Lehenik mezu batekin eta ondoren gutun formal batekin, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak alarma egoera berriz ezartzeko eskatu zion Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari atzo arratsaldean. Iluntzean, eskaerarekin bat egin zuen Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak. Lehen olatuko alarma egoeraren aldean, salbuespen legedi hori erkidegoek kudea dezatela nahi dute bi agintariek. Urkulluren arabera, EAEko Auzitegi Nagusiak Jaurlaritzaren arau bat atzera bota izanak bultzatu du urrats hori egitera, agerian utzi baitu eskumen propioak garatzeko ezintasuna duela. Haren ustez, proposatutako formulak aukera emango du «ahalik eta azkarren» jarduteko, «herritar guztien osasuna zainduz eta koronabirusaren transmisio komunitarioa mugatuz».
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen eguerdiko agerraldia entzun ostean eman zuen pausoa Urkulluk. Ez zien oposizioko alderdiei proposamen horren berri eman. Beste autonomia erkidego batzuetako presidenteei, bai, iragarri zien asmoa, eta arratsaldean, tantaka, zenbait erkidegok bat egin zuten eskaerarekin —besteak beste, Nafarroak eta Kataluniak—. Hain zuzen ere, etzi, Sanchezek bilera telematikoa du erkidegoetako presidenteekin. Zenbat eskari helduko zaizkion zain dago Madril. Ondoren, Espainiako Ministro Kontseiluak aztertu beharko du eskaera, eta Espainiako Kongresura eraman.
19:45 aldera kaleratu zuen ohar bat Nafarroako Gobernuak. Txibite lehendakariaren arabera, alarma egoera «tresna baliagarria» da, eta erkidegoetako osasun arloko arduradunen bileran, herenegun, Nafarroak aldarrikatu zuen lege babes egokia dela beste neurri batzuk hartzeko. «Halako neurri bat erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren artean hitzartu beharko litzateke».
Egun batetik bestera, azkar batean aldatu da pandemiari aurre egiteko testuinguru juridikoa. Urkulluren arabera, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoak behartu du Jaurlaritza erabakia aldatzera: sei pertsonatik gora biltzea «gomendatu» du Jaurlaritzak, auzitegiak ez baitu onartu arau gisa jartzea. Nafarroan, bai, bete beharrekoa da arau hori, Nafarroako Auzitegi Nagusiak babestu egin duelako Txibiteren gobernuaren eskaera.
Irizpide juridiko diferente horren aurrean «kezka» azaldu du Urkulluk. «Neurri bateratuak eta partekatuak hartzea proposatzen dut. Inguruko erkidegoetan ezarri diren neurri batzuk ezin dira hemen ezarri. Egin dezagun bat guztiok». Zehaztu zuen lehen olatuan ez zuela alarma egoera bera kritikatu, «hura kudeatzeko modua baizik». Haren ustez, alarma egoera ezarri behar ez izateko, oinarrizko legedia aldatu behar zen, baina halakorik egin ez denez, formula hori behar da neurriak osorik ezartzeko.
Nafarroako Gobernuak oraingoz ez du arazorik izan Auzitegi Nagusiarekin, baina aitortu du eskumenak garatzeko mugak dituela. Batetik, herenegun indarrean sartu zen foru araudian gobernuko legelariek zehaztu zuten ezin zutela behartu etxe berekoekin soilik elkartzera alor pribatuan —gomendioa da azkenean—. Bestetik, etxeratzeko aukera ere mahai gainean izan du gobernuak, baina ondorioztatu du Madrilen onarpena behar dela.
Kutsatu kopurua azkar hedatzen ari da, eta aurrerago neurri gehiago hartzeko aukera zabalik dago. Urkulluk azaldu du prest dela «tokian tokiko» erantzunak emateko, eta bilakaera epidemiologikoaren arabera, neurrien eragin eremua mailakatu zuen: lehenik, herria; gero, eskualdea; ondoren, herrialdea; azkenik, erkidegoa. Neurriak ere mailatu egingo dira, eta konfinamendua litzateke azken neurria. «Horraino hel gaitezke, baina ez da gure asmoa».
Iparraldean, etxeratzea
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, jadanik indarrean da etxeratzeko agindua, 21:00etatik 06:00etara. Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetak atzo azaldu zuen ordu tarte horretan etxean egoteko aginduak gutxienez hiru aste iraungo duela. «Etxeratze aginduaren helburua da familietan eta gaualdi pribatuetan kutsatzeak saihestea, betiere mundu ekonomikoa errespetatuz». Epe horretan, ostatuek egun osoan ateak itxiko dituzte; jatetxeen artean, berriz, «menu bero bat proposatzeko gai direnak eta orain arte egiten zutenak baizik ez dira irekiak izanen».
Koronabirusa
Erkidegoen menpeko alarma egoera eskatu dute Urkulluk eta Txibitek
Jaurlaritzaren arabera, Auzitegi Nagusiaren azken erabakiak agerian utzi du neurriak hartzeko muga juridikoak dituztela. Espainiako Gobernuak etzi aztertuko du eskaria erkidegoetako presidenteekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu