Euskararen erabilera

MIHIAZ GAIN, BADAGO ZER ASTINDU

Euskararen erabilera geldialdian dagoela erakutsi dute azken ikerketek. Mezu orokor eta negatiboak hiztunengan zamatu beharrean arrazoietan arakatu behar dela uste dute adituek: inguruneak ezartzen dituen baldintzetan, arau sozialetan, emozioetan eta identitatean, besteak beste.

MIHIAZ GAIN, BADAGO ZER ASTINDU.
Julen Aperribai.
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Kezka iturri nagusietako bat da, eta horretara bideratu dira azken urteetako indar eta egitasmo nagusiak: euskaldun kopurua areagotu egin da azken urteetan, baina ez erabilera. Hala erakutsi zuten 2017an argitara emandako Inkesta Soziolinguistikoak eta Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketak. Aurten berrituko da argazkia, bi ikerketen emaitzak emango baitituzte, eta joera hori zertan den ikusiko da. Hala ere, datuetatik harago ere badago erabilerari buruzko kezka. Horretan eragitea jarri dute helburutzat euskararen aldeko bi egitasmo sozialik handienek ere: Korrikak eta Euskaraldiak. «Ekiteko urtea» izatea nahi dute, edo, kontzeptua mihira ekarrita, egitekoa.

Irakurketak egitean, baina, orain arte behar bezainbeste aintzat hartu ez diren aldagaiak kontuan hartzearen garrantziaz mintzo dira adituak. Erabilera baldintzatzen duten faktoreak aldatzen ari direla uste dute, eta horietan eragin behar dela, joera alderantzikatzeko. Aldi berean, erabileraren eta ezagutzaren arteko alderaketaren arriskuaz ohartarazi dute.

Izan ere, euskararen ezagutza handitzeak ez du berez ekarri erabilerak joera bera hartzea. Urteak dira uste hori gezurtatzeko nahikoa motibo badela. Hezkuntzaren ondoriozko euskalduntzeak bere bakarrean egoera aldatuko duela pentsatzeari uzteko garaia dela uste du Txerra Rodriguez soziolinguistak: «Inori horren itxaropenik geratzen bazaio, errealitatetik kanpo bizi da». Eskolan euskaldundu direnak «erabilerarako potentzialitate» dira, ñabartu du, eta ez «erabilerarako ezinbesteko faktore».

Hala uste du Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak ere. Zenbait belaunaldi atzera eginda, ezagutzaren eta erabileraren arteko lotura estuagoa dela azaldu du. Hiztunen profila aldatu izanarekin lotu du arrakala. «Oso garrantzitsua da ikustea gerra ondoko euskal hiztunen profila zein zen eta zer testuingurutan zeuden. Uste dut oraindik sarritan hipotesi zaharretatik ari garela egungo hiztunari begira».

Besteak beste horregatik, modu kuantitatiboegian erreparatzen zaie erabileraren inguruko datuei, Zabalaren arabera, eta gora edo behera egin duen, horretan jartzen da fokua. Aldiz, alderdi kualitatiboak «erantzun askoz konplexuagoak eta aberasgarriagoak» ematen dituela nabarmendu du.

Hain zuzen, arrazoi horietan arakatzen aritua da Ane Ortega Begoñako Andra Mari irakasle eskolako irakaslea, Esti Amorrortu eta Jone Goirigolzarrirekin batera. Euskal hiztun berriak, jarrerak eta identitateak ikerketa lana egin zuten hirurek. Euskara etxetik kanpo ikasitako Bilbo Handiko unibertsitateko zenbait gazteren bidelagun izan ziren. Muda prozesua egin nahi zuten gazteak ziren, zehaztu duenez; hots,«hiztun aktibo» bihurtu nahi zutenak. Prozesu horretan izan zituzten kezkak, trabak eta ahalduntzeak behatu zituzten ikerlariek. Besteak beste, ondorioztatu zuten «gaitasunarekiko autopertzepzioak» eragin handia duela euskara erabiltzerakoan. Horri lotuta, hiztun aktibo bihurtzeko prozesua «oso-oso emozionala» dela nabarmendu du: «Ikusi dugu gazte batzuk, oso konbentzituta egon arren, emozio negatiboek paralizatzen zituztela». Emozio horiek aztertu eta ahalduntzerako bideak jartzea izan da horiei aurre egiteko modua, azaldu duenez; besteak beste, antzeko bizipenak zituztenekin gogoetak partekatzea, eta bidea batera egitea.

Halaber, Ortegak nabarmendu du euskararen gainean Bilbo Handian dauden «aurreiritziek» oraindik eragin handia dutela erabilerarako jauzia egitean. «Euskaraz eskolan egiten da, eta kalea, de facto, gaztelaniarena da». Pertzepzioetatik harago kokatu du afera: «Ez da ohitura kontua bakarrik: benetako arau soziala da. Orduan, ikusi dugu gizartean dabiltzan ideologiek eta ideiek garrantzi handia dutela». Arau sozialei eta inertziei nola kontra egin, hor dago gakoetako bat, Ortegaren arabera. Horretarako modua eman zuen Euskaraldiak, adibidez: «Sekulako agentzia kolektiboa izan zen, gizarte mailan, eta Bilbon oso garrantzitsua izan zen, arau sozial horiek bertan behera geratu zirelako. Onartuago zegoen euskaraz egitea, eta ez zegoen hainbeste azalpen eman beharrik».

Inguruaren garrantzia

Hiztunaren jokabidean hamaika aldagaik eragiten dute, Zabalak berretsi duenez. «Hiztun mota asko ditugu, eta bakarra irudikatzea eta horri erantzunak ematen saiatzea ez da egokia». Halaber, azpimarra egin du eremu soziolinguistikoaren eraginean, eta horietako bakoitzak erronka berezituak dituela nabarmendu. Edonola ere, aitortu du, gaur-gaurkoz hiztuna bizi den eremuak «ikaragarrizko eragina» daukan arren aldaketak ari direla gertatzen harreman sareetan: «Lehen, herrian edo gure inguruan oinarritutako harreman sareak genituen. Egun, ingurune digitalean ere baditugu harreman sareak, eta, horrez gain, edozein momentutan egin dezakegu leku batetik besterako bidea». Erabilera guztiz baldintzatzen du horrek, haren ustez.

Rodriguezek, bide beretik, uste du aldatu egin direla «sozializatzeko» moduak, baina oraindik ingurunearen menpe jarraitzen duela erabilerak: «Baldintzapen sozialen menpe dago; ingurunearen menpe». Sozializatzeko modu berriei erreparatzean askotan begirada gazteengan jartzen dela ere gogorarazi du, baina ohar egin du: «Helduok marrazten eta markatzen ditugu gizarteko joera nagusiak. Gazteek berrikuntza dakarte, baina gazte izan ginenok gara gizarteko dinamiken baldintzatzaile nagusiak».

Dinamika horiek euskararen aldeko bihur daitezen, Rodriguezek beharrezko ikusten ditu hiru baldintza: «Ezagutzaren unibertsalizaziorantz pausoak ematea», euskaraz bizitzako esparru guztietan jarduten dutenen gutxiengoa «are minoritarioagoa» ez bihurtzea, eta euskararen «prestigioan eta harrotasunean» aurrera egitea. Azken horri lotuta, uste du oraindik euskaldunek ez dutela erabat askatu «zapalduaren kontzientzia». Hiru horien parean kokatu du, bestalde, «benetako babesa» bermatzea «boterea dagoen eremuetatik»; bai administraziotik eta baita bestelakoetatik ere.

Bai baitago joera eginbehar hori herritarrengan zamatzeko, Rodriguezek aitortu duenez. Hein batean, bat dator herritarrek erantzukizuna dutela: «Azkenean, hizkuntza bat hiztunok erabiltzen dugu, eta guk hartu behar dugu horren gaineko ardura». Ordea, horrek botereguneetatik baldintzak bermatuz eta «koherentziarekin» aritzea ere eskatzen duela azpimarratu du, eta azkenaldian «zenbait sektoretatik jaurtitako mezuek» ez dutela hori kontuan hartzen. «Batzuek herritarren bizkar uzten dute erabileraren auzia, euren sukaldea oraindik zikin egonik».

Zabalak uste du euskararen aldeko hautuan eragiten duten faktoreetan egin behar dela indar, eta ez erabileraren gorabeherak inoren bizkar jarri. «Elementu bakoitzari nola erantzun behar geniokeen adostu behar genuke; instituzioetatik, gizarte eragileetatik eta banakako moduan, jakinda bakoitzaren funtzioa zein den».

Identitate eroale

Lehen eta bigarren mailako hiztunen arteko banaketa desagerrarazi beharra ere badago, Zabalaren esanetan: «Badaukagu zer pentsatua eta egina, gizartearen eremu guztia kontuan hartuko duen euskalduntze prozesu bat badugu helburu». Ortegak ereuste du jarraitu behar dela era guztietako hiztunak «zilegitzen», eta, horrekin batera, eremu formalean nahiz horietatik kanpo euskararen bueltako «esperientzia positiboak» pilatzen. Halaber, hizkuntzaren hautua «identitateari» oso lotuta dagoela ikusi zuten ikerketan eta, horrenbestez, hori aintzat hartu behar delakoan dago. Hots, hiztun aktibo bilakatzeko prozesuak horretarako konpromisoa duten pertsonen identitatean eragiten dutela. Horregatik, beharrezkotzat jo du bide hori kolektiboki egiteko moduak jartzea.

Hiztunak euskaraz aritzeko zer motibo duen eta aritzean zer gorpuzten duen ere garrantzitsua da, Rodriguezen arabera. Euskarak luzaroan «erresistentziaren»eta haize berrien eramaile izatearen kutsua izan duela nabarmendu du, eta horretatik izan beharko lukeela egun ere. «1960koeta 1970eko hamarkadan, ikastolak sortu zirenean, arrakasta izan zuten ez soilik euskaraz zirelako. Horri lotuta bazegoen pedagogia berritzaile bat, gauzak egiteko modu berri bat... Uste dut euskarak balio behar digula horretarako ere. Komunikazio tresna izatetik harago, mundu berribat garraiatzekofuntzioa ere eman behar diogu, nolabait esateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.