REALA 1 - 3 OSASUNA

Txapel beltza, gorritxo

Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapela, Reala menderatuta. Catenak egin ditu gorritxoen hiru golak, geldikako jokaldietan

Catena, Osasunako atzelari berria, hirugarren goleko errematea egin berritan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
0-1. Catena (8.min). 1-1. Momo Cho (23.min). 1-2. Catena (37.min). 1-3. Catena (42.min).

Osasunak irabazi du Euskal Herria Txapela, lehen zatian hiru gol sartuta. Oldarkor aritu ziren Osasuna zein Reala, baina geldikako jokaldietan lotsagorritu egin zuen Catenak Reala.Hiru gol egin zituen atzelariak, denak geldikako jokaldietan. Bi taldeek lehen taldeko zein bigarren taldeko jokalariak erabili zituzten, eta oldarkor aritu ziren, batez ere lehenengo zatian. Denboraldiaurreko partidetan gutxitan ikusten da halakorik, eta zaleek eskertu egin zuten. Gorritxoek bigarrenez irabazi dute udako txapelketa hau.

Partida hasierak erritmo bizia izan zuen. Azken urteetako gorritxoen zigilua lehen lerroetan egiten duten presioa izan da, eta, atzo ere, ondo baino hobeto egin zuen Jagoba Arrasateren taldeak. Aukera ugari izan zituzten gorritxoek lehenengo gola egiteko, eta hamargarren minutua bete baino lehen aurreratu ziren. Catenak egin zuen, azkar ateratako korner bat orpoarekin errematatuta. Pixkanaka, baina, Realak lortu zuen baloi jabetza bereganatzea, eta jokaldiak ongi lantzea lortu zuten txuri-urdinek. Momo Chok berdindu zuen partida. Buruz buruko jokaldia egin ostean, bat-bikoa egin zuen Gorrotxategi gaztearekin, eta frantziarrak sareetara bidali zuen baloia.

Lehen zatiko azkeneko hamar minutuetan iritsi ziren Catenaren beste bi golak. Buruz egin zituen bi horiek; falta bat errematatu zuen lehenengoan, eta korner bat bigarrenean. Bigun aritu ziren txuri-urdinak geldikako jokaldi horietan, eta Osasunak Realak utzitako erraztasunak probestu zituen. 22 jokalariak aldatu zituzten atsedenaldian bi prestatzaileek, eta beste partida bat ikusi zen Galen. Erritmoa nabarmen jaitsi zen, eta bi taldeek aukerak izan bazituzten ere, markagailua ez zen mugitu.

Bi taldeek prestaketarekin jarraituko dute orain. Realak bi neurketa jokatuko ditu datorren astean. Asteartean, Portugalen, Sportingen aurka. Eta gaur zortzi Anoetan, Bayer Leverkusenen aurka. Gorritxoek, berriz, Frantziara egingo dute. Girondins eta Okzitaniako Tolosa izango dituzte aurkari, ostiralean eta larunbatean, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.