Donostiako Tabakaleran egon zirenek une gogoangarri bat bizi ahal izan zuten atzo. Oholtza gainean, 600 lagunen aurrean, Edurne Azkaratek ekitaldiaren gidari lana eginez honakoa esan zuen: «Badugu herri bat, badugu egunkari bat, eta badugu lemazain bat: Amagoia Mujika Txolaretxipi». BERRIAko langilez ingurutatuta, uztailaren 1etik aurrera egunkariko zuzendaria izango denak besoak altxata eskerrak eman zizkien hura txalotzen ari ziren ehunka lagunei: «Badator BERRIA berria, aldi hau kontatzeko. Eskerrik asko denoi!».
Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendaria izan zen Martxelo Otamendi, 1993tik 2003ko otsailera arte; indarrez itxi zuten arte. Lau hilabetera sortu zuten BERRIA, duela hogei urte, eta hasieratik izan da Otamendi zuzendaria. Erretiroa hartuko du hil honen amaieran, eta atzo lekukoa eman zion BERRIA berria zuzenduko duen lemazainari: Amagoia Mujika Tolaretxipiri. «Har dezagun merezi duen bezala, txalo zaparrada batekin, BERRIA orain arte egon ez den maila batera igoko duen lantaldearen zuzendari berria». Lehertu egin zen Tabakalera une horretan: ehunka lagunek, zutik eta txaloka, ongi etorria eman zioten Mujikari.
BERRIAren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Mujikaren lehen hitzak Otamendiri eskerrak emateko baliatu zituen: «Adimen artifizialak ere nekez emango liguke Martxelok daukan jakintza; ez sinistekoa da bere buruko apalategian nola gordetzen dituen Euskal Herriaren iragana eta oraina, historiaren dimentsio osoa eta gertaeren detailerik xeheena. Ez dugu nahikoa hitz, Martxelo, BERRIAri eta, oro har, herri honi eman diezun guztia eskertzeko».
Ikusi gehiago:Honela kontatu zuen BERRIAk ekitaldia, zuzenean
Hunkituta, bere bi erreferente aitortu zituen Mujikak: bere izeba eta ama. «Miren eta Begoña Tolaretxipi emakume eredugarriak izan dira niretzat. Aurrera egiteko indarra transmititu didate; feminismoa bizitzeko modu bat dela, eta zenbat balio duen euskaraz bizitzeak, gure kulturaz eta herriaz gozatzeak, elkarrekin. Eta borrokatu egin behar dugula sinisten dugun horren alde. Ez dagoela kolektiboa ez den lorpenik, ez txikirik eta ez handirik».
Martin Ugalde ere gogoan izan zuen Mujikak: «Euskaldunon Egunkaria-n hasi nintzenean, deitu egin zidan. Zorionak eman ondoren, bi gomendio eman zizkidan: zintzotasunez jokatzeko, eta argi idazteko, irakurleak lehen kolpean ulertzeko moduan. Euskaldun guztiok batuko gintuen egunkari bat nahi zuen, eta horixe da nire ametsa ere». Txalo zaparrada batek bete zuen Tabakalerako patioa, hitz horiek esan zituenean.
Kazetaritza aldarri
Mujikak, bere hitzaldian, kazetaritza aldarrikatu zuen bereziki. «Kazetaritzak, gaur eta hemen, berebiziko garrantzia dauka gizarte justu bat eraikitzeko. Demokraziaren giltzarrietako bat baita prentsa: botere egituren kontrola eta gardentasuna bermatzen ditu, eta herritar informatuak hezten ditu. Eta errealitatearen kategoria sortzen du, garai baten kontakizuna. Zer gertatzen den, zer den garrantzitsua, eta zergatik. Hori ulertzeko, testuinguruan kokatzeko giltzak eta iparrorratza eskaintzen ditu. Garai honetan, egunkari batek betetzen duen funtzioa aldarrikatu nahi dugu», nabarmendu zuen. Kazetaritza aldarrikatu zuen, «aldi hau kontatzeko».
Ikusi gehiago:Hainbat txokotatik etorri dira gonbidatuak BERRIAren 20. urteurrena ospatzera
BERRIAren ardatz nagusiak ere azpimarratu zituen: «Ez gara aldi errazean bizi. Horregatik da ezinbestekoa, mundu justuago baten alde, feminismoaren begirada, gutxituen eta baztertuen begirada, klima larrialdiaren begirada, euskaldunon begirada izango duen kazetaritza egitea». Begirada horietan sakondu zuten, atzoko ekitaldian, BERRIAko beste hiru langilek ere. «Denbora da genero ikuspegia ahal beste hedatzeko eta aplikatzeko hautua egin zuela BERRIAk, edukietan zein lan egiteko moduetan; eta ausartzen gara esaten inguruko iruditegia eraldatzeko urgentziazko premian lortu duela bere aletxoa jartzea», esan zuen Maite Asensio Lozano kazetariak. Kazetaritza Euskal Herritik Euskal Herrirako egiteak BERRIAn daukan garrantzia nabarmendu zuen Uxue Rey Gorraiz kazetariak: «Inon gutxi ageri den mapa hori zentzuz eta haragiz betetzen du BERRIAk egunero; ukigarri eta arnasgarri bihurtzen du, ezarian-ezarian, egunero». Ainara Lasak, BERRIAko marketin saileko kideak, independentziaz jarduteko, komunitateak daukan garrantzia nabarmendu zuen.
BERRIAlagunek ere presentzia handia izan zuten ekitaldian; 200 inguru izan ziren Tabakaleran. Horietako hiru oholtzara igo ziren, eta horrela mintzatu zen Lohizune Telletxea, horietako bat. «20 urte, erraz esaten da. Beste hainbeste eta gehiago izan daitezen, babes ezazue BERRIA», esan zien gerturatutakoei.
Ikusi gehiago:Izan BERRIAlaguna
Ekitaldi koloretsua eta dinamikoa izan zen atzokoa, tximista batek eraginda arazo tekniko bat egon bazen ere. Edurne Azkarate aktoreak egin zituen gidari lanak, eta Ibil Bedi musika taldeak hainbat abesti joz girotu zuen ekitaldia.
Otamendiren agurra
Oholtzara txalo zaparrada batekin igo zenean, esker on hitzak izan zituen Otamendik bere ibilbide profesionalean eta pertsonalean alboan izan dituen pertsonentzat. Desenkusetarako beta ere izan zuen, eta aurrena, erredakzioan aritutako emakumeei zuzendu zitzaien: «Desenkusa erredakzioko emakume kazetarien aurrean. Ez nuelako garaiz ikusi erredakzioko arduradun izendatzeko orduan desorekatuta zegoela erredakzio taldea. Ez nituelako jarri modu orekatuan emakumeak arduretan. Urte askoan izan nuelako joera bat —azken urteetan zorionez ez— erredakzio zuzendaritzan gizonezko gehiago jartzeko emakumezkoak baino. Eskerrak koskorreko batzuk eta belarriko tiraldi batzuk egin zizkidaten, garaiz, eta hori zuzendu genuen». Bigarren desenkusa bat ere izan zuen: «Nik lankide bikainak izan ditut, eta oso erraza da horrela egunkari bat zuzentzea. Baina jendearen bizitza aldrebestu duten erabakiak ere hartu ditut. Inork nahi ez dituen lanpostuak». Euskarazko prentsak izan duen lemazain nagusiak hunkituta agurtu zituen txalo artean, ehunka lagun.
Beatriz Zabalondo BERRIAko administrazio kontseiluko lehendakariak ere hartu zuen hitza. «Euskarazko egunkariarena maitasun istorio bat da. Maita dezagun», esan zuen. Politikako, gizarte mugimenduko, euskalgintzako, sindikatuetako, hedabideetako eta kulturako hainbat ordezkari ere ekitaldian izan ziren.
Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariek biribildu zuten Tabakalerako ekitaldia, bina bertso botata. «Aspaldi ez gabiltza/ matazetan urri/ galderak josiz hainbat/ egia ziurri./ BERRIA baita gure/mundurako neurri/ ez soilik zer gosaldu/ ta zer irakurri.../ BERRIA baita gure/ mundurako neurri;/ gure erakusleiho/ ta gure iturri».