Itsasoko energia eolikoaren merkatuak datozen urteetan hartuko duen bultzada transformaziorako aukera izango du euskal industriak. Arrazoi nagusia da itsasoko haize errotak alternatiba bikaina izan daitezkeela murriztuz joango den erregai fosilen inguruko negozioarentzat.
Halako eraldaketa bat ezagutu zuen hemengo industriak 1980ko urteen amaieran eta 1990ekoen hasieran, aeronautika sektorean liderren artean kokatuko ziren enpresekin, Gamesa eta ITP, Energia Klusterreko zuzendari nagusi Jose Ignacio Hormaetxek gogorarazi duenez. «Dagoeneko automozioarentzat edota makina erremintarentzat ekipamendu elektromekanikoetan, ekipamendu elektrikoetan, ingeniaritzan... ari ziren hemengo enpresei, aeronautikarekin beste aukera bat zabaldu zitzaien, dibertsifikatzeko aukera».
Itsasoko energia eolikoaren aukera are eskuragarriagoa da, euskal enpresa asko daudelako jada energia eolikoan. Zerrenda oso luzea da: «Ehundik gora enpresak jarduten dute energia eolikoaren inguruan, 15.000 bat pertsona hemen eta euskal enpresekin lanean nazioartean». Gaur egun, lurreko haize erroten merkatuan lehia oso gogorra denez —«prezioak beherantz doaz, Txinarengatik»—, haize erroten alorrean lanean dabiltzanei «balio handiko merkatua zabaltzen zaie» itsasoko energia eolikoarekin.
Javier Garcia Iberdrola Renovables Internacionaleko nazioarteko negozioetako zuzendariak ere hori uste du: «Euskadik berriztagarrien industriarekin lotutako enpresa liderrak ditu, eta, alde horretatik, Iberdrolak euskal industrian egiten duen trakzioa erabatekoa da. Baina, enpresa handiez gain, euskal industriak baditu kontratuen esleipenerako bolumenik izan gabe offshore-ko kontratista handien hornikuntza katean oso ondo kokatuak dauden enpresak».
Hori bai, gaur egun energia eolikoan aritzen ez diren euskal industriako enpresa batzuentzat ere aukera zabaldu da, «eta konbinazio hori bilatzea da gure erronka», dio Energia Klusterreko zuzendari nagusiak. «Hemen ditugun beste sektore batzuentzat ere interesgarria izango da itsasoko energia eolikoa; adibidez, ontzigintza industriarentzat edota energia eolikoaz aparte aritzen den ingeniaritzarentzat, garabi handiak, altzairuzko bridak eta antzeko elementuak beharko direlako karga handiak jasotzeko».
Siemens Gamesak ere hori azpimarratu dio BERRIAri: « Siemens Gamesak 332 milioi euroko erosketak egin zizkien Euskal Herriko 700 enpresari baino gehiagori 2020an, aurreko urtean baino % 7 gehiago. Eta 332 milioi horietatik %10, hau da, 34 milioi, Siemens Gamesak Europa iparraldean duen itsasoko energia eolikoaren negozioarekin lotutako erosketak izan ziren. Hau da, Espainian oraindik offhsore parke eolikorik ez dagoen arren, euskal enpresek offshore-ekin lotutako produktuak saltzen dituzte beste herrialde batzuetako proiektuetarako». Horri esker, Siemens Gamesaren ustez, enpresa horiek «prest eta ondo kokatuta egon daitezke offshore merkatua Espainian hurrengo urteetan garatzen hasten denerako».
Iberdrola eta Siemens Gamesa punta-puntan dabiltza itsasoko energia eolikoan. Iberdrola offshore finkoan dabil batez ere; «pixkanaka ari gara teknologia flotagarria gehitzen». Energia konpainia orotara 2.600 MW hartuko dituzten lau offshore proiektutan dago aldi berean, gihar finantzario nabarmena erakutsiz. Bretainian parke bat egiten ari da oraintxe bertan; Alemanian (Baltikoan) beste bat, eta AEBetako ekialdeko kostan beste bat.
Siemens Gamesa multinazionalak hainbat offshore proiektu ditu abian, eta gero eta haize errota handiagoak garatzeko lasterketan dago. Vattenfall konpainia Norfolken (Ingalaterra) munduko haize-errota eremurik handienetakoa eraikitzen ari da (3,6GW), eta Siemens Gamesa lehentasunezko hornitzaile izango du. Parke hori gai izango da lau milioi etxebizitza argindarrez hornitzeko. Kostatik 47-72 kilometrora egongo da, eta Siemens Gamesaren SG14-236DD 236 diametroko errotoreko haize errotak izango ditu.
Bi konpainia handiek enpresa sarean duten trakzio eragina agerikoa da. Baina offshore-ko balio kate ia osoa topa daiteke Euskal Herrian. Energia eolikoan ari diren enpresa horien artean daude, besteak beste, Haizea Wind lurreko eta itsasoko haize errotentzat dorreak eta zimendatzeak egiten ditu, Navacel plataforma eta dorreentzako egitura metaliko handiak egiten ditu, eta Vicinay errota flotagarrientzako ainguraketa sistemak egiten ditu.
Itsasoko energia eolikoa Bilboko Portuarentzat ere aukera izan daiteke, Hormaetxek azaldu duenez: «Europa iparraldeko portu guztiak prestatzen ari dira energia eolikoaren sektoreari zerbitzuak eskaintzeko. Bilboko Portua garrantzitsua izango da esportaziorako, direla palak, direla brida handiak... Adibidez, Euskadin ekoizten diren errodamenduak orain errepidez joaten dira, baina, gero eta handiagoak izango direnez, portutik joan beharko dute. Horrelako korridore bat izateko, logistikan ere lehiakor izateko, elkarlanean ari gara, portuarekin, [Bizkaiko] aldundiarekin, Jaurlaritzarekin...».
Flotagarritasuna, bultzada
Itsasoko energia eolikoaren hazkundea mugatua izan da orain arte, munduan ez direlako hainbeste errota finkoak ezartzeko moduko plataforma kontinentalak. Haize errota flotagarriak dira itsasoko energia eolikoaren hazkunderako bidea, nahiz eta teknikoki askoz ere konplexuagoak diren. Iberdrolako Garciaren aburuz, dena den, «eoliko flotagarriak utzi dio ingeniaritza problema izateari, funtzionatzen duela frogatu delako, eta estrategia problema da orain: sektoreak prestatu egin behar du logistikarako, industrializaziorako, baimenetarako, finantza ahalmena izateko... 2030. urtea baino lehen ehunka MWeko proiektu flotagarriak garatzeko».
Izan ere, zailtasunak zailtasun, finko edo flotagarri, itsasoko energia eolikoa sustatzeko apustu argia egiten ari dira hainbat herrialde. Energia eolikoa giltzarria izango da klima larrialdiari aurre egiteko, energiaren deskarbonizaziorako, eta itsasokoak, printzipioz, kontrakotasun txikiagoa piztuko luke lurrekoak baino.
Apustu hori egin du, adibidez, Alemaniak. Olaf Scholz kantziler bihurtu duen koalizio gobernurako akordioarekin herrialdeak argindar mix-aren %80 berriztagarriekin bete nahi du 2030ean—lehen, helburua %65 zen—. Hori lortzeko, besteak beste, itsasoko energia eolikoko ahalmen instalatua 30GWekoa izatea nahi du, 40GWera handitzeko 2035ean, eta 70GWera 2045ean. Ezinbestekoa izango zaio Ipar Itsasoko ur urrunetara joatea, eta akordio transnazionalak bultzatzea, bai Ipar Itsasoan baita Itsaso Baltikoan ere.
IEA Nazioarteko Energia Agentziak ere hazkunde esanguratsua aurreikusi du itsasoko energia eolikoarentzat. Azken urtean Txinak atera ditu aurrera proiektu gehien, besteak beste, hango garatzaileak presaka ibili direlako iraungitzear dauden laguntza publikoak eskuratzeko. Haien hazkunde erritmoa geldotu egingo da ziurrenez, baina beste merkatu berrietan oinarrituko da datorren bost urteko hazkunde sendoa. Erresuma Batua, Alemania, Belgika, Danimarka eta Herbehereetako ohiko merkatuei Frantzia, Taiwan, Hego Korea, Vietnam eta AEBetako eskala handiko proiektuak gehituko zaizkie.
Itsasoko energia eolikoaren aukera. Euskal enpresak
INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN
Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu