«Abiapuntua bera eskasa da»

Egoiliarren senitartekoak grebak lehenbailehen bukatzeko eskatzen ari dira. Jomuga horretaz harago ere, garbi dute zerbitzu hobe bat lortzera egin behar dela: zaintza osoagoa eta hobea aldarrikatzera.

Egoiliarren senitartekoak protestan, aste honetan, diputazio aurrean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Berriki elkarte batean antolatu dira Gipuzkoako zahar etxeetako egoiliarren familiartekoak. Pilatzen ari diren grebek zerbitzuan eragiten dituzten gabeziez ohartaraztea dute lehen nahia, eta, harago ere eginda, oro har, aldarrikatzea ezinbestekoa iruditzen zaiela zentroetan ematen den arreta hobetzea. Ehun familia inguru daude ordezkatuta, eta babesa ematen dieten beste berrogei bat pertsona. Gipuzkoako Senideak izena hartu dute. Kideetako bat da Begoña Garate. Aita egoiliar du Gipuzkoako egoitza batean. «Lehendik ere, greba hasi aurretik ere, sumatzen zenfamilien mugimendu honen falta», esplikatu du. «Hain justu, entzuna daukat garai batean egon zela abian antzeko zerbait antolatuta, eta desagertu egin zela gero. Orain, greben harira, elkartzen hasi gara berriro; aparteko indarra hartu du egoiliarrei ahotsa jartzeko beharrak». Izan ere, aski pertsona kalteberak dira gehienetan, edadeak eta mendekotasunak erkinduak. Haien zaintza usu ez dela behar bezalakoa ikusteak mindu egiten ditu senitartekoak. «Grebekin, adibidez, arta ematen duten pertsonak maizago aldatzen dira, eta horrek estresa eragiten die adinekoei. Gertatu izan zaigu, esaterako, egun batean bi pertsona berri egotea. Nahastu egiten ditu horrek», azaldu du Garatek. Badakite antzera segituko dutela langileek grebak egiten jarraitzen duten bitartean. «Gutxieneko zerbitzuak %70-80koak dira; derrigorrean sumatu behar da eskasa». Horregatik, lan gatazka konpontzea dute lehentasun. Kezka, ordea, grebaz haragokoa dute. Argi utzi nahi dute hori: «Abiapuntua bera eskasa da».

Oro har, grebak sortutako arazoez aparte ere, langile eskasia ikusten dute sarri egoitzetan, eta arta hobetu beharra. Silvia Piquek familiako bi kide ditu zaharrentzako zentro batean; buru-belarri sartuta dabil elkartean, eta, bere esperientziatik jasotakoez harago, beste hainbat senideren lekukotasunak jaso ditu orain, hotzikara batekin sarriegitan. «Bileretan entzuten diren istorio batzuk oso gogorrak dira: oso gogorrak». Grebaren ondorio dira, hein batean. «Grebaren ondorioz, dena joan ohi da motelago», onartu du Piquek. «Dutxak egin gabe geratzen dira, arropa behar bezala ezin da garbitu, denera ezin iritsi dabiltza langileak...».

Egoiliarrak eta haien familiak pairatzen ari dira hori guztia, eta enpresei, aldiz, oraindik ez die aldundiak egin gabe geratu diren zerbitzu horien gaineko ordainketarik murriztu. Lehengo astean, senideek bilera bat egin zuten Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin, eta agerian utzi zien alde horretatik neurriak hartzen hasteko asmoa. Gogo onez hartu zuten albistea, baina instituzioaren jarrerak ez ditu guztiz asebete. «Orain esan dute enpresei portzentaje bat kenduko dietela: urtebete pasatu eta gero», salatu du Garatek. Neurriak lehendik hartua behar luke: bat dator Pique horretan ere. «Enpresek ere pairatu behar dute egoera. Familiak ari gara pairatzen, ezta? Eta enpresak aritu dira onura ateratzen. Ez zaigu bidezkoa iruditzen».

Estatistikez harago

Ez dute lan gatazkaren xehetasunetan sartu nahi: uste dute ez dagokiela. «Lehengo astean, Maite Peñak erakutsi nahi izan zigun langileen soldaten koadroa. Ni ez naiz nor sentitzen hori baloratzeko», azaldu du Garatek. «Orain, zenbaitetan sentitzen dut egiten duten lanerako jasotzen dutenaren bikoitza ere ez litzatekeela aski. Oso lan gogorra da: oso gogorra», onartu du. Eta alorra eraldatuko duten zuztarreko aldaketen aldekoa da. «Diputazioan koadro eta estatistika zoragarriak erakutsi zizkiguten. Esan zuten estatu mailan aitzindaria dela Gipuzkoa. Ados, baina guk konparazioak Finlandiarekin nahi ditugu, adibidez». Estatistikez harago, egoera zein den ikusteko talaia ematen diete beren senitartekoekin egoitzetan egiten dituzten ordu ugariek, eta, horietan, nahi eta ezinean ikusten dituzte usuegi langileak. «Nik sei urte daramatzat aitarekin. Eta, jakina, nire aitak okerrera egin du. Apur bat ibiltzeko gai zen egoitzara iritsi berritan; ibiltzeko gai ez dela geratu da orain. Harekin batera daudenek ere prozesu bera izan dute. Orain, adibidez, garabia behar dute gehienek mugitzeko, eta denbora eskatzen du horrek; jaten ere eman egin behar zaie askori. Baina ez du hobera egin eskaintzen zaien astiak», deitoratu du Piquek. «Gertuan ikusteaegokitu zait, adibidez, ohetik altxa ezinik geratu den jendea ere. Oso tristea da. Langileek nahikoa badute jaikita daudenak artatzearekin. Eta deika oroitzen dut, esaterako, pertsona horietako bat. Behin baino gehiagotan joaten nintzen ni haren ondora, aitarekin nengoen eta. Baina langileek ezin zioten kasurik egin eskatzen zuen orotan. Gogorra da».

Horiek horrela, sentitzen dute egoiliarrek oinarrizko zaintza zenbait bermatuta badituzte ere beste behar batzuk bete gabe geratzen direla. «Zaindu egin behar da, adibidez, egoiliarren gogo aldartea. Aisialdirako ere aukera gehiago eman behar litzaizkieke. Orok ez luke izan behar telebista ikusten egotea. Gauza gehiago lortzera egin behar da, eta horietara begira egon behar du elkarteak», azaldu du Garatek. «Ordu asko dira. Orain, adibidez, hementxe dugu negua. Eguraldi onarekin, beti duzu paseo bat emateko era. Baina orain zer da? Gela batean egotea egun osoan? Nolabait ere igaro behar da eguna, eta oso luzea egiten zaie sarri». Ekintzak badirela diote —aisialdira zuzenduriko hainbat proposamen—, baina ez direla behar bezain ugariak izaten gehienetan: «Mundu guztia ez doa horietara, eta ez dago alternatiba askorik».

Horregatik, aski garrantzitsutzat dituzte egoiliarrentzako eremu berriak: osoagoak. «Izan ere, horrenbeste estimatzen dituzte egin ditzakezun gauza ezberdinak! Bizitzaz gehiago gozatu behar lukete: bere osoan», azaldu Piquek. Dioenez, elkartean oso arduratuta daude, halaber, zentroen artean alde handiak sumatzen ari direlako ematen duten artari dagokionez. Senideen lekukotasun zenbaitek egoera aski desorekatuak erakusten dituzte. «Zergatik izan behar duzu arta eskasagoa egoitza batean bestean baino? Guztiz bidegabea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.