltzen hondakinak kentzeko. Geologo talde bat gaur da egoera aztertzekoa, eta bilaketa lanekin noiz jarraitu erabakiko du.
Alberdik Twitter bidez jakin zuen, atzo, lanak eten zituztela. «Nire amak ez zekien ezer». Desagertuetako baten arreba bakarra da. Ostegunean, istripua gertatu zenean, Alberdiren ama eta lehengusina, biktimaren alaba, Zaldibarrera joan ziren, eta telefono zenbakiak eskatu zizkieten hara bertaratu zirenean. «Gaizka Etxabek eskatu ziola esan dit amak». Alberdik ez daki, zehazki, nor den. Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuetako zuzendaria da. «Baina orduz geroztik...». Hau da, ez dietela kasurik egin. Verter Recycling 2002 enpresako buruzagiek ere ez. «Esan zidaten buruzagiren bat-edo hurbildu zela doluminak ematera».
Istripuaren ondorengo hasierako ordu horietan «shock» egoeran zeuden senideak. «Oso gogorra da horrelako zerbait gertatzea. Familia guztia ezegonkortzen dizu». Baina «tristura» sentipena «amorru» bilakatu da orduek aurrera egin ahala. «Istripua gertatu eta gero, espero genuen bakoitzak bere lana egingo zuela eta gauzak normal joango zirela. Baina, dirudienez, mugitzen ez bazara ez dizute kasurik egiten».
Harrituta dago Alberdi: «flipatzen» ari da agintarien jarrerarekin. «Errepidea bai, errepidea [AP-8 autobidea] segituan ireki zuten berriro. Horretarako mugitu ziren», leporatu die agintariei. Lur-jausia dela eta, autobidearen norabideetako bat itxita dago ostegun arratsaldetik, eta, ibilgailuen zirkulazioa guztiz ez etete aldera, herenegun goizean ingurabide bat zabaldu zuten Ermua (Bizkaia) eta Eibar (Gipuzkoa) arteko zatian.
Desagertuak bilatzeko lanei buruzko informazioa eskatu dute senideek, eta, Alberdiren arabera, erantzuten diete tratamendu psikologikoa behar ote duten. «Guk ez dugu laguntza psikologikorik nahi: guk gorpua gurekin edukitzea behar dugu». Hori da familiaren lehentasuna.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak onartu du zabortegiaren kontrolean eta kudeaketan irregulartasunak egon zirela. Alberdiren hitzetan, azkeneko orduetan izebak kontatu dio zer esaten zuen osabak horri buruz. «'Egunen batean, hau dena gainera jausiko zaigu...'. Beldur hori bazuen osabak. Bazekien gauzak ez zirela ondo egiten ari. Ez dakit zer puntutaraino, baina bai pitzadurak zeudela, eta bete behar zenaren bikoitza ari zirela betetzen». Orain «minutuz minutu» joan nahi dute senideek. «Hori bai, hau dena pasatzen denean badugu irregulartasunak salatu eta bukaeraraino joateko asmoa».
Sute bat zabortegian
Herenegun iluntzean sute bat piztu zen zabortegiaren goiko aldean. Edizio hau ixteko orduan «kontrolpean» zegoen, baina itzali gabe. Bizkaiko Foru Aldundiko Iturriek BERRIAri adierazi ziotenez, sute hori ez itzaltzeko arrazoia da «sarbide zaila» duen toki batean piztu dela. «Ez dago arriskurik. Airetik itzaltzeko ahalegina egin ala ez aztertzen ari dira teknikariak». Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Monterok esan zuenez, osagai toxikoak eragin ditzakeen hondakinik ez da erre. Eibartik (Gipuzkoa) gertu dago zabortegia, eta Eibartik deitu zuten BERRIAra, esateko erre usaina zegoela.
Hondakinen artean desagertuen autoak izan daitezkeenak aurkitu dituztela kaleratu zuen, atzo, Anboto aldizkariak, larrialdi zerbitzuetako iturriak aipatuta.