Nakbak 75 urte. 1948ko kanporatzea

HIRU MENDE LAURDENEKO NAKBA

Gaur 75 urte bete dira mugimendu sionistak Israel fundatu zuenetik. Palestinarrek beste urteurren bat izango dute gogoan bihar, Nakba oroitzeko egunean. Estatu juduaren sorrerak Palestinako arabiarrak kanporatzea ekarri zuen. 700.000 lagunek baino gehiagok egin zuten ihes etxetik.

Sendi palestinar bat Jaffa hiritik ihesean, Nakbaren hasieran. UNRWA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Israel estatu gisa eratzearekin batera hasi zen palestinarren Nakba —arabieraz hondamendia esan nahi du—. Izen horrekin oroitzen dute Israelek hasi zuen jazarpen kanpaina, ehunka mila palestinarri etxea eta ondasunak kentzeko, eta bizilekutik kanporatzeko. Maiatzaren 15ean oroitzen dute, eta 75. urteurrena beteko da bihar. Nakbaren bezperan, 1948ko maiatzaren 14an, Israelek independentzia aldarrikatu zuen Tel Aviveko Arte Museoan. Erresuma Batuaren agintepean zegoen Palestinako administrazioaren zatirik handiena estatu judu bihurtu zen, eta, modu horretara, sionismoak bere proiektu politikoa garatzeko funtsezko lorpena eskuratu zuen.

Ikusi gehiago:Rashid Khalidi: «Gizarte zibila geroz eta pisu handiagoa hartzen ari da Palestinako erresistentzian»

Estatu judu baten sorrera ez zen bideragarri, ordea, Palestinan bizi ziren arabiarrak —tokiko biztanleriaren gehiengo zabala osatzen zutenak— kanporatu ezean. Sionismoak hasieratik izan zuen argi ezinbesteko baldintza hori, eta indar osoz ekin zion palestinarren aurkako garbiketa etnikoari nazioarteak ontzat jo zuenean Israel eratzea. Aitortza NBE Nazio Batuen Erakundearen ebazpen batean mamitu zen, 1947ko azaroan. Ebazpenak Israelen eta Palestinaren artean banatu zuen Erresuma Batuaren administrazioa.

Nakbaren aurrekariak

Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, Nazioen Ligak gerra galdu zuten herrialdeen kontrolpeko lurraldeak kudeatzeko mandatuak onartu zituen. Bereziki, Alemaniako Inperioaren eta Otomandar Inperioaren menpekoak. Azken horren agintepeko lurraldea zen Palestina, eta Erresuma Batuak hartu zuen hura administratzeko ardura, estatu independente bihurtu artean.

Palestinaren gaineko kontrola hartu zuenerako, Londresek konpromiso bat hartua zuen mugimendu sionistarekin. Lehen Mundu Gerra oraindik amaitu gabe zegoela, eskualdearen etorkizuna diseinatzen ari zen, eta buruzagi sionistek presio egin zioten estatu judu bat sortzea babestu zezan. Palestinan «juduen etxe nazionala» ezartzearen alde agertu zen Londres 1917an, Balfour Adierazpenaren bitartez.



Eskualdearen agintea hartu zuenean, juduen migrazioa sustatzeko baldintzak ezarri zituen: lurrak eskuratzeko erraztasunak eman zituen, hezkuntza judu bereizia antolatu, hebreera hizkuntza ofizial bihurtu eta juduei armada propioa eratzeko eskubidea aitortu. Martxan zegoen etorkizuneko estatuaren enbrioia.

Urrats horiek geroz eta mesfidantza handiagoz ikusten zituzten palestinarrek. Besteak beste, nekazari arabiarren kanporatzeak ugaritzen ari zirelako. Juduen migrazioaren kontrako mobilizazio nabarmenak izan ziren hurrengo urteetan. 1936ko greba orokorrak erakutsi zuen arabiarren gehiengo zabala prest zegoela Erresuma Batuaren agintearen aurka mobilizatzeko, eta Londresek errepresio gordinarekin erantzun zuen.

Elite arabiarrek Erresuma Batuarekin negoziatzeko egin zituzten saiakerak erabat antzuak izan ziren grebaren aurreko urteetan. Diplomaziarena kale itsua zela iritzita, iraultzaren aldeko jarrera indartu zen palestinarren artean. 1936ko grebak hasiera eman zion matxinada arabiarrari (1936-1939). Erresuma Batuko armadak eta talde paramilitar juduek 5.000 palestinar hil zituzten. Deportatu, espetxeratu eta torturatu egin zituzten beste milaka.

Errepresioa hain izan zen zabala, ezen palestinarrak erresistentzia militar eta politikorik gabe gelditu baitziren ia. Milaka paramilitar juduri, bestalde, gudarako trebakuntza sendoa eman zien Erresuma Batuko armadak, Bigarren Mundu Gerran borrokatzeko izena eman zutenean. Bi aldeen arteko desoreka horrek eragin nabarmena izan zuen 1948ko gertaeretan.

Zatiketa plana

1947ko otsailean, Erresuma Batuak iragarri zuen NBEren esku utziko zuela Palestina, eta horrek nazioarteko agendaren erdigunera eraman zuen zatiketari buruzko eztabaida. NBEren Batzar Nagusiak 1947ko azaroaren 29an onartu zuen eremua bi estatu independentetan banatzea: Lurraldearen %52 estatu juduarentzat, eta %45 estatu arabiarrarentzat; Jerusalem eta Betleem —lurraldearen %3— nazioartearen kontrolpean geldituko zen.

Ikusi gehiago:Apartheida, nakbarekin jarraitzeko

Buruzagi sionistak ados agertu ziren erabakiarekin, baina Liga Arabiarrak kontra egin zuen, argudiatuta palestinarrak beren lurraldeko biztanleriaren gehiengo indigena izan arren arabiarren erdiak atzerriko legedi baten menpe geldituko zirela, Israelen gutxiengo bihurtuta. Plana onartu zenean, Palestinan 1,3 milioi arabiar bizi ziren, eta 610.000 judu inguru. Azken horiek lurraren %5,5 zuten euren esku.

Hondamendia

NBEk, beraz, ontzat jo zuen arabiarrak nagusi ziren eremuan estatu judua eratzea, eta horrek bide eman zion sionismoari palestinarrak masiboki kanporatzeko. David Ben-Gurionek gidatutako gobernuak Dalet plana onartu zuen, 1948ko martxoan. Palestinarren garbiketa etnikorako gidalerroak zehaztu zituen, eta xehe jaso zituen herrien okupazioa, suntsitzea eta arabiarren kanporatzea gauzatzeko bete beharreko jarraibideak.

Israelgo talde paramilitarrek ez zuten itxaron Erresuma Batuko armadak Palestina utzi arte, eta 1948ko lehen hilabeteetan hainbat eraso egin zituzten arabiarrak kanporatzen hasteko. Apirilean, Deir Yassin herrian, 90 lagun inguru hil zituzten; horietatik 30, haurrak. Emakume ugari bortxatu zituzten hil aurretik. Nakba hasi besterik ez zen egin. Israelek maiatzaren 14an deklaratu zuen independentzia. Handik zortzi egunera, Tantura herrian, 110 eta 230 gizon artean hil zituzten indar juduek, eta, testigantzen arabera, gorpuak pilatuta erakutsi zizkieten herriko emakumeei eta haurrei, izutu eta alde egitera behartzeko. Dawaymehen, urrian, 145 haur eta heldu hil zituzten eta 450 lagun desagerrarazi.

Liga Arabiarrak palestinarrak defenditzeko armada bat sortu zuen, 4.000 boluntario ingurukoa, eta, Erresuma Batuaren agintea bukatu zen egunean, maiatzaren 15ean, Israelen aurkako gerran sartu ziren Irak, Siria, Libano, Egipto eta Jordania. Baina estatu horietako armadek Palestinara bidalitako soldaduen kopurua urrun zegoen Israelgo indarren tamaina berdintzetik, eta, gainera, koordinazio gabezia handiak izan zituzten. Israelek armamentu eraginkorragoa eta trebatze militar hobea zituen, gainera.

Bake akordio bat lortzeko, NBEk bitartekari bat bidali zuen Palestinara. Suediako diplomazialari Folke Bernadotte izan zen aukeratua. Bernadottek proposatu zuen Israelen eta Palestinaren arteko mugak negoziazio bidez finkatzea, bi estatuen arteko batasun ekonomiko bat sortzea eta errefuxiatu palestinarrak beren herrietara itzultzea. Diplomazialaria Lehi talde paramilitar sionistak hil zuen, segada batean, 1948ko irailean. Taldeko burua Yitzhak Shamir zen, gerora Israelgo lehen ministro izango zena (1986-1992).

Hilabeteak igaro ahala, Israelen kanpainaren krudela geroz eta ageriago gelditu zen munduaren begietara. 700.000 palestinar baino gehiago kanporatu zituen etxetik eta beren lurretatik, eta errefuxiatuen kanpalekuetan baldintza negargarrietan irautera behartu; 400 herri baino gehiago suntsitu zituen, eta Palestinaren identitate arrasto oro ezabatzen saiatu zen, aurrez beste inork zapaldu gabea zirudien lurraren gainean altxatzeko estatu judua.

Israelen eta herrialde arabiarren arteko gerra 1949an amaitu zen. 8.000-15.000 arabiar hil ziren, eta 6.000 judu inguru. Otsailetik uztailera bitartean aldeek sinatu zituzten armistizio akordioek Israeli onartu zioten Palestinako lurren %78ren jabetza —NBEk lurren %55 egokitu zion hasierako zatiketan—. Lurrak bakarrik ez, Israelek nazioartearen aitortza ere lortu zuen maiatzean, NBEko kide izendatu zutenean.

Israelek bere egin ez zituen lurretan, berriz, ez zen Palestina izeneko estatu independenterik eratu. Egiptok hartu zuen Gazaren gaineko kontrola, eta Jordaniak Zisjordaniaren eta Jerusalem ekialdearen gainekoa. Palestinako estatuaren proiektuak azkar utzi zion nazioarteko eragile nagusien hizketagai izateari.

Gaur egun, bederatzi milioi errefuxiatu palestinar baino gehiago bizi dira etxera itzultzeko eskubidea zapalduta. Errefuxiatuen itzulera da, hain justu, Palestina eta Israelen arteko bake elkarrizketetan izan den punturik korapilatsuena, eta ezin daiteke irtenbide bat irudika auzi horri erantzun gabe. Zalantzarik ez da Nakbako gertaerek nabarmen baldintzatzen dutela Palestina eta Israelen arteko gatazkaren oraina, ordutik 75 urte igaro diren honetan ere.

Ikusi gehiago:Itzulera, ukatua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.