Jesuitek argitara atera dute Erlijioso jesuitek Espainiako probintzietanegindako abusuak izeneko txostena, eta, barne ikerketa horren arabera, 1927 eta 2020 bitartean Hego Euskal Herrian hamasei adingaberi egin zizkieten sexu abusuak. Katalunian hamar abusu detektatu zituzten, Galizian bat, eta Espainian 54. Txostenean adierazi dute 65 apaizek egin zituztela abusu horiek guztiak, eta horietatik 48 hilda daudela. Abusu gehienak eskoletan gertatu ziren.
Madrilen aurkeztu zuten atzo txostena, eta Jesusen Konpainiaren agintari Antonio Españak adierazi zuen «mina, lotsa» sentitzen duela. «Ikasi nahi dugu biktimei eta gizarteari abusuengatik barkamena eskatzen; isiltasunaren kulturarengatik, gertakariei garbitasunez aurre ez egiteagatik», nabarmendu zuen.
Hamalau kasutan, identifikatutako apaiz horiek behin baino gehiagotan abusatu zuten, eta beste 51 kasuetan, berriz, horien jarreraren aurkako salaketa bakarra zegoen jarrita. Hori jaso dute txostenean. Biktimak zer sexutakoak ziren aintzat hartuta, pairatu zituzten adingabeen artean 46 mutilak ziren, eta hemezortzi, neskak.
Txostenean ez daude jasota ez erasotzaileen, ez biktimen izenak. Jesuitek txostenean bertan zehaztu dute zergatik; besteak beste, «biktima askok esplizituki eskatu dutelako bera edo bere erasotzailea identifikatzera eraman dezaketen daturik ez ematea». Erasoak zein eskolatan gertatu ziren ere ez dute zehaztu txostenean.
Jesuitek txostenean adierazitakoa da azken urteetan azaleratzen ari den errealitate baten lagin bat. Eliza katolikoaren espazioetan adingabeen aurka gertatutako abusu salaketak ugaritu egin dira azken hamarkadan Euskal Herrian. Nabarmenenetako bat da Opus Deiren Leioako (Bizkaia) Gaztelueta ikastetxeko irakaslearekin gertatutakoa. Ikasle adingabe batek sexu abusuak salatu zituen 2011n. EAEko Fiskaltzak auzia artxibatu zuen 2013an, baina 2018an epaitu egin zuten irakaslea, Bizkaiko Probintzia Auzitegian. 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion, sexu abusu jarraituak egiteagatik. Espainiako Auzitegi Gorenak zigor hori bi urtera murriztu zuen iazko irailean; eta, bi hilabete geroago, akusatua ez kartzelatzea erabaki zuen Bizkaiko Auzitegiak.
Mendizabalen kasua
Hautsak harrotu zituen kasua izan zen Juan Kruz Mendizabal apaizarena. Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak aitortu zuen, 2017ko urtarrilean, Gipuzkoako bikario nagusi izandakoak bi gaztez abusatu zuela sexualki urte batzuk lehenago. Mendizabal zigortu egin zuten Elizako barne prozedura batean.
Jean François Sarramagnan apaizaren kasua dago Ipar Euskal Herrian. 1990ean 12 urteko bere ilobari eraso egin zion sexualki. Hurrengo urtean Elizako hierarkiari aitortu zion. 2005ean Poliziari esan zion sexualki eraso egin ziela bi moja gazteri. 2016an, Lapurdin zituen apaiz ardurak kendu zizkion Marc Ailler Baionako apezpikuak. Bi urte geroago, Baionako auzitegiak sei hilabeteko baldintzapeko askatasunera kondenatu zuen ilobari egindako erasoarengatik.
Nafarroan, ikastetxe erlijiosoetako pederastia kasuen auziak 2019ko otsailean egin zuen eztanda. Garesko Erreparaziokoen ikastetxean sufritutako abusuen berri eman zuen ikasle ohi batek, Ser irrati katean: «Ikasleak gaixo jartzen ginenean, erizaindegira eramaten gintuzten; eta han, apaiz batek kloroformoarekin edo pilulekin drogatu, eta, erdi lo geundela, sexu gehiegikeria basatiak egiten zizkigun», azaldu zuen. Lehen salaketa horrek zabaldutako bidetik heldu ziren beste asko ere: biktimetako batzuek Ikastetxe Erlijiosoetako Biktimen Elkartea sortu zuten 2019ko irailean, eta Garesen, Lizarran, Tuteran eta Iruñean gertatutako hogeita hamar bat kasu azaleratu ziren hilabete gutxian.
Biktimetako batzuek salaketak aurkeztu zituzten Foruzaingoan eta Guardia Zibilaren aurrean, baina, oraingoz, ez dute fruiturik eman, delituak preskribatuta eta akusatu gehienak hilik direlako aspalditik. Emaitza hobea eman du bide politikoak: iaz, sexu abusuak ikertzeko batzorde bat sortu zen Nafarroako Parlamentuan, eta talde politikoek aukera izan zuten biktimen testigantzak bertatik bertara entzuteko.
Jesuiten arabera, hamasei adingaberi egin zizkieten abusuak Hegoaldean
«Espainiako probintzietan» azkeneko ehun urteetan gertatutako erasoak identifikatu dituzte. Abusu gehienak eskoletan gertatu ziren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu