Hamabost urte bete ziren atzo polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta iruindarra hil zutenetik, eta, urteroko legez, omenaldia egin zioten iluntzean Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta kalean, haren okindegiaren aurrean, 15 urte bihotzean, aitortzaren borrokan lelopean. Euripean, dozenaka lagun elkartu ziren Berrueta oroitzeko ekitaldian. Urteotan jasotako elkartasunarengatik eskerrak eman zituen Mari Carmen Mañasek, Berrueta zenaren alargunak, eta haren alaba Aitziber gogor mintzatu zen PPren aurka, haren aita zenari zuzenduta: «Espainiako Gobernuaren erruz hil zintuzten, gizartea berotu zuelako esanez martxoaren 11ko atentatuak ETAk egin zituela. Garrantzitsuagoa zen hori esatea atentatuan hildako pertsona guztiez kezkatzea baino».
Musika emanaldi batekin ekin zioten omenari, eta ondoren hartu zuten hitza ama-alabek. Aurresku bat dantzatuz amaitu zen ekitaldia. Bertara joandako herritarren artean egon ziren ordezkari politikoak ere; esaterako, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko lehendakaria. Geroa Bai eta Ahal Dugu-Orain Baiko kideak ere bertan egon ziren. Hainbat urtez, instituzioen ahanztura izan zuen Berruetaren hilketak, baina, 2016an, Iruñeko Udalaren ordezkaritza batek parte hartu zuen estreinako aldiz. Izan ere, urte hartan Berrueta izaera politikoko biktima izan zela aitortu zuen udalak. «Egiaren berrezarpena eta erreparazioa, udalari dagozkion bezala» ematea adostu zuen orduan Iruñeko Udalak, eta aurkako botoa eman zuten UPNk eta PSNk.
2004ko martxoaren 11ko atentatuen ondorenean gertatu zen Berruetaren hilketa, martxoaren 13an. Biharamunean egitekoak ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta PPk erabaki zuen atentatua ETAri leporatzea, nahiz eta ordurako frogek seinalatu atzean Al-Qaeda zegoela. Intoxikazio kanpaina haren erdian, Valeriano de la Peña poliziaren emaztea, Pilar Rubio, Berruetaren okindegian sartu zen, eta ETA ez zioen kartela eskegi nahi izan zuen. Berruetak ez zion utzi, eta ondoren De la Peña aita-semeak jaitsi ziren okindegira eta labankadaz eta tiroz hil zuten Berrueta. 2005ean, zinpeko epaimahaiak ebatzi zuen Berrueta arrazoi ideologikoengatik hil zutela, eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak hogei urteko zigorra ezarri zion Valeriano de la Peña poliziari, eta hamabostekoa Miguel Jose de la Peña semeari. 2014ko apirilaz geroztik, baldintzapean aske da Miguel Jose de la Peña.
Protesta ugari eragin zituen hilketak, eta horietako askotan manifestarien aurka egin zuten poliziek. Baina Hernanin (Gipuzkoa) Ertzaintzak egindako oldarraldiak utzi zuen ondoriorik larriena: babes bila atari batean sartu eta bihotzekoak jota hil zen Kontxi Sanchiz. Haren irudia Berruetarenaren ondoan jarri zuten atzoko omenaldian, eta bien argazkiak joaldunen eskuetan eta joare hotsen artean iritsi ziren ekitaldira. Berruetaren senideekin izan ziren Sanchizenak.
Martxoaren 21ean onartuko du laukoak motibazio politikoko biktimen legea
Jaurlaritzak kanpaina hasi baino lehen nahi du onartu polizia abusuen legea
Gezur baten biktima gogoan
Angel Berruetaren hilketaren hamabosgarren urteurrenean, Iruñeko okina zena omendu dute Donibane auzoan. Senideek PPren gobernuari egotzi diote «errua», gizartea «berotu» zuelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu