Adineko emakumeen aurkako indarkeria mota guztien ikusezintasunaz ohartarazi du Monica Ramos Toro antropologoak (Madril, 1967). Azaldu duenez, bortxa matxista pairatzen dutenek ez dute, oro har, beren burua biktima gisa ikusten.
Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista ikusezina da oraindik?
Bai. Kosta egiten zaigu begirada zahartzaroan jartzea, eta, are gehiago, adineko emakumeen zahartzaroan. Adinkeriak eta matxismoak pisu handia duen gizarte batean bizi gara, eta ez dugu zahartzaroaz hitz egin nahi; zer esanik ez andreen zahartzaroaz.
Adineko andreek bikote harremanetan jasaten duten indarkeriaz landa, zer dakigu familiako beste kideen aldetik pairatzen duten indarkeriaz?
Deus gutxi dakigu. Apenas bereizten ditugun emakume hauek pairatzen dituzten indarkeria motak, eta nekez ikusten ditugu hilketa baten atzean dauden arrazoiak. Gehiago ikertu behar da.
Gizartearen adinkeriak zer garrantzi du indarkeria kasuetan?
Funtsezkoa da. Indarkeria pairatzen duten adinekoen artean, hamarretik zazpi emakumeak dira. Hala ere, adineko emakumeen aurkako indarkeria beste indarkeria mota batzuk baino ikusezinagoa da.
Adineko andreek, oro har, zer oztopo izaten dituzte indarkeria kasuak salatzeko, edo, besterik gabe, azaleratzeko?
Lehenik eta behin, pairatzen dutena biolentzia dela detektatu behar dute. Gizartean oso zabalduta dago biolentzia eta tratu txarraksoilik fisikoak direla, eta, ondorioz, ohikoa da emakumeak kontziente ez izatea pairatzen ari direna biolentzia dela, eta normalizatzera jotzen dute. Adineko emakumeen aurkako tratu txarrak askotarikoak izan daitezke: ekonomikoak, erabakitzeko gaitasuna edo autonomiarekin lotutakoak...
Beren burua biktima gisa ikusten dute?
Adineko andreek, oro har, ez dute beren burua indarkeria matxistaren biktima gisa ikusten. Egunerokoan mota guztietako bortxak nozitzen dituzte, baina, sarri, ez dira kontziente tratu txarrak sufritzen dituztela. Horregatik, ezinbestekoa da indarkeria horiek denak, baita sotilenak ere, azaleratzea.
«Sarri, adineko andreak ez dira kontziente tratu txarrak sufritzen dituztela»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu