Txertoa gero eta jende gehiagorengana iristeko bidea ireki dute: EMA Sendagaien Europako Agentziak 5 eta 11 urte bitarteko umeak txertatzea onetsi du, Pfizerren bi dosi jartzea alegia. Batzuei lehengo bi dosiak, eta besteei, hirugarrena: Ipar Euskal Herriko 18 urtetik gorakoek hirugarren dosia hartu beharko dute osasun ziurtagiria edukitzeko; Hego Euskal Herrian, berriz, 60 urtetik gorakoek izango dute hartzeko aukera. Adituen irudiko, birusaren aurrean duten babes maila areagotzeko lagungarri izango da.
MIREN BASARAS EHUko Mikrobiologia irakaslea
«Umeen arteanez da ikusi txertoaren albo ondorio larririk»
60 urtetik gorakoak eta gazteagoak, zaurgarriak badira. Horiek izan behar dute hirugarren dosia jasotzen lehenak Miren Basaras EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Mikrobiologia irakaslearentzat. 18 urtetik gorako denei jarri aurretik, berriz, eskatu du dosiak mundu osoan zabaltzeko.Halaber, «ezinbestekotzat» du umeak txertatzea, «pandemia kontrolatzeko». Eta lasaitasun mezua helarazi du: «Ez da ikusi albo ondorio larririk; beraz, segurtasuna bermatuta dago. Hori esan dute sendagaien agentziek».
RAFAEL BENGOA Osasun politiketako nazioarteko aholkularia
«Lehentasunahelduenekizan behar dute»
Txertoa jartzeko lehentasunen ordena argi du Rafael Bengoa osasun politiketako nazioarteko aholkulariak: 60 urtetik gorakoen txertaketa bizkortzea, txertatu gabekoak konbentzitzen saiatzen segitzea, umeei eta gazteagoei jartzea hirugarren dosia. «Lehentasuna birus honek gehien mehatxatzen dituenek izan behar dute; alegia, helduenek». Halere, umeak «prebentzioz» txertatzearen aldekoa da, azaldu duenez, zenbaitek ospitaleratu behar izaten dutelako: «Askoz okerragoa da hori txertoaren nahi gabeko edozein ondorio txiki baino».
ANA GALARRAGA Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea
«Umeei txertoaren babesak ez die abantaila nabarmenik ematen»
Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak bi maila bereizten ditu txertoaren onurez hitz egiteko orduan: populazio orokorra eta norbanakoak. Esan duenez, populazio mailan, Israelen argi ikusten da hirugarren dosiak laguntzen duela izurria kontrolpean izaten. Baina hemengo baldintzak desberdinak dira: han txertatu gabekoen ehunekoa handiagoa zen hirugarren dosia jartzen hasi zirenean hemen baino. Norbanakoei dagokienez, adinekoengan jarri du fokua: «Zenbat eta hobeto babestuta egon, hobe». Hortaz, orokortu behar al da hirugarren dosia? «Ez daukagu ebidentziarik esateko populazio orokorrarentzat egokia eta beharrezkoa dela». Umeekin ere, antzekoa: maila indibidualean ez du uste aparteko onurarik izango dutenik; bai, ordea, populazio mailan: «Babes horrek ez die abantaila nabarmenik ematen, ez direlako gaixotzen; populazio mailan interesgarria da».
FERNANDO GARCIA Epidemiologoa eta bioetika gaietan aditua
«Hirugarren dosia positiboa da populazio osoarentzat»
Madrilgo Osasun Publikoaren Elkarteko epidemiologoa da Fernando Garcia, eta bioetika gaietan aditua. Uste du indartzeko dosiak antigorputzak areagotzen dituela, jaitsi egiten dituela kasu larriak, eta eraginkorra dela, batez ere transmisio komunitarioa dagoenean: «Positiboa da populazio osoarentzat, ez adinekoentzat bakarrik». Horrek ez du esan nahi, ordea, denei eman behar zaienik, eta munduko ikuspegia ez galtzea eskatu du: «Europar bati ematen diogun dosi hori ez diogu ematen afrikar bati, eta eman nahi genioke». Zalantzatiago ageri da umeen txertaketaren inguruan, gaur-gaurkoz informazioa falta dela iruditzen baitzaio arriskuak eta onurak zenbaterainokoak diren neurtzeko. «Bitartean, agian, zuhurtziak itxarotea gomendatzen du».
Koronabirusa
Adituek adinekoei hirugarren dosia jartzeari eman diote lehentasuna
Oro har, umeak txertatzearen alde egin dute BERRIAk kontsultatutako adituek. Eskatu dute ez ahazteko mundu mailako arazoa dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu