«Ez dugu nahi errefuxiaturik Turkian»

Krisi ekonomikoa eta askatasunik eza daude iheslarien aurkako jarreraren atzean. Oposizioak biziagotu egiten du xenofobia

Istanbul
2021eko irailaren 2a
00:00
Entzun
Turkiako Ligako denboraldia inauguratzeko partidan, Besiktas taldearen 15.000 zale inguru bildu ziren Istanbulgo estadioan, Rizespor taldearen aurkako norgehiagoka ikusteko. Talde zuri-beltzaren aldeko kantuen, aurkariaren kontrako irainen eta arbitroaren aurkako txistuen artean, zaleak hau ere kantatzen hasi ziren zenbait minutuz: «Ez dugu nahi errefuxiaturik Turkian». Lelo hori beste hainbat partidatan ere entzun izan da modu espontaneoan, beste zenbait hiritako taldeek jokatzen zutenean.

Didem Danis, GAR migrazioak aztertzeko zentroko soziologoa, bat dator errefuxiatuen aurkako ekintzak gero eta ugariagoak direla diotenekin, eta ugaritze horren arrazoi nagusitzat jo ditu krisi ekonomikoa eta Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernuan dagoen askatasun falta. Duela hiru urtetik hona, herrialdea krisi ekonomiko larrian dago: %14ko langabezia tasa du, eta ia %19ko inflazioa; gainera, lira turkiarra balioa galtzen ari da oraindik ere, eta bere balioaren %9 baino gehiago galdu du aurten. «Hainbat arrazoik eragin dute errefuxiatuen bazterketa areagotu izana, baina arrazoi nagusia krisi ekonomikoa da. Langabeziak polarizatu egiten du gizartea, eta, koronabirusaren pandemia dela eta, egoera okertu egin da. Errefuxiatuak pagaburu dira; erraza da errua haiei botatzea», azaldu du Danisek. Turkiako oposizioko alderdi nagusietako bik ere bultzatzen dute sentimendu hori. Nazionalista irmoak dira biak: CHP sozialdemokrata, oposizioko indar nagusia, eta IYI alderdia, partidu ultranazionalista baten zatiketa batetik sortutako talde nazionalista. «Boterera iristen garenean, lehen-lehenik, gure anai-arreba siriarrak beren herrialdera itzularaziko ditugu», esan du berriki CHPko liderrak, Kemal Kiliçdarogluk. Alderdi horrek pankarta handiak jarri ditu herrialde osoko hainbat herritan, lelo honekin: Mugak gure ohorea dira. Are, Turkiako erdialdeko hiri bateko alkateak, Bolu hirikoak, iragarri zuen zerga handiagoak ordainarazi nahi dizkiela migratzaile eta errefuxiatuei.

«Errefuxiatuen aurkako erresumina badago lehendik, baina, aldi berean, oposizioak biziagotu egiten du, eta, hala, errefuxiatuenganako nolabaiteko amorru giro bat sortzen da», azaldu du Danisek. Soziologoak esan du errefuxiatuenganako xenofobia adierazpen horiek direla, paradoxikoki, bai gizarteak eta bai oposizioko alderdiek gobernua eta estatuburua bera kritikatzeko dituzten espazio bakarretakoak. «Turkian muga handiak daude libre hitz egiteko, gobernua eta presidentea kritikatzeko. Errefuxiatuak jopuntu erraza dira autoritateei erasotzeko Erdogani eraso beharrean; izan ere, norbaitek hari zuzenean erasotzen badio, auzipetua izan daiteke», adierazi du; hain zuzen, Turkian azkenaldian ugaritu egin dira sare sozialetan idatzitako iruzkinengatik eginiko salaketak. Aurtengo urtarrilean bakarrik, 5.000 lagun baino gehiago auzipetu zituzten beren publikazioengatik, eta azken hiru urteetan, berriz, 30.000 pertsona auzipetu dituzte «presidentea iraintzeagatik», Turkiako Barne Ministerioaren datuen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.