Memoria eta bizikidetza. Elkarrizketa. Silvia Plana Subirana. Gatazken konponbidean aditua

«Iragan traumatiko bat gainditzeko, zer gertatu zen jakin beharra dago»

Planak dioenez, munduan joera da bakea eraikitzeko «prozesu inklusiboagoak» egitea, eta langintza horretan garrantzitsua da tokian tokiko lana, «emaitza egonkorragoak eta iraunkorragoak» dituelako.

BERRIA.
gotzon hermosilla
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Silvia Plana Subirana (Camprodon, Katalunia, 1987) gatazketan aditua da, eta eskarmentu luzea du munduko zenbait herrialdetan bake eta giza eskubideen inguruko proiektuak koordinatzen. Kataluniako ICIP Bakearen Nazioarteko Institutuan memoriaren, bizikidetzaren eta adiskidetzearen arloa zuzentzen du.

Ikusi gehiago:MEMORIA ETA BIZIKIDETZA, TXIKITIK HANDIRA

Garrantzitsua da prozesu hauek udalerrietatik bideratzea?

Bakerako trantsizio prozesuetan funtsezkoa da nola sendatu indarkeriak markatutako gizarteak. Tresnak bilatu behar ditugu sendatzeko eta mina kudeatzeko, norbanako eta gizarte gisa, eta errespetuz eta tolerantziaz bizitzen ikasi.

Sendatze kolektibo eta gizarte ehunaren berreraikitze horretan, tokian tokiko prozesuek protagonismo eta eragin nabarmena dute. Gizarte zibilaren jarduera, tokian tokiko begiradatik, ekintza mota askotan gauza daiteke: indarkeriarik gabeko erresistentzia zibileko ekinaldiak, elkarrizketa sustatzea, biktimei laguntzea, indarkeria prebenitzeko proiektuak, edo askoz keinu sotilagoak, norberak egindakoak eta oharkabean igaro daitezkeenak, indarkeria ez erreproduzitzeko eta bestea etsaitzat hartu beharrean bizikide eta komunitateko kide gisa ikusteko.

Eta ohikoa da horrelako prozesuak abiaraztea gatazkan murgilduta egon diren herrialdeetan?

Mundu osoan ikusten dugu pertsonek eta erakundeek tokian tokitik bakea eraikitzeko prozesuei ekiten dietela, eta ezin dugu ahaztu batzuetan indarkeria handiko ingurumarietan egiten dutela. Urtez urte gero eta handiagoa da hilik edo espetxeraturik dauden tokiko agintari, komunitateko buruzagi, kazetari edo giza eskubideen eta ingurumenaren defendatzaileen kopurua.

Zeintzuk dira auzi honi tokian tokitik heltzeak dituen abantailak?

Munduan joera da bakea eraikitzeko gero eta prozesu inklusiboagoak egitea, eragile sozialen parte hartzearekin eta, batez ere, bilatuz biktimek ahotsa eta egiarako, justiziarako eta erreparaziorako sarbidea izan dezatela. Ehun soziala berregin eta konfiantza sortzeko, tokian tokiko lanak beste erritmo batzuk ahalbidetzen ditu, agenda politiko nazionalen presiorik gabe eta pertsonak erdigunean jarriz. Horrek dakar emaitzak egonkorragoak eta iraunkorragoak izatea. Gizartearentzat ukigarriagoak dira, ingururik hurbilenean gertatzen direlako.

Eta desabantailak?

Askotan, tokian tokiko lan horiek baliabide urriekin egiten dira. Gainera, agenda eta ekintza politiko nagusiek lehentasuna izaten dute eta horrek ekar dezake prozesu horiek ikusezinak izatea eta merezi duten aintzatespena ez jasotzea. Edonola ere, aldaketak tokian tokiko maila baino harago joateko beharrezkoa da horretarako borondate politiko eta soziala egotea, eta tresna pedagogiko, kultural eta instituzionalak abian jartzea gatazkak ez errepikatzeko.

Memoria ariketek lekua izan behar al dute prozesu horietan?

Iragan traumatiko bat gainditzeko, zer gertatu zen jakin beharra dago. Gerra ez da amaitzen bake akordioa sinatzen denean. Bakea eraikitzea prozesu motela da, luzerako ikuspegia behar duena. Iraganari heltzeak zerikusia du egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidearekin. Horrek ahalbidetzen du aurrera begiratzea, baina soilik gertatutakoa ulertu ostean eta biktimei arreta eta erantzunak emanda.

Gatazka baten ostean atzean utzi behar da konfrontazioaren logika eta garaituen eta garaileen logika. Indarkeriaren erabilera eta horren justifikazioa da garaiturik atera behar dena. Horrekin, errespetuan eta tolerantzian oinarritutako bizikidetzaren oinarriak eraikitzen dira.

Eta, zure ustez, memoria prozesu horiek zer irizpideren arabera gauzatu behar dira?

Irizpide nagusia da biktimak erdigunean egotea, protagonismoa izatea, bakearen eraikuntzan duten botere eraldatzailea aitortuz. Halaber, haien aniztasuna ere aitortu behar da, eta ulertzea interes desberdinak eta are kontrajarriak ere izan ditzaketela. Horregatik onartu behar da akordioak eta kontsentsuak seguru asko ez direla idealak edo denentzat gogobetekoak izango.

Egiaz ari garenean, norberaren egiaz ari gara, zer gertatu zen jakiteko eskubideaz, baina gizarte mailako egiaz ere ari gara. Gertatutakoaren larritasuna ulertzea eta onartzea, zenbaitetan gizarte moduan ikusi nahi izan ez badugu ere. Ez dago egia edo kontakizun bakarra: erronka da egia desberdinak haien artean hizketan aritzea, gehigarriak izatea, askotariko ahotsak jasotzea, eta gerraren konplexutasuna ulertzen laguntzea.

Euskal Herriko udalerrietan izandako esperientziak ezagutzen dituzu?

Ez ditut askorik ezagutzen, baina zeharka haien berri izan dut. Nik nabarmenduko nuke zenbait tresna teoriko eta pedagogiko ingurunera egokitzeko irudimena. Eta interesgarria da nola landu den konfiantza eraikitzeko prozesua, pertsonen zaintza eta prozesua bera.

Horrelako prozesuetan ba al dago beste eragile batzuen interesek tokian tokiko lana zapuzteko arriskua?

Arrisku horiek ez dira bakarrik bizikidetzaren eta memoriaren arlokoak, baina egia da batzuetan kontakizunen arteko lehia dagoela eta horiek kontrolatzeko nahia dagoela. Gakoa da tokian tokiko prozesuetan eta beroriek abian jarri dituzten pertsonengan konfiantza izatea, eta zilegitasuna irabaztea lan hori egin delako elkarrizketaren, zaintzaren eta errespetuaren bidez eta biktimak erdigunean jarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.